Haragizko amoreak
Haragizko amoreak
2010, poesia
88 orrialde
978-84-92468-17-1
azala: Joseba Barrenetxea
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

USAINAK

 

Gomuten bidea dira usainak, ama.

Aholan jatortaz amumarenak

soloan barrena zintz eta zintz;

kresalaren altzoan barriz

dantzan dabilz umetako olgetenak datoz.

 

Orduan ez nekiana

hil egingo zirana

amuma eta umea.

 

Usainak, ama, gomuten bidea dira.

Aholan jatortaz portuko eguzkitan

arrain fabrikea, gasolinea, osabea

eta katu kaleko gernuetan igartea

mundua misterio zala artetan.

 

Orduan ez nekiana

fabrikea itxiko ebena

hil egingo zinana

 

Ama, usainak, gomuten bidea dira.

Aholan jatortaz erropak eskeikeran

neure eskuetan orduko zeureak;

beti edo ia beti lixibearena

behin edo behin amodioaren isuriena.

 

Orduan ez nekiana

eskuetako usainatoko batzuk

aittaren haziarenak zureakaz batera zirana.

 

Ama, gomuten bidea dira usainak.

Aholan ba ezin dot plantxan egin

lurrunak zure akordua ekarri barik;

negarra etorten jat lixibea usaindueran

eta amodioaren ostean be batzutan, ama.