Aurkibidea
IPUINETAKOA
Zapata bustiak kendu barik
halaxe etorri ohi zinen
Cinderella
printze zitalen konpainiatik:
gau-zuloetako dantzaldiak amaituta
hamabiak aspaldi jota
umezurtz
atean deika.
Ilean euri fin izandakoaren kea
birikietan belarraren errea
irina sudur errotetan ehota
eldarnioz begi ikatz ederrak
odolean alkoholaren gardena
hortzetan nerabe galduaren barrea:
ostatu eskatzen zenidan
Cincenta
psiko-alkimia guztien jabea.
Rimbaud Parisen bezain hordi
nire gorputzean galtzen zinen
Cendrillon
labirintoan hegoaren bila
etsipenez
erruduntasun barik nire isuria
adatsean azalean denean
halaxe hartzen zintuen loak
semenaz ase
ezin bestela
Cenerentola.
Hordien Ontzia izaretan topaturik
nabigazioari ekiten zenion
Cenicienta
eta munduko ipuinetako mamuak
etorri bide zitzaizkizun
ozen egiten zenien-eta berba
lo-edo
endelegatzen ez nituenak esanez
zure adats eder pre-rafaelistak
nire larruazalean laku ilunarena
egiten zuelarik
oi alkimiaren maistra.
Erdi itzarrik eta jagi orduko
gaueko labirintoaren atea bilatzen zenuen
berriro nire larruazalean
eta ni zure lakuko ur ilunetatik irten ezinik
plazerez irato ohi ninduzun.
Zapata bustiak ordurako lehorturik
gosaltzeko ezer hartu barik abiatzen zinen
belar hordigarriaren kea berriro birikietara bidean
izaretan errauts fina utzita
eta errautsetan galduta
tanga
lehoinabar larruaren airekoa gehienetan
Errauskine
Cinderella
Cincenta
Cendrillon
Cenerentola
Cenicienta
ipuinetakoa.