Aurkibidea
ERRETZEARI UTZI
Erretzeari utzi behar diot holako egunen batean
zure suteetan erretzeari esan nahi dut, izarek gero
izerdi hotza eragiten baitidate, ospitaleko pasilloan
ebakuntzaren baten zain itxaroten banengo legez.
Ez zaitut maite-eta, badakizu, maite ez zaitudala
esatea, erretzeari, tabakoa erretzeari nahi dut esan,
hori esatea, ez zaitut maite, tabakoari uztea baino
askoz gaitzagoa da, gaitza, maite zaitut lehenengoz
esatea baino askoz ere gaitzagoa, malkoak eta
ez dira-eta izango maite zaitut lehenengoz esatean
izan zirenak.
Ez zaitut maite, gero zure besoetan erretzen banaiz ere.
Tabakoa erretzeari utzi beharko diot ba, ea ausartzen
naizen ez zaitut maite esaten eta zure besoetan erretzeari
uzten diodan, ez daitezen izarak gero nire izerdi hotzaz
busti, ez dezazun esan, zer duzu, maitea, eta ezer ez, nik,
gauari aurre egiteko zigarroa isiotzen dudan aldi berean.
Erretzeari utzi beharko zenioke, diostazu orduan eta bai
erantzun nik, esan beharrean, bai, erretzeari utziko diot,
ez zaitut maite,
larruaren errearen ostean
ospitaleko pasilloan ebakuntzaren zain banengo legez
sentitzen naiz. Ez dakit ulertuko zenukeen suaren ondoko
nire izerdi hotza. Zelan ba, maitea, erretzeari utzi.