Aurkibidea
HATOR ENE ALBORA
Hator ene albora, Lidia, erreka ertzean jesartzera.
Soseguz begira diezaiogun haren igaroari eta ikas dezagun
bizitza nola badoan, eta ez gauden elkarri eskua hartuta.
Ricardo Reis
1914
Hator ba, Lidia, ene albora
etzan hadi zabal eta esadan
nahi ote dunan
errepasa dezagun
gure espeziearen Historia Naturala.
Haginka nazan besoetan
lepoko zainetan
arrain ere izan ginela gogoan
haginka nazan xorrotx
busti nazan eta jan.
Akorda gaitezen gorputz berean
ar eta eme ez ote ginen izan
egidan titiburuetan laztan eta esan
dardara hau ez al den
espeziea bezain antzestrala.
Senti ezan narrasti izan gineneko
kilika hotza ornoetan behera
senti haien isatsa dugula guk ments
egin hortxe ba mun eta pa
eta segi ezan aurrera.
Erakuts iezazkidan oinak
utzi ezpainetan hartzen behatzak
eta alda gaitezen Historia Naturaletik
Mitologiara, Lidia, eta esadan ez ote hintzen
inoiz lehenago lamia izan.
Lurra haragia lez ikaraz
jo dezagun Mitologiatik Geologiara
esadan su hau gura duena
zain meheenean kanpora egin
ez ote den kosmosaren magmaren isuria.
Ene, Lidia, errepasa dezagun
espeziearen Historia Soziala
esadan elkarrengandik erauzi ezin hau
ez ote den ugaztun huts izan gineneko
gau luzeak utzi digun izuaren izua.
Eta azkenean mintza gaitezen
teknologia berriez
errepasa ezan telefono-agenda
eta esadan, Lidia, noiz garatekeen berriro
elkarrekin ikasten segitzeko eran.