Aurkibidea
 
NINFA ASKEAK
 
Eta Graziana Barrenetxeak, akelarreko erreginak,
zera dio, haren [apoaren] usaina...
         Zugarramurdiko jendeei egin sorginkeria-auzia
         Logroño, 1610eko azaroa
 
Horko aterpe itzaltsuan, kolegiotik ez hain urrun
askeak diren Ninfek Lesbos basokoak dituzte
beren artean saiatzen, elkarren biloetan laztanka
bilatuz sagarraren azukre errea, gerezien azal gorria eta
                             okarana,
non den eurek dakiten, beste inork ez dakien
                             okarana.
 
Halaxe ote ziren ba Graziana, larreak, landak eta
zelaiak zeuen barreez bete, Graziana, elkarren
besoetan jausiz eta bilatuz eta listu laztanez igurtziz
                             okarana,
errearen gorriena den haragizko okarana,
                             Graziana.