Aurkibidea
SABAKO ERREGINA
Zure urratsak zeinen diren ederrak,
errege alaba, zure oinetakoetan! (...)
Zure begiek iduri dute Hexbongo arraintegiak,
oste-alabaren atean direnak.
Kantiketako kantika
itzul: Jean Pierre Duvoisin
1859
Behatz azalak more, oinak agirian,
orkatiletan perlak, soin luzean praka
zuri harizkoak eta likrazko jaka,
Sabako erregina autobusaren zain.
Ilea leporaino luze, farfailak gingiletan,
mp3a edo 4a belarrietan joka
dance, house, reggae, indie, ala chill-outa?
Sabako erregina lanera bidean.
Apaletan aukeran prezio merkean
espezieak, tea, perfume usainak;
doan haren irriak, zein eder ezpainak,
Sabako erregina super merkatuan.
Kutxako ilaran ni, eta beste aldean
bera, uniformean izena ageri da,
oker ez banago, Anny G. Makeda:
Sabako erregina, kajera lanean.
Beste esklabo bat ba, esklabo katean,
begiz laztantzen dut goizean bezala
eguna amaituta berriz dagoela
Sabako erregina, autobusaren zain.