Haragizko amoreak
Haragizko amoreak
2010, poesia
88 orrialde
978-84-92468-17-1
azala: Joseba Barrenetxea
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

TRAIZIO EGITEN EZ BADIT

 

Andra Mariren batena izena

—Bego, Esti, Itziar, Iratxe,

ez dut argiegi gogoan—.

Iragan loriatsuen halako lurrin bat zerion

abizenari —hori gogoan badut ere

hobe hemen ez aipatzea—,

sortetxeak Ameriketako larre zabaletan

oihan sarrietan ibai lodi laster handietan

armarria ei zuela-eta irabazia.

 

Halaxe ba ohean etzatekotan bera

kriskitin egin zuten lepoan zeramatzan

gurutzeek eta lauburuek

haren barreen mende dantzan;

Doradoko urrezkoak ziruditen

belarrikoak erakutsi zizkidan, baita ere

Maiek edo, Aztekek edo, holakoren batzuek

—ez naiz Arte Prekolonbinoan aditua—

jantzi ohi zituztenen taxuko eskuturrekoak;

hatz gehienetan eraztunak eta zigiluak,

oinetako batean zilarrezko katea zerabilen eta

narrastiren baten tatuaiatxoa zeukan

besteko orkatilaren inguruan

—ez ditut muskerrak eta sugandilak bereizten—.

 

Gero, edo ez hain gero,

biloak non diren ikatzezkoak

eta ikatza hatz mamiez ukitzean

ileguri —blue velvet—

zelan bilakatzen den irakatsi zidan;

endelegatu nuen haren abizenaren iragana, bai,

Manilako galeoikoak ziruditen espezieak zein

Karibekoen pareko fruituak aske eta

ondo bustirik dasta nitzan

                                        eskaini baitzizkidan.

 

Haren arbasoen Amazoniako mirarizkoak gogoan,

nahiago nukeen anakonda bilakatu izan banintz

—ez larrutarako, haren gorputza metalekin eta

denarekin osorik irensteko baino—.

Zirauna besterik ez nuen baina

—eta bera ez harentzat lain beharbada—.

Bada, emearen indarrak-edo erakarri zituen

izakitxo haiek ohearen abarora

—satorrak, inurriak, urubiak, kirikinoak,

                                  nik dakit ba zein ez—

lurralde urrunetako jangarrien eta isurien

ederraz ni neu legez mira eginik guztiak.

 

Agurrean huntzorria utzi zidan ezpainetan antza

ahoa inurriz bete zitzaidan-eta,

satorrak berriz betazpietan geratu zitzaizkidan

                                                  —bietan bina—

gauero ager daitezen bizirik irauteko behar duten

argi ñimiñoa haren begietan bilatzera

inoiz holakorik ez topatzeko bada ere

—ez gara elkarrenera berriro itzuli,

eta pospoloak pizten dizkiet betzuloetan ditudan

urubiek u eta u egiten dutelarik—.

Belarriak zerez bete zizkidan ez badakit ere,

eztitasunezko kili-kiliak aditzen segitzen dut.

 

Utzi zidan espezien usain iraungi

                                        ezinezkoarekin batera

kirikinoak dira orain problema

                                      (kasik negarrez diot hau)

ez didate-eta bihotzean

                —hortxe bizi dira, bai—

                                                    bakerik ematen.

 

Mariren habekoa zela esango nukeen,

                        baita lepoa egingo ere,

Anboto mendiko babespean izan balitz

—zein beste mendi mitologiazkorik dugu, ba?—

eta ziraunarekin josta ibili zenetako batean

behatzak banan-banan ahoan hartu ez banizkio.

                    Ahate oinak bereizten badakit-eta.

 

(Honetan oroimenak traizio egiten ez badit

Zazpi Kaleetan izan zen, udazkenez.)