Haragizko amoreak
Haragizko amoreak
2010, poesia
88 orrialde
978-84-92468-17-1
azala: Joseba Barrenetxea
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

HIRI SETIATUA

 

Antzinako hiri gotor haietako

edozein bezalakoa dirudit, setiaturik.

 

Zainetako murailetan izan beharreko

balizko ia sei milioi burdinazko gerlarietarik

hematie deritze orain, lehen globulo gorri

hirurehun milaren batek desertatu egin du,

nork daki nora. Zainetako murailetatik, bai.

 

Murailetan euretan bertan behera utzi duten

txatarrak —ferritina deritzo, burdinari lotua baita—

erruz gainditzen ei du edonoren odolari

kabitzen zaiona. Gainera, VCM eta HCM

izeneko legioetan —arrotzen hizkuntzan

mintzo dira horiek, besteak legetxe— itzelak jazo dira.

Zorionez, CHCM, RDW eta VPM izenekoetan

antza dena dabil bere ohikoan, oi legioak!

 

Leukozitoen artean ere bere eragina izan du

urteetako setioak; hala da ze,

segmentatuen artean batzuk ments

eta linfozitoen ilaretan zenbait soberan

dira, hor nonbait. Eta horrela bada,

murailak ganoraz defendatzerik ez, otoi!

 

Badiot, zainetako murailak setiaturik, hiriko

esparruan ere ez da besterik anabasa baino.

 

Behinolako egun loriotsuetan

guztion poza izaten zen gai gozoa

—artean sukrea zeritzoten, gaur ostera

glukosa— erruz zabaldu da,

irudi duelarik erle mendekatien izurria dela

hainbestekoa eta hain ahulgarria baita.

 

Eta zer esan gure goseteetan aringarri

izaten genituen koipeez —triglizeridoez

ez bada ere esparruan bizi diren besteen

oinei labaingarri eta arrisku zaizkiola eta

hiriaren beraren bihotzari mehatxu

egiten diotela besterik? Deus ez!

 

Anabasak anabasa, badira gero esparruan

zer dela-eta hain ugaldurik ditudan ez dakidan

beste jende batzuk, hala nola

GT-Gamma eta ALT/GPTV giltza-izen

arrotzen azpian ezkutatuak bide direnak.

Halaxe bada, harrigarri ote zaio inori

gernuari ere erneguz begiratzen diodala

esaten badut? Horretan ere aieruak omen.

 

Ez da bakerik, ez, orain naizen hiri setiatuan;

ez murailetan, eta ez esparruan.

 

Setioaren berri dakarkidan gutuna

luzatu didalarik, hiria utzirik mortura,

mortura!, egin dezadala aholkatu dit

ene mediku andereak, Markina aldeko

euskara txit garbian. Han, mortuan,

antzinako hiririk berreraikitzerik balego moduan.

 

Bada, gutuna tolestu barik atxiki dut

bestela eginez gero hiri setiatua betiko

gal zitekeelakoan edo. Kalera bidean

berriro begiratu dut izkribu sakratua:

gorriz dakartza ohiko datuak, formulakoak;

beltzez, ostera, niri beste inori ez dagozkionak.

 

Goizeko hozkirrian kresala usaindurik

autoan laga dut gutuna, tolestu barik!,

eta gero ene oinek portura eroan nazaten

utzi dut, eta halaxe ikusi dut itsaso zabala

bere uztai engainagarriaz estuturik

eta halaxe egin dut amets hiri setiatutik

egin nezakeela halako batean, nahita, alde.