Aurkibidea
KRESAL HAIZEA
A.ri
Gurean laranjak, limoiak eurak ere,
guztiz ondu barik eta berandu datoz.
Hala da ze, egoten utzi behar zaie,
zabal-zabalduta egoten. Hogeiren bat egunean.
Orduan, azala zimeldurik ageri arren,
barruz, mamiz, eztia baino erleen zerago
bihurturik, hatzak ere jateko moduan
izaten dira. Gurean behintzat.
Halaxe diostazu, zeure ezpainetara begira
nauzun artean, eta horretan
zein metafora dagoen geratzen naiz.
Eta azkenean urteek gozatu dizuten ezpainotan
laranjak eta limoiak —goikoan laranjak,
behekoan limoiak, txandaka—
kresalaren altzoan etorri diren
laranjak eta limoiak dituzula
pentsatzen dut. Metaforarik gabe.
Kresal haizearen altzokoa baitzara.