Aurkibidea
Noiz datorren Momo
Zurekin hitz egitea oihanera itzultzea da
Astelehenean eztanda egin zuen bizitzak
Gaua oraindik bataila irabazi barik
All songs recorded live in autumn, 1997
Margarita bortitzak eta uterora itzuli
Bizitzaren jabetza gorputzen gain
Inperio garaia
Fortunak ez ditu ausartak laguntzen
Atzeko atea
Aurkibidea
Noiz datorren Momo
Zurekin hitz egitea oihanera itzultzea da
Astelehenean eztanda egin zuen bizitzak
Gaua oraindik bataila irabazi barik
All songs recorded live in autumn, 1997
Margarita bortitzak eta uterora itzuli
Bizitzaren jabetza gorputzen gain
Inperio garaia
Fortunak ez ditu ausartak laguntzen
Atzeko atea
ZERGATIK HAIN URRUN EGIA
Txori itsua elurraren gainean izozten denean
zoriontsua da.
Zoriontsua da beste aldean zerbait lapurtu
eta honaino ekartzea lortu duelako.
Nik ere eskuak airerantz zabaltzen ditut
eta min ematen didate.
Nostalgiara bidean apurketa bat dago garenaren eta
izan nahiko genukeenaren artean.
Barrikadaren alde honetan ez dugu etorkizunik.
Beldurra despistatzeko kafea egiten dugu
eta loreen irinarekin koloreztatzen dituzu masailak
eta nik bizi guztia daukat zuri buruz idazteko.
Begiratzen dizun inor ezin da lokartu.
Isiltzeko eskatzen dizut eta musukatu egin nahiko zintuzket
egiten duguna eta egin beharko genukeena
ez daitezen inoiz gehiago gauza bera izan.
Ideia inkonexoak etortzen zaizkit
sexuari edo trenei edo whiskyari buruz
baina begiak itxi eta lokatza da dena berriro.
Tristuraz inflamatuta nabil.
Horregatik da nire haragia argizarizkoa
eta nire poesia betilez betetako poltsa bat.
Esan dizut behin baino gehiagotan
gaur egungo stakhanovismo literarioaren aurka nagoela.
Oraindik bihozkadetan eta sinestesian sinesten dut.
Horregatik entzun dezaket haizea ez dakit zeren bila.
Horregatik usteltzen da ume bat nire barruan.