Anemometroa
Anemometroa
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-85-0
azala: Kenneth Noland
azalaren diseinua: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2009, poesia
2002, poesia
 

 

KRETAN IDATZIA

 

Zuon estatuak botatzen ahaleginduko gara beti

baina horrek ez du esan nahi

borondatez egiten dugunik.

Gure hizkuntzan guduak

beste era batera kontatzen dira

eta ia beti irabazle atera ohi gara.

Estua da gure hiria itsasertzean

ahula gure flota

baina badakigu ausartak izaten,

badakigu gure hilobiak omentzen.

Ez dio ardura nondik zatozten

edo ze mezu dakarzuen.

Gudu zelaia berdin bihurtuko da

infernurik beroena

denontzat.

Horregatik bidali dizuegu mezulari hau

papiro honekin.

Arrantza, garia eta dantza maite ditugu

baina badakigu oinazea jasaten eta zabaltzen,

zuon emazteak alargun utziko dituzue hona bazatozte

zuotako bat soilik itzuliko da

hemen ikusitakoa konta dezan

bake garaian uzta zaintzen duten jainkoek

armak hartuko dituzte

eta sua eta ura

amilduko dira.

Zazpi ilargi iraungo ditu zigorrak.

Erretira zaitezte.

Sentitzen dugu baina ezin dugu

txikiagoak izan,

bestela historiaren galbahetik behera

eroriko gara.