Anemometroa
Anemometroa
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-85-0
azala: Kenneth Noland
azalaren diseinua: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2009, poesia
2002, poesia
 

 

AMETSETIK ITZULTZEAN

 

Eguzkiak iluntzetan erreka azpia urrezko txanponez

betetzen duela dirudien arren

harria baino ez da altxor hori.

Antzerako zerbait gertatzen da gurekin

ez al gara gu ere azken batean gezurra

ez al da materia hasieratik gorotza

jakin nahi zaitut

gauetan aldez alde gurutzatzen nauzunean

jakin nahi zaitut

sakonago

azalpen garbienean

irudimen ariketa pasiboena zara eta hala ere ez zaitut

dudan jartzen

harik eta iratzarri arte.

Egia esan bizitza baino sinesgarriagoa zara

zati txikienean zarelako osoa

ez dirudi nigandik sortu zarenik ere

eta bueltan ezin dut gogoratu paisajea

apurtu egiten zara hostorea bezala

izan dudan irudi bete hori eramanez

hondoratuz subkontzientearen putzu lehorrean

esku artean geratzen zaidalarik izpi ahulena

imajina anekdotikoena

souvenir tristea.

Negarrez hasten naiz ez dudalako

errealitatearen alde honetan geratu nahi

lo nagoenean mugara eramaten nauzu

lo nagoenean ez dut iraganik eta etorkizuna

suma dezaket

amama ikusi nuenean bezala txakurkume hila

eskuetan zekarrela

edo erlea granadari segurtagailua kentzen.