Anemometroa
Anemometroa
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-85-0
azala: Kenneth Noland
azalaren diseinua: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2009, poesia
2002, poesia
 

 

POEMA HIDRAULIKOA

 

Euriak tap tap tapatzen du

asfalto hotza.

Airea josiz tantak lainoetatik argazkira.

Telefono kabinetan ahotsak usteldu egiten dira

zenbaki hura gogoratu ezinik.

Zure irudimena baino ez da emakume horren

aterkia. Emakume horren irudimena

zure aterkia baino ez da izan.

              Baina ez, ez dago zu.

              Eta seguruenik ez zaude bera.

 

Beharbada emakume hori ezagutzen duzu

segundo zahar bat itzuli denean bere titien erpinak

zure lepoaren kontra daudelako

eta gatza

              gatza mingaina besapetik irristatzean

orain dela hamar urte edo datorren astean

zango labirintiko bi hiru lau

zaldi zoroak zaunka eta eztanda

kolibria eta lorea eta Eros hatxixa banatzen

eta azal bat non edan non lo egin non kanpatu

orgasmoa/elektrizitate deskarga

              bukatu da

akzidentala zeharo noiz emakume hori

taxitik irten da

              rantz doa

              raino helduko da

edo maite izan zaitu etorkizunean

soldadutza garaian ezagutu zenuenean adibidez.

 

Gerta daiteke baita ere zergatik ez

zuri itxaroten egotea

zure abizena idatzita edukitzea pospolo-kaxa batean.

Batzuetan jantzia lisatzen diozu

eta zure emaztea da.

Hain da elastikoa denbora

non aterkia itxi bezain laster

emakumea desagertu egin baita

begiratzen ez dizun zerbaiti begira utzi zaitu

eta gogoratu zara ez zenuela inoiz soldadutza egin:

emakumeek ez dute

soldadutzara joan beharrik.

 

Parkean elkar besarkatzen ari den bikote horri

aterkia haizeak daramakio.

Zu izan zaitezke edo ez

hiruretako bat.