Anemometroa
Anemometroa
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-85-0
azala: Kenneth Noland
azalaren diseinua: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2009, poesia
2002, poesia
 

 

MEMORIA BIDALI NUEN ZURE BILA

 

                                Eta zuk jakin ez arren, nik ikusi zaitut

                                atea gurutzatzen ezetz esan gabe.

                                                        Luis García Montero

 

Memoria bidali nuen zure bila

eta ezin izan zintuen osorik aurkitu.

Zure ipurmamiak ekarri zizkidan

                  zure ahotsa

                  zure saihetsen arkitektura.

Egia esan nahikoa nuen horrekin.

 

Ohe imajinarioan etzan zintudan.

Irribarre bat jarri nizun.

Denboraren hari finetik tiratzean

ilea askatu zitzaizun.

Ezin dut esan aingeruen sexua zein den ez dakidanik.

Beste zerbait musukatu nuen,

arinagoko zerbait, baina

berriz errealak ematen genuen gezurraren erdian.

 

Ni han nengoen orduan.

Zu ere han zeunden askoz lehenago.

Memoria bidali nuen zure bila

eta ezin izan zintuen osorik aurkitu.

Begirada barik begiratzen zintudan.

Abisurik gabe belar hezeekin erre zitzaizkidan sorbaldak

eta ustekabeak mila aldiz biderkatu zuen

odolaren zoriona.

Gau desberdinen mosaikoan zeunden

ni bezain presente zu

azkenerako ezin zen bereizi nork asmatzen zuen

noren irudia. Nor isurtzen zen

noren barruan.

Kronologikoki izerdi hura ez zen gurea

baina izaretan zegoen.

 

Loak hartu gintuen.

Iratzarri nintzenean goizeko hamarrak ziren

eta argi zegoen guztia.

 

Oso argi.