Anemometroa
Anemometroa
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-85-0
azala: Kenneth Noland
azalaren diseinua: Borja Estankona
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2009, poesia
2002, poesia
 

 

URRIAK 1 MOMENTU FINKOA

 

                                Gisèle-k ezin aldendu du hilobi artean

                                pasiratzeko gogoa.

                                                    Ramon Saizarbitoria

 

Laztandu zuenean

ez zen laztan bat izan.

Laztana bere balio plastikotik harago eramateko

ahalegina izan zen.

Absolutuen bilaketan sinplifikatu egin zen

keinu hura

erregu hura.

Koleoptero beldurti bat ematen zuen

izara azpian ezkutatzen zenean.

Gisèleri hankapeak hatsarekin berotu zizkion

barkamena eskatzeko modu arkaikoenean eroriz.

Zelan edo halan ireki egin nahi zuen

bere barnean edo urrunago

zegoen atea.

Gisèle maite zuen arren

kanibal baten ondoan lo egitea zen.

Hori.

Kanibal baten ondoan lo egitea.

Azukrezko torre batetik burua botatzea.

Tuberkuluen indiferentzia baino ez zion eskaintzen

arnasa isil harekin ametsetan ari zen Gisèlek.

Noski beraien egoera orijinala ez zela hura

baina elkarrekin egon nahi bazuten

ezin zuten gela berean bizi.

Bazekien ez zela traizioa baina

gutxi falta zitzaion.

Betiko egon nahi zuen gasolindegian edo estazioan

Gisèleren zain.

Norbait etorriko ez bazen Gisèle izatea

ez zetorrena.

Airea ez da ezer eta haizeak ostera dena

daramana.

Hain bistakoa zen ilearen agor usaina...

malkoek jolas kaleidoskopiko politak sortzen zizkioten

begien aurrean:

koadroak heze zeudela zirudien

lanparek arrainen sabelen distira itzultzen zuten.

 

Betirako ziren biak.

Seguruenik betirako ziren biak

eta barre egin zuen.

Kanpoan baina urrun

plastikozko lainoek nekez bultzatzen zuten denbora

egunsentirantz.