Aurkibidea
Noiz datorren Momo
Zurekin hitz egitea oihanera itzultzea da
Astelehenean eztanda egin zuen bizitzak
Gaua oraindik bataila irabazi barik
All songs recorded live in autumn, 1997
Margarita bortitzak eta uterora itzuli
Bizitzaren jabetza gorputzen gain
Inperio garaia
Fortunak ez ditu ausartak laguntzen
Atzeko atea
Aurkibidea
Noiz datorren Momo
Zurekin hitz egitea oihanera itzultzea da
Astelehenean eztanda egin zuen bizitzak
Gaua oraindik bataila irabazi barik
All songs recorded live in autumn, 1997
Margarita bortitzak eta uterora itzuli
Bizitzaren jabetza gorputzen gain
Inperio garaia
Fortunak ez ditu ausartak laguntzen
Atzeko atea
URRIAK 3 MOMENTU EBOLUTIBOA
Mundu bat zen berez sekula amaitu
nahi ez zen musu hura.
Jon Mirande
Lo egitea egurrezkoa da.
Gau osoa arrainak pizten
eta igelak eranzten ibili ondoren
iratzargailuak jo zuen
eta begiak erne zitzaizkien.
Gisèle ohe puntan eseri zen
amildegi hura, limite hura haztatuz
eta Gisèle lepoz sano ederra zela erabaki zuen.
Sano ederra.
Goizaldea gelara sartu zen
bere dantza konpainiarekin.
Atsegina zen Gisèle lepoz ikustea.
Gisèle ikustea.
Laztandu egin zuen
modu berri batean hala ere
tertziopelozko grabitate baxu batean
ilargitik heldu zaizkigun
irudi bakarretan baino astiroago.
Irribarre dardaratiz musu eman zion
sorbaldako puntu arbitrarioenean
eta bat-batean ezpainak
klarionez bete zitzaizkion
eta bat-batean bezperako tristura itzuli zen
izututa
besoekin inguratu zuen Gisèle tximistorratza
aingira elektrikoa
guraizezko azala.
Bilatuz
kaimanen hazitegi bat aurkitu zion pubisean.
Isiltasun polizial sakon hartan
gelako gauzek esanahi inmediatoa galdu zuten.
Petrolio orbanaren erdian Gisèle
argazkietan sutan harrezkero
eta milaka metrora Miguel Hernández ziegan
edo katuen bizarrak basamortuan
kontrabaxuetako hariak ziren.
Ilea miazkatu zion negarrez,
harriak miazkatzen diren antzera.