Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
aurkibidea
 

 

27

 

 

Eskuen artean hartzerakoan, epel sumatu du Anak. Beilatokiko langileak eman dion pote berde ilunari begira geratu da, zer egin ez dakiela.

      Rakel eta aita haien portalean utzi ostean, tabernara itzuli da, hain goiz esnatu izanaren nekea bereak egiten hasita.

      Txukun dauka tabernako sarrera, kanpoaldean harrizko jardinera pare batekin. Pentsamendu more eta urdinek bizirik eusten diote oraindik; laster hasi beharko du begoniak sartzen. Barruan, telebistako futbol partidari adi daude hiru bat gizon, bi emakume gaztek umeei askaria eman bitartean. Umeek latatan datozen gominolak eta fruitu lehorrak nahi dituzte, eskean ari dira makinara gerturatuta.

      Vita sukaldea garbitzen dabil.

      “Zer moduz eguna? Non dago umea?”, galdezka sartu da Ana, ia barkamen eske. Vitak, ezer erantzun aurretik, Anaren larruzko poltsara bota du begirada, pote berdearen epeltasuna sentitu izan balu bezala.

      “Goian dago, erdi lo utzi dut. Tortilla punta bat ere jan du, seinale ona”. Vitak ez dio begirik kendu poltsari oraindik. Anak beti pentsatu izan du oso barrutik irakurtzen duela Vitak jendea.

      Hirugarren gelako atea jo du, gozo-gozo. Zabaldu duenean, ohean aurkitu du alaba txikia, begiak itxita eta masailak gorrituta. Sarritan egiten ditu lo plantak amaren aurrean, baina oraingoan Anak ez du haurraren loa proban ipini nahi izan. Telebista txikiko marrazki bizidunei bolumena jaitsita, atea erdi zabalik utzi dio.

      Pentsioko igogailuaren ondoan egurrezko mahai bat dauka. Hantxe pilatzen ditu zenbait oroitzapen txatal, lore lehorrez betetako pitxer baten inguruan. Filmazioetako bi argazki jarri zituen, bata Tunisiakoa, gamelu gainera igota pozik ageri dena, etxe zurien bitarteko kalexka batean; bestea ekoiztetxeko bulegoan ateratakoa, bekokian zapi arrosa kiribildu bat, idazteko makina mahai gainean eta paperak nonahi, atzeko leihotik eguzkia sartzen dela.

      Bere alabaren iazko argazki bat ere utzi zuen bistan, Cambrilseko ur-parkeko txirristan ateratakoa, eta Vitaren seme txikiaren bat ere bai, hortz eroridun irribarrea erakutsiz. Aita bere idi parearekin, txabola aurrean aterata. Neba-arreben Gabonetako mahai bueltako bat Anaren taberna ireki berrian.

      Migel, Rakel eta hirurak ageri direnari urre zahar koloreko marko deigarri bat jarri zion.

      Argazkian hirurak daude alkandora zurizko, bera amerikana berde argi batekin, Rakel arrosaz, eta Migel zeru koloreko beste bat jantzita. Estudio batean egindakoa da. Ana sofan eserarazi zuten, eta atzean zutik kokatu zituzten beste biak, bakoitza alde banatan. Rakelena da irribarrerik zabalena. Migelek lotsatua dirudi, txantxaren bat egin osteko aurpegiera bihurria ageri du. Deitu beharko lioke noizbait, aspaldian ez dauka bere berririk.

      “Ama! Gauza batekin gogoratu naiz, oso barregarria”. Hirugarren logelatik ile harrodun burutxo bat bistaratu da, sukarrak goritutako begi beirakarekin.

      “Oraintxe kontatuko didazu, laztana”.

      Pitxerrari atzerantz sakatzerakoan geratu den hutsunean jarri du errautsen potea, hainbeste jende irribarretsuren artean, bere ama berde ilunezko eta isila. Leihoa erdi zabalik utzi dio, errezel zurixkek kanpoko giroaren berri eman diezaioten, eta lanpara luzea piztuta.

      “Ondo al zaude, bihotza? Ba al daukazu goserik? Meriendatuko al dugu zerbait?”.

      Umea besarkatu, eta ezpainekin hartu dio bekokiko tenperatura. Korridoreko argi nagusiak itzalita, sukaldera bidean galdu dira ama-alaben ahotsak.

      Bosgarren gelatik gizonezko batek eztul egin du.