Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

18

 

 

Ospitaleko kafetegian ikusi dute Ana, Gloriatik joan zenetik aurrenekoz. Bi trentza luze sorbaldan behera, eta niki berde bat, Migelek ezagutzen ez duena. Bekokia bustita sartu da kafetegira, mahai bakanetan aurpegi ezagunen bila. Rakel eta Migel dauden txokora hurbildu eta ahizpa besarkatu du aurrena. Rakelek ez ditu eguzkitako betaurreko handiak kendu nahi izan arratsalde osoan. Ana ere egonezinak hartuta sentitu du Migelek, ez ohi bezain berun.

      “Zer gertatu da?”.

      Migelek mostradoretik entzun du lapikoren bat lurrera erortzen. Sukaldean sartu eta Bizenta ikusi du zerraldo erorita, lapikoko lekak eta patatak eta salda inguruan, konorterik gabe. Migelek jauzi egin, eta lurretik jasotzen saiatu da, putzu irakin hartatik baztertzen behintzat. “Bizenta, Bizenta”, esan dio, bi eskuak masailetan, baina erantzunik ez, eta Rakel sukaldean sartu denean dena lehertu da. “Deitu Anari, deitu Mireni, etorri, aita, etorri”, baina Migelek anbulantziari deitu dio hormara itsatsitako telefonotik.

      Patxi agertu da segituan, emaztearen begi zurietan harrapatuta, eta tabernako zenbait bezero ere bai, sukalderaino sartu direnak alarauka, elkarri galdezka ea medikurik ba ote den haien artean, elkarren arropei begira sumatzeko ea medikurik baden haien artean. Hiru gizonek altxatu dute, eta sukalde erdiko altzarian etzan, traste denei bultza eginda. “Deitu Anari”, eskatu dio Rakelek, eta Migelek Anaren pisuko zenbakia bilatu du paretako zerrendan, azken zenbakia, berriena, garbiena oraindik. Ez du inork erantzun.

      Anbulantziak ez die senideei barrura igotzen utzi, eta espaloian geratu dira Patxi, Migel eta Rakel. “Zoazte zuek nire autoan, nik German itzuli arte itxarongo dut, eta itxiko dut hau”, esan die Patxik, eztarria hartuta. “Deitu Donostiatik, heldu bezain pronto”.

      “Sukar igoera bat izan dela esan du medikuak”. Migelek hartu du hitza, Rakelen eskua laztandu bitartean, bere partez ari dela esateko. “Orain egonkor dago, baina proba batzuk egin behar dizkiote”.

      “Inoiz ez dute asmatuko zer daukan”, esan du Anak.

      Ospitaleko kafetegiko soinuak desberdinak dira, jendea desberdina da, kikarak arraroak, pintxoak lehorrak, hormak urdin argiak, eta mendi elurtuen argazkiak dauzkate esekita, kolorea erdi moteldua denek ere.

      “Taberna itxi beharko da ama hemen dagoen bitartean”.

      “Mireni eskatuko diogu etortzeko”.

      “Mirenek ume txiki bat dauka, Rakel”.

      Isilik geratu dira, inork ez dauka eztabaidarako behar beste indar. Medikuak esan die ospitaleratzea zenbait egunez luza daitekeela; txandak egin beharko dituzte ahizpen artean, eta Migelek ez daki zenbateraino dagokion mahai honetan egotea. Komunerako aitzakiarekin, kanpora irten da.

      Atarian jendea joan-etorrian dabil eguzkipean, azal zuriak, begi horiak, karez estalitako besoak eta hankak. Batzuek bere anaia gogorarazten diote, eta ez die gehiago begiratu nahi izan. Hiria zabalik ikusten da ospitaleko muinotik, hau ere alboetatik nasaitzen. Garabiak etxeei tiraka. Trumoi-adarrak itsasotik.

      Taxi batetik irteten ikusi ditu handik gutxira Patxi eta German, beraien pausokera berezia ohi baino bereziago. Erreguzko begiekin begiratu diote Migeli, eta ahal bezain argien eman die Bizentaren egoeraren berri. Ordu erdira kanpoan zeuden denak, hala ere. Medikuek emakumea zaintza berezietan uztea hobetsi dute; ez omen dute bisitarik onartuko biharamuna baino lehen. Patxik autoko giltzak eskatu dizkio Migeli, eta aparkalekurantz joan dira bostak. Rakelen eta Anaren besarkada luze baten ondotik abiatu dira herrirantz, isilik, euri tanta geroz eta sarriago batzuen azpian.

      “Eguraldi honekin kantinetako esnea mintzen zitzaigun asto gainean”, esan du Rakelek kopilotuaren eserlekutik. “Amak gorroto du trumoi giro hau”. Eguzkitako betaurrekoak jantzi ditu berriro, burua kristalaren kontra jarrita.

 

 

Goizeko lehenengoetariko trena hartu dute Donostiara, Anarekin gosaltzekotan geratu direlako portu inguruan, ospitaleko bisiten ordutegia hasi bitartean. Uztailak gogoz astindu dizkie buru gainak goizean goizetik, Rakelen txakur muturra areagotuz. Lo gutxi egin du, baina ia-ia ohitu da alditxartutako gorputz batean bizitzera. Migelen treneko begi-zuloak, berriz, argitu egin dira itsasoa eta jende ezezaguna ikusi orduko. Elkarri besotik helduta iritsi dira portura, oporretan joandako bikote ezkonberrien itxuran.

      Urrutitik ezagutu dute Ana, terrazan egunkaria irakurtzen ari den karamelo kolorez jantzitako neska hori da, Rakel zein Migelentzat jantzi ezezaguna gaurkoa ere, haiek iristen ikusi orduko plantxatik pasatutako hiru kruasan eta pitxer bete laranja zuku eskatu dituena.

      “Kaferik nahi al duzue?”, galdetu die, airean jasotako eskuarekin zerbitzariari itxaroteko aginduz.

      Lanpetu traza dakar, mahai azpian zaku itxurako poltsa zabal bat utzi du paperez eta karpetaz gainezka. Atzeko paisaiak berresten du ahizparen zoriontasuna: leiho urdin eta berdedun etxe txikien ondotik doazen oinezkoen parisnahi hori pausoa botatzeko eran, eta batez ere eguzkia, goitik behera inongo trabarik gabe datorrena, nakarrezko bainera honi ñir-ñir eginaraztera. Migelek Anaren arropak eta azala goretsi ditu. Honek bigarren eskuko denda baten izena eta helbidea eman dizkio, behingoz bere lilura norekin elkarbanatu topatu duenaren pozarekin. Rakel portuko ontziei eta kaioek zerutik marrazten dituzten itzalei beha geratu da. Olatuek txalupen sabelpeak kolpatzen dituzte. Errekondoak egonezina dakarren moduan, itotakoen zurrumurru gaizki-esale horrekin, itsasoari amaitutako gauzen bakea dario.

      Gosaria ere kikara eta plater politetan atera diete, arrosadi baten irudia dakar ontzi bakoitzak, hostoak, arantzak eta loreak borobilean kateatzen direla, eta kafearen aparra kotoizkoa da. Migel irentsi egin du hainbeste edertasunek, hor ari da, atzamarrarekin arrosen zurtoinei jarraitzen platertxoaren hegitik. Rakelek ez du bere ardura ahaztu: ahizparen mundu berriari zuloak bistaratzea.

      “Laranja zuku honek zapore gutxitxo dauka, ezta?”.

      Anak eskumuturreko erlojuari begiratu dio. Ekoiztetxeko bulegora joan behar omen du.

      “Datorren astean Pirinioetan filmatu behar dugu. Hango herrixka batean emango ditut egun batzuk”, esan du, paperez betetako poltsa lurretik jaso ahala.

      “Ikusi beharko da ama nola dagoen”.

      “Egonkortzen denean joango naiz. Mirenekin hitz egin beharko dugu txandak egiteko”.

      Ez dago atzera bueltarik. Ahizparen burua eta ahoa lekutik irten dira, eta hankak eta besoak, noraino egingo ote dio ihes, Donostia ere ez bada aski jada, orain Pirinioak aipatzen baditu. Ana zabaldu egin da mostradore gainera eroritako ur putzu baten moduan eta ezin da atzera inon gorde, ez eskuekin batu. Noranahi joango da ekoiztetxekoen furgonetan sartuta, Rakelek aurkitu ezineko leku ezkutuetara.

      Anak gosaria ordaindu du eta taxirako txanponak utzi dizkie mahai gainean, hiriko jendetzaren artean gandutzen den izpi horail bat bilakatu aurretik.

 

 

Astiro zeharkatu dute ospitaleko korridorea. Amaren gelako atea zabaltzera doala, eskerrak eman dizkio Migeli haraino laguntzearren. “Mesedez, Rakel”. Bizenta gosaltzen topatu dute gelan. Bandeja gainean hiru galleta eta kafesne urtsu bat dauzka, eta nekez dabil irensten, eskua sabel gainean ipinita. Ile beltz sendoa harrotuta dauka, lo arrastoak kendu gabe oraindik. Rakeli halako arrara bat sartu zaio ama etzanda ikusi duenean. Arropen poltsa aulki gainean utzi, eta ohe ondora gerturatu zaio.

      “Sendatuko zara”, esan dio, ezer galdetu aurretik. Bizentak irribarrez erantzun du, aspaldiko nekatuen, edo urrunen.

      “Eta sendatzen ez banaiz, zeuen txar denak neurekin eraman nahi nituzke beste mundura”.

      Rakelek berehalakoan moztu du. “Hemen daukazu zure kamisoia, etxeko zapatilak, galtzerdi goxoak… Botikak ere nezeserrean daude, arrapaladan hartu ditut. Ea denak sartu ditudan”.

      “Botikok ezertarako balioko balute, gaur ez nengoke hemen”, esan du Bizentak ahapeka, Migeli begira. Rakelek ez entzunarena egin dio berriro.

      “Ni egunez etorriko naiz, eta Anak eta Mirenek egingo dituzte gauak. Segituan egongo zara etxean”.

      Rakel zain geratu da, Migelek eta amak esaldiok baieztatu arte. Denek esan behar dute ahots goran. Esan dezatela, arren, segituan egongo dela etxean berriro.

      “Ikusiko duzu, ama”.

      Bizentak buruarekin baietz egin dio azkenean, burkoaren gainean sabeleko minak baretzeko postura egokia bilatu ezinik. Plastikozko tutuak besoan gora dihoazkio, eta motela da ingurura begiratzeko duen modua, leihoari, gortinei, telebistari, Migeli, Rakeli. Lo kuluxka bat egingo duela esan die, eta jaisteko kafetegira lasai.

      Bermut bana eskatu diotenean, hormako erlojurantz egin dute ihes zerbitzariaren begiek. Hirurak jabetu dira keinu horretaz, eta Rakelek ia atzera egin du, despistatuarena egin eta kafesne bat eskatzeko. Baina gizona Martini botilaren bila hasi da segituan, eta eskerrak, Rakelek ondo baitaki orain kafesne bat eskatu aurretik, beste taberna bat bilatuko lukeela muino hartan behera jaitsita.

      Bezperako mahai berean eseri dira biak. Bermuta ere ospitaleko bermuta da; mingainaren hondoraino sartu zaie aireko merkromina usaina.

      “Ea ez den sarritan etorri beharrik”, hasi da Rakel, parean duen Migeli nonbaitetik tiraka hastearren, baina honek hitzik gabe erantzun dio, bi atzamar gurutzatuz.

      “Taberna ahal bezain laster zabalduko dugu”, jarraitu du. Nahasita dago, eta sumatzen du noraez hori Migelengan ere, bien arteko laguntasuna Gloriaren formetara egina balego bezala.

      “Lasai, benetan”, erantzun dio. Ikusi du, ordea, Migelen bekainak ez direla guztiz laxatu, sudurraren gaineko zimur txikietan geratu zaiola oraindik amaraunen bat kateatuta.

      Arratsaldetik aurrera Ana eseri da Bizentaren ohe ondoko aulkian, eta Migel eta Rakel Tonirekin elkartu dira kalean, tren geltokira abiatu aurretik. Konbinatuak kopa zabaletan eta paperezko sonbrillatxoekin ateratzen dituzten toki batera eraman ditu Tonik. Txokolatezko aire koipetsua nabari da tabernako giroan, disko-jogailutik datorren musika brasildarrarekin bat eginda. Fondue-ak ere ematen omen dituzte, baita palmitoak ere, roquefort saltsarekin, alboko mahaikoei ikusi dietenez. Ezagun asko ditu Tonik hirian, mutilak, batik bat. Denekin egiten du hizketalditxo bat, eta batzuei aurkezten dizkie Migel eta Rakel, eta beste batzuei ez. Migelek laster erreparatu dio horri eta jakin-gura piztu zaio, Tonirekin gutxitan sentitutako zer bat. Mutila distiratsu ageri da jendearen begiradapean, ahoa alderik alde zabalik eta eskuak kokospean jarrita. Beste animalia bat da orain; Migelek adi begiratzen die haren kolore aldaketei.

      Taberna galiziar batera joateko konbentzitu ditu, oraindik azken trenerako tarte bat falta dela, eta hango olagarroa probatu beharra daukatela aginduz. Eta han ere atera dizkiete ginebrak eta aguardienteak olagarroari bultza egiteko, eta azkena behar duena azken-aurrekoa bilakatu zaie, Ipurdiaren aldaparako bidea hartu duelako Tonik, besteak ohartzerako.

      “Guretzat berandutzen ari da”, esan dio Migelek, Rakeli besotik helduta.

      “Etxera joan nahi al duzue benetan?”, Migeli begira-begira bota du galdera.

      Rakeli barreak ihes egiten dio hortzen artetik. Badirudi ondo iruditzen zaiola dena, dagoeneko askatu duela eguna eta heldu diola gauari, besoak zabalik. Migelek ezer erantzun aurretik, Tonik kalean gora jarraitu du, pausoa zokoren batetik datorren musikaren erritmoan botaz. Ezin izan dio urruntzen utzi.

      Sartu diren diskotekan argiak gorriak dira, eta mutilez josita daude erreserbatuak, Migelek gutxitan ikusitako orrazkerekin eta jantziekin atonduta. Lepokoak daramatzate askok, paparrera arteko zintzilikarioak edo larruzko zinta estu-estuak bestela, zisneenak diruditen sama leunak nabarmentzeko. Ilea ere diamante hautsetan bustiko zuten hain kizkur xehe eta labainak lortu badituzte, nahi luke berak ere bere azkonar ilea horrela bezatu. Ederrak iruditu zaizkio denak, begien bidez hitz egiten dakitenak, Damianek eta ile-apaintzaileak bezala.

      Tonik pistaren erdira atera du Migel, gerritik helduta, Rakelek betazalak eta ezpainak urdinez margotuta daramatzan trabesti altu batekin hitz egin bitartean. Kristalezko bolaren azpian, musuka hasi zaio Toni berri hura, hozkada bakoitzean Migel ere berritu duena, hazi eta hazi, Toniren argi guztia xurgatu nahian, Toni izan nahian, nolabait. Erabili gabeko desira bat sentitu du odolean. Ez du diskoteka hartatik askoz gehiago oroituko. Toniren lagun pare bat, kanutoen beroa eztarriaren sakonean, Rakel umoretsu bat, besoak altxatuta dantzan.

      Aspaldi galdu dituzte tren denak, eta itsasertzeko haizeari kontra eginez, Toniren etxera bidean doaz hirurak. Rakeli eskutik heltzen dio Migelek, atzean gera ez dadin, eta, bestea musuka hasten zaionetan, uler dezan ez duela bakarrik utziko.

      Txikia da Toniren pisua, belar usain sarkorra dago hormetara eta altzarietara itsatsita. Erdi zabalik utzitako egongelako leihotik hiriaren zaratak entzuten dira oraindik, botila hautsiak eta oihuak. Sukaldea estua eta narras samarra da. Krabelinen marrazkiak dituen lapiko txiki bat jarri du sutan Tonik, barruko azalore hondarrak berotzeko, eta armairutik Garvey botila bat atera du berehala.

      Plater bakarretik jan dute hirurek, berakatz erregosiaren usainean bat eginda. Rakelen begi beltzak ondo ezagutzen ditu Migelek, berdeak izanagatik. Ordu batzuk barru ospitalera lagundu beharko dio, Bizentarengana, eta oraindik botila buruz behera jartzen du aldian-aldian, denen edalontziak betetzeko, izotzik ere bota gabe. Tonik sofan prestatu du lo-lekua neskarentzat, pare bat manta eta kuxinak jarrita. Komunera joan da gero, eta tarte batean ez da handik atera. Rakel etzan denean, Migelek bekokiko ileak baztertu dizkio aldamenean eserita, iloba txiki bati bezala. Barrezka hasi dira.

      “Beste ezer behar al du berorrek?”.

      “Ondo nago, zuek segi larrua jotzera”, esan du. Tonik oihu egin dio komunetik:

      “Batu zaitezke zu ere, Rakel!”.

      Altzari handi batek betetzen du Toniren gelako horma nagusia, eta ohea ere bertatik atera eta sartzekoa da; espumazko koltxoi mehe bat besterik ez da, izarak edonola korapilatuta dauzkana barrenean. Hantxe eserita itxaron dio Migelek, goteledun horma berdexkan kostata itsatsitako argazki pare bati begira. Teide sumendia ikusten da postaletako batean, eta bestean loro buztanluze eta koloretsu bat, hondartza bateko txiringitoan, Lanzaroten. Damianek besotik tiraka eramango zuen Toni ere haren irla maiteetara. Gainerakoan, arropak daude zeinahi kakotatik dingilizka, tabako pakete hutsak eta belar birrinak han eta hemen. Artegatasun arraro batek eusten du esnarik Migel, besteen etxeetan sentitzen den bakardadeak. Toni logelara sartu denean arnasa hartu du, eta logelako objektu guztiek berreskuratu dute beren zentzua. “Ea sarriago etortzeko konbentzitzen zaitudan”, esan dio atea itxi bitartean, eta Migeli alkandorako botoiak askatzen hasi da.