14
Idiek lokatzetan utzitako ferra markei begira doa Rakel, traktore batena izandako gurpil handi baten gainean eserita. Gurpilak apatxen lorratzak leuntzen ditu gainetik igaro ahala, edertu eta findu, buztin gorria atzamarrekin ukitzeko gogoa emateraino. Idiak gurpilari tiraka doaz mendi-bide estuetan behera, eta Patxi mutu doa haien aurrean, apenas esan dion ezer goizean esnatu eta ohetik jaikitzera behartu duenetik. Zerrategira eraman du, tabernarako zerrauts zakuen bila, lehendabizi. Rakelek zakuei eusten lagundu dio, aitak palakadaka goraino bete bitartean, “helduko al dien behar den moduan!”, eta uste zuen hori izango zela dena, zerrautsezko mendietan hankak sartu eta aireko erretxina usaintzea, larriari eustea, eta gero aitari isilik itxarotea honek hango esku lehorreko gizon pare batekin hitz egin bitartean, egur xafla eta oskol tontorren artean; hori eta gero utziko ziola ohera itzultzen. Baina txabolara igo dira zerrategitik zuzenean, eta aitak idiak kortatik atera eta uztarriari heldu dionean, Rakelek amore eman du.
“Jarri atzean, nahi badun”.
Gurpilaren barruan zazpi bat harri pisutsu daude, eta euri ura pilatuta. Horrela entrenatzen ditu idiak Patxik, berak zabaldutako zidorretan aurrera eta atzera. Putzuen gainetik igarotzen direnean hankak zipriztintzen zaizkio Rakeli gurpilaren zuloan gora datozen tanta marroiekin, baina ez dio askorik ardura, behin honezkero. Burua zerurantz jasota darama, begiak itxita, basoko giro hezea arnastu eta ongizate apur bat bilatu nahian. Gomak lokatzetan ateratzen duen soinuak dena betetzen du. Eskuetako dardara besoetan gora igotzen hasi zaio, eta buruko mina ez dio ezerk baretuko edanak baino hobeto. Urrunegi daude txabolatik, ezin dio aitari ezer eskatu, aste hauetan ez, apustua bertan egonda. Patxi ate kolpeka eta begirakune bidez hasi da hitz egiten, eta gizon bat da, baina piztientzako zepo bat dirudi, ukitze hutsez salto egiten duena, parean suertatzen den zorigaiztoko animaliari atea jaitsiz, edo lepazurra erdibituz, edo hanka harrapatuz, kontestazio bakar batean. Rakelek errespetatzen ikasi du umore hori, usaintzen, proben data zehatzik jakin gabe ere, noiz arte iraungo dion bekozkoak aitari.
Pinudi gazte bat zeharkatzen ari dira itzalpean. Bidea estuxeagoa da hemen, eta lokatza ugariagoa. Ur multzo handi eta arre baten gainetik igarotzen hasi dira laurak, baina laster geldotu da abiadura, eta ez aurrera ez atzera geratu dira idiak, apatxak lokazpean desagertuta. Rakel gurpileko zulotik sartu den urari begira geratu da, hanka zabalik, bere burua hautsitako txalupa batean irudikatuz, geroz eta hondoratuago lahar eta goroldio usaina daukan putzu hotz batean.
“Altxatuko haiz, edo zer ba? Esan egin behar al zain hori ere?”.
Aitaren esanari erantzun dio, amorruzko begirasunak idien ipurgain hezurtsuentzat gordez, aitari zuzenean begiratzera ausartzen ez delako.
“Egin ezan bultza atzetik. Zerbait egin ezan, behintzat”.
Eta Rakelek, hankak putzuan sartuta, galtzerdi zuriak betirako horituta, bultza egin dio gurpilari, eskuak Bridgestoneren letra eta kako higatuetan jarrita. Urak banandu dira gurpilaren inguruan eta apatxak bistaratu zaizkie idiei, plisti-plasta artean, lur zingiratsutik irten diren arte. Patxik lehengo pausoa berreskuratu du abereen aurretik, alabari itxaron gabe; Rakelek berak ere ez du hankarik bizkortu berriro gurpil gainera igotzeko. Oinez jarraitu die, geroz eta tarte zabalagoa utziz, gurpilak leundutako lokatza atzera bere oinatzekin harrotzen.
Horrelaxe ezagutzen du aita ondoen, lepoz eta urruntzen. Ez daude askoz bide gehiago. Berari atzetik jarraitzea, bere joan-etorriei begiratzea, ez eskatzea aitari betebeharrak uzteko eta makurtzeko bere albora. Esana bete. Erraza behar luke. Baina laguntzen hasi eta traba egiten du Rakelek. Kolpe ondo, egin ganoraz, tiratu gogor, ea ba, mugitu hankok, kendu, kendu hadi, utzi niri, segi kotxera.
Txabolara iritsi denerako, aitak askatu ditu idiak uztarritik, eta manta bana bota die gainetik, izerditu osteko hotzak saihesteko. Idien buruko ilea erdi kizkurtuta eta bustita geratu da, uztarriak utzitako markekin. Bakoitza bere askara lotu du Patxik, ezkerrean gaztaina kolorekoa, erdian ogi kolorekoa. Eskuman, arratsaldea beste bien zain eman duen adar-motza. Idiek ez diote elkarri begiratu, betirako alboz albo joatea onartu izan balute bezala, edo beste kortaren batetik ezagutzen dutelako elkar, eta esan beharrekoak agortu zitzaizkielako aspaldi. Jateari ekin diote zuzenean.
Rakelek kopetako kalparra ukitu dio gaztaina kolorekoari, askara gerturatuta, eta belarriak eta belarri atzeak gero, kartilago gogor eta borobildu hori. Animaliak ez dio jaramonik egin, jaten segitu du, atsedenik hartu gabe. Neskak sudurrera eraman du eskua, eta idiaren izerdi usaina gozoa iruditu zaio beste edonorenaren aldean.
Txabolako leiho txikietatik izpi makal batzuk sartu dira; airean ikusten da hautsa, eta izerdi lurruna idien larruan gora. Argiren jauziek ustekabean harrapatu dute Rakel. Aurreko hankak altxatuta agurtu du txakurrak, beti bezain bizi eta txeratsu, txataltxo bat falta duen mingaina ahotik kanpora dariola. Txakur polita da, hanka osteetako eta buztaneko ileak korapiloz eta basaz zeharo nahasita badauzka ere. Ezti koloreko begi garbiak ditu, gainera, zorteduna bera, Patxik animaliengan zein pertsonengan etengabe goresten baitu “begirada noblea”, aukera gehiago daudelako halako begiradadun animaliak formalak eta esanekoak izateko. Anaren begiez esan izan du aitak hori sarri.
Burua igurtzi dio, eta Argik begiak txikitu ditu, ikararen erreflexuz. Ez du beti asmatzen jabeen eskuek zer nahi duten.