Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

9

 

 

Ontziak katean garbitzen ari dira Bizenta eta Migel. Janari hondarrak txakur-janen potora, plater zikinak harraskara. Xaboia Bizentak, ura Migelek. Tarteka hizketagairen bat suertatzen da, baina gehienetan eskutik eskura ematen diote elkarri isiltasuna.

      Hirurogei bat bazkari eman dituzte, eta beste hainbeste hamaiketako goizerdian; salda katilukadak, eta okela eta txorizo egosia opil samurretan. Aste barruko bezeroak sartu bezala irten dira, presaka eta belarri osteak berotuta, lanetik eta lanera, kamioiko kabinara edo fabrika zuloren batera bueltan gehienak. Kanpoan eguzkia epel, airean puruen kea, eta kafe eta koñak usaina, xaboiarenarekin nahasian. Enbata gogorraren amaierako zurrumurruak isurbideetan behera.

      Bizenta harraskatik urrundu da, aurpegi keinurik aldatu gabe. Buelta erdi eman, eta sua jaitsi dio gainezka egitear den esne-lapiko luzeari. Puztutako esne-gainaren mintza zimurtu egin da, damututa bezala, lapiko barruan ezkutatu arte berriro.

      “Ia-ia!”, esan dio Migelek.

      Bizentak irribarre txiki bat egin dio, eta bere ondora itzuli da, azken platerak bitsez igurztera. Betzulo ilunak dauzka, azal bigunean barruraino sartuak, eta lixibaz erretako esku gorriak. Azazkalak janda dituela ohartu zen aspaldi Migel, baina inoiz ez du ikusi atzamar puntarik hozkatzen.

      Bizentarekin ez du gaiaz garbi hitz egin oraindik. Gaur ere haien pisuan esnatu da erdi zorabiatuta, eta Bizentak ez dio ezer galdetu. Egun on esan dio, eta kafeak prestatu ditu seme-alabentzat, Migelentzat barne. Nahiko lioke zerbait esan Bizentari, bere beldurren berri eman, baina hain dirudi guztiaren jakitun, ezen erraza dela, besterik gabe, emakume hark eskaintzen dion isiltasun barearengan itsu-itsuan sinestea.

      Platerezko dorreak handitu ahala, Migelek lehortu eta sukaldeko apaletan txukundu ditu, lauki zuri-gorridun gortinatxoen atzean. Anak eta Germanek ere ia menderatua dute jangelako garbiketa; erratza pasatuta, eta ur eta lixiba baldea prest. Anak garbigailu erosi berrian sartu ditu mantelak eta musuzapiak; Miele bat da. Bizentaren poza, traste zuri hura sukaldera sartu ziotenean.

      Rakel mostradorean dabil, zeregin handirik gabe oraindik; iluntzeko txikiteora bitarteko orduak lasaiak izaten dira, kaferen baten gorabeheran. Gloriako langileek bezero gutxiko tarte txiki hau baliatu ohi dute sukaldean eseri eta erretzeko, zerbitzu orduetan elkarri emandako erantzun txarrak edo gaizki-ulertuak garbigailuaren zentrifugatze soinuak estal ditzan utziz. Horrela ez dago barkamenik eskatu beharrik.

      Rakelek garrafoitik betetako anis botila eta galleta kaxa bat atera ditu mahai gainera.

      “Zenbatek edango dugu?”.

      “Ni banoa”, erantzun du Germanek. “Azterketa bat daukat”. Akademiara joaten da arratsaldero, eta geroz eta beranduago etxeratzen da. Inor gutxik galdetzen dio ordutegiez edo ikasten duenaz, gehienetan etxeko lanak mostradorean egiten baditu ere, denen aurrean.

      Ana ere ez da mahaira gerturatu. Izotzezko horma bat dago bi ahizpen artean etxetik joateko erabakia hartu duenetik.

      “Uste dut siesta motz bat egingo dudala, gero plantxekin hasteko”. Errekara ematen duen leihoan erre du presaka, eta urrutira jaurti du zigarrokina. Burdina beroaren hatsa igo da errekondotik.

      Rakelek bi edalontzi atera ditu turkesa koloreko armairutik. Anisez erdiraino bete, eta Migeli luzatu dio hondo lodidun edalontzi luzanga bat. Bizenta eta hirurak geratu dira mahaiaren bueltan, bakoitza bere nekea hanketan kiribilduta.

      Bizentak aurpegia estali du eskuekin, baina inkesa zorrotz batek ihes egin dio, hala ere, atzamarren artetik.

      “Ama, ondo zaude?”.

      “Estomago hau…”.

      “Jarri termometroa, sukar aurpegia duzu”.

      Migel ez da sartzen Bizentaren osasunaren inguruko elkarrizketetan. Badaki gai garratza dela, hainbeste proba egin eta oraindik asmatu ezina zein esku ari den emakume hau hesteetatik heldu eta lurrerantz makurtzen.

      “Hasi al zara medikamentu berriarekin?”.

      Bizentak begiak itxi ditu. “Honekin ere izango da zerbait”.

      Sukaldeko ate txikia jo du norbaitek hiru kolpez. Tabernak ere gaia saihesten du, seme-alabek bezala. Segituan altxatu da Bizenta atea zabaltzera, sarraila lanak egiten dituen sokari barrurantz tira eginda. Ile nabar eta luzedun emakume txiki bat agertu da kanpoan, jaka berde motz bat daramana, eta lokatzez zikindutako takoi granate batzuk. Besoetan pare bat urteko mutiko txiki bat dakar, ingurua matxinsalto begiekin aztertzen duena, masailak gorri-gorri eta burua borobil.

      Bizentak kili-kili egin dio izterretan, eta umeak barrez erantzun du.

      “Ez dakit gaur ondo datorkizun… zazpietarako etorriko naiz bila”, esan dio emakumeak ahapeka.

      “Lasai, lasai”. Umea hartu du. Mutikoak sukalde barrutik agurtu du espaloiko emakumea, beso berrietan habia eginda.

      Rakelek eta Migelek elkarri begiratu diote, ez harriduraz. Badakite Bizentak bestelako taberna bat gidatzen duela atzeko atetik, berak bakarrik ezagutzen duena. Lapikoen, botiken eta arropen joaneko ibilgu isil bat, unekadaka lurpean ezkutatzen diren erreken modukoa.

      “Beste seme bat, Bizenta? Zureak ez du mugarik!”, Migelek.

      Bizentak, umea mahaiaren hegian eseri, eta trapu punta umel batekin garbitu dizkio aurpegiko muki eta janari hondarrak.

      “Emakume hori estazioan bueltaka ibiltzen da, ezta?”, galdetu du Rakelek.

      Amak ez dio erantzun; umearen masail beteak gogoz arraspatuz jarraitu du. “Hemen bakoitzak ahal duena egiten du”, bota dio azkenean, txikia elkarrizketa hartatik babestu nahirik bezala. Bekoki gaineko ileak orraztu dizkio atzamarrekin.

      Umea purrustaka hasi da ezpainak estututa, listuarekin burbuilatxoak egiten. Besoak mugitzen ditu, eta besoekin batera gorputz osoa. Mahai gaineko pertsona hari begira geratu dira hirurak.

      “Hau gosez dago”, ebatzi du Bizentak. “Migel, heldu”.

      Migelek beragana erakarri du umea. Bizkarra inguratu dio eskuekin, atzerantz eror ez dadin. Umea isildu egin da, aho zabalik, begiak aurpegi berri hartara kateatuta, eta nini beltzekin galderaren bat egin diola iruditu zaio; baina berak ezer erantzun orduko, mutikoak begirada baztertu du, axolagabe, eta Migel bakarrik geratu da besarkada erdizkako hartan. Bizenta laster itzuli da gatzatu katilu batekin. Azukre koilarakada bat bota dio, eta presaka nahasi du dena, gatzatuaren gain leuna zaurituz eta harrotuz.

      “Ea, ekarri hona”.

      Esku batekin atzetik heldu, bestearekin koilara ahoan sartu, eta hirugarren eskuren batekin garbitzen dizkio kokotseko tantak. Ohe bat egiten dabilela dirudi, edo porru-patata lapikokada bat prestatzen. Umeak gustura egin du katiluko azken hondarrerainoko bidea.

      “Nekatu ezazue apur batean”, esan die Bizentak hormako erlojuari begira, “ea horrela ohera sartzen dugun hau jendez betetzen hasten denerako”.

      “Nora zoaz zu?”.

      “Etzan egingo naiz”.

      Harraska azpiko armairutik kristalak garbitzeko produktua eta trapuak hartu, eta goiko pisura igo da.

      Migelek albaran zaharrak eta plastiko txarrez egindako propagandako boligrafo bat hartu ditu sukaldeko tiraderatik. Tabernako mahai karratuetako baten gainean utzi du mutikoa, eta zumitzezko jarlekuan eseri da, umezain, Rakelek mostradoreko lanak egin bitartean. Gizon kuadrilla bat baino ez da sartu, kafez eta belar-patsez hornitu ostean muserako tapetea eta garbantzu aleak prestatzen hasiko dena.

      “Marraztuko al dugu etxe bat?”, galdetu dio Migelek, umeak aurki paper denak zirriborratuko dituela ikusi duenean. “Ea, egin dezagun etxetxo bat bion artean… Zein da zure izena?”.

      Umeak ez dio jaramonik egin. Marra urdinez markatu du mahaiaren gainazala ere.

      “Rakel, nola du izena ume honek?”, galdetu dio kafeteraren soinuaren gainetik.

      Rakelek burua biratu eta bekain bat altxatuta begiratu die, gero berriro lepoa emateko. Anaren kontuagatik da. Ia ez dio hitzik egiten ahizpari, eta haren lagunei zaunkaka erantzuten die tabernara datozenetan.

      Umeari boligrafoa kenduta, karratu bat marraztu du Migelek paperaren ertz batean. Hasieran kexatu bada ere, jakin-minak gehiago egin dio; adi-adi jarraitu die Migelen lerro zuzenei. Karratuari hiruki bat gehitu dio, eta tximinia bat gero, kea dariola. Atari handi samar bat erdian, leiho txiki bi irekita, zipres bat izan daitekeen zuhaitz luze bat horma-kontran.

      “Etxea”, esan dio txikiari. Umeak boligrafoa berreskuratu du, eta etxearen marrazkia kiribilez estaltzeari ekin dio mahaigain labainean etzanda, edozein gainazaletara, edozein besotara egokitzeko bezain soin bigun eta ulerberarekin.

      Atea entzun da zabaltzen haien atzean; laster hasiko da taberna sartu-irtenka berpizten, eta txikiteorako banderillak eta ogitartekoak prestatzera joan beharko du sukaldera. Umeak ez dirudi nekatua oraindik; kontrakoa, barrezka hasi da, sarrerako aterantz begira. Burua itzuli du Migelek. Gizon bat ikusi du idi buruaren azpian, umeari mihia ateraz eta begi-keinuak eginez. Gero irribarre bat eskaini dio Migeli.

      “Umezain jarri zaituzte”.

      Odola aurpegira igo zaio. Isilik geratu da, burua makurtuta, bere lepazurraren ostean gordeta, beste babesik gabe. Damutu zaio ateari lepoa emanez eseri izana, sukaldetik irten izana, damutu zaio jaio izana herri hartara. Umearen esku txikien artean sartu nahi du burua. Mostradorean ez dago Rakelik, bat-batean. Bakarrik ote daude? Biak eta umea. Non dago goiz hartara arte barruak erretzen zizkion amorru hura gizon haren aurpegia oroitze hutsez? Beldurra baino ez du aurkitzen.

      Eliasek, muslarien albotik igaro, pare bati kasu egin, eta mostradorerako bidea hartu du. Segituan agertu da Rakel barra ostera, eta aurpegirik aldatzeko astirik eman aurretik, hizketan hasi zaio Elias.

      “Esan zure amari primerako olio bat ekarri didatela Extremaduratik, eta emango diodala botila bat”.

      Rakelek Migelen mahaira begiratu du zuzenean, begiak handi-handi.

      “Entzun duzu? Esan amari, e! Eta jarridazu kafe bat, pattarrarekin”.

      Hitzak goitik behera jaurtitzen ditu Eliasek, bi gazteen arteko elkarrizketa mutuari tarterik utzi gabe. Rakelek kafetera kolpatzeari ekin dio, inoiz baino zaratatsuago. Kikara nolanahi jarri du plater txikian, eta zabar bota dio pattarra, erdia kanpora.

      “Nigatik balitz, zu ez zinateke berriro hona sartuko”.

      Ahapeko barre txiki bat egin, kafeari heldu, eta muslarien aldameneko mahaian eseri da Elias, egunkaria eskuan. Muslariak harraboska hasi dira elkarren aurka; azpijokoren bat aurpegiratzen dio biko batak besteari. Sarrerako ateen kirrinka maiztuz doa, eta irekialdi bakoitzean isiltasun zati bat irristatzen da kanporantz.

      Migelek zeharka jarraitu ditu Eliasen mugimenduak: gizonak ez du gehiago bururik itzuli beraiengana. Apurka-apurka, hiru mahaiko distantziak lagunduta, sumatu du berriro zintzurrean gora erremin zaharra. Ukabilak estutu ditu, umea besoekin inguratuz oraindik.

      Hildako katamixar baten itxurako ileordea daraman gizon musu-more bat sartu da, eta haren atzetik Patxi eta bere bi lagun tratante, eta gizon gehiago, eta denek zapaldu dute Migelen eta Eliasen arteko hogei baldosa gorriko tarte isila, haien ahotsek eta barreek tarratatu dute bere egonezina, zalantza egiteraino ea egiazkoa ote den, edo berak asmatua.

      Umea aldean hartuta altxatu da aulkitik, baldar, begiak mutikoaren ile xeheetan sartuta. Umeak kurrixka txikiak egin ditu, adurra kokotsean behera. Sukaldera ezkutatu da Migel, Rakelen begiradapean, odola punpaka belarrietan eta sabelean.

      Bizenta hortxe dago berriro, patatak moztu ahala zartagin handi batera botatzen. Hastear den lan eskergaren berotze soinuak eta usainak: patatak olio irakinetan borborka, labanak egurraren kontra.

      Bizentak burua biratu duenean, sukaldetik oso urruti harrapatu du bere laguntzaile gaztearen begirada. Migelen hitzek oihartzun bat dirudite.

      “Umeak lo egin behar du”.

      “Zaindu patatak”.

      Eskaileretan gora aldendu da umea, Bizentaren sorbalda ostetik zelatan. Labanari helduta, taula gainean erdizka utzitako patata xehatu du Migelek, lehengoak baino zati handi eta traketsagoetan.