Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

22

 

 

Bi sai zeruari trentza bat lotzen, eta harrizko bidean gora Ana, paperez eta diruz betetako motxila lepoan hartuta. Bizkor mugitzen da. Teilatu beltzeko herrixka punta-zorrotza utzi du atzean, goraxeago dagoen zerbait beharko duelako, bestelako etxe edo bizilagun batzuk.

      “Abereak”, zehaztu dio filmaren zuzendariak, “mutikoa lasto artean ezkutatzen den eszenarako”. Eszena hori grabatzeko ukuilu egokia aurkitu zuen atzo herrian bertan, behar beste argitasunekin eta egur xafla sendoz egina. Ukuilu-jabearen emazteak gehiago kobratu nahi izan zion han grabatzeagatik, baina senarrak debalde ere utziko ziokeen. Pozak zoratzen zegoen azkenean bere txabola aukeratu dutelako, bizilagunarenaren ordez. Grabaketen ordutegiez galdetu zion Anari, senideak gonbidatzeko, eta ume aktorerik behar izanez gero, bazituela berak bi seme-alaba txiki eta ilehori. Anak irribarrea eskaintzen zion etengabe, gizonaren lilura hautsi ez zedin tratua guztiz itxita egon arte.

      Orain ukuilua betetzeko dozena erdi oilo nahi lituzke, lasto fardo batzuk, eta herriaren goialdeko etxaldeetatik gusta dakiokeen adardun edo buztandunen bat, ukuilu-jabeak ugertutako traktore zahar bat eta orturako lan-tresnak baino ez baitzituen gordetzen bertan.

      Mendia paparra puzten hasi aurreko lautadan bi harrizko etxe erdi galdu ikusi ditu, bata bestetik gertu samar, baina elkarri lepoa emanez bezala eraikiak. Inguruko larreetan ez dabil abererik, zintzarri soinurik ere ez du aditu pausoa gelditu duenean. Haize fintxo batek orrazten ditu berdeguneak, eta errekastoren baten oihartzuna jaisten da labainka. Zerua gorago egongo da hemen, hain mendi handia azpian kabitu bazaio.

      Bi etxeetan lehenengora gerturatu da. Motxilatik paperak atera ditu, benetan ekoiztetxe baten izenean datorrela sinets diezaioten, ez dela eskean datorren edozein neska badaezpadako. Filmaren nondik norakoak kontatuko dizkie, gauza handia izango dela pentsatzeko beste, baina zurrumurruka zabal daitekeen informaziorik eman gabe. Aktoreen izenak galdetzen dituzte askok, beste batzuek diru kontuetara jotzen dute zuzenean, eta den-denek jakin nahi izaten dute noiz emango duten telebistan: katea eta ordua. Etsipena zabaltzen zaie aurpegian zineman estreinatu arte itxaron beharko dutela esaten dienean.

      Ileak aurpegitik baztertuta, egurrezko atea jo du. Motozikleta zuri bat dago etxe kontran, bertakoak ez dira urruti ibiliko. Barrutik ez dator erantzunik, hala ere. Atetik urrundu eta oihu egin du leihoetarantz. Katu bat ikusi du etxe ostetik berari begira-begira, zikin trazako larruduna, autoren baten kedar beltzak bere berezko ile gorria estali izan balu legez. Anak pauso bat bereganantz bota orduko, ezkutatu egin da.

      Etxe ingurua miatu du tentu handiz, lantzean behin ahots goran abisu emanez, ba al dago inor etxean, kaixo, egun on, Ana naiz, kaixo. Egurrezko estalpe txiki bat ikusi du atzealdean, atarian lasto printzak dituena, eta txitaren batzuen txio leuna sumatzen da barrutik, zapo txikien gaueko kantuaren modukoa. Hemen badauzkate, ba, oiloak.

      Etxe aurrera itzuli eta atea azkenengoz jo du, indarrez, barruan norbait dagoelako susmo sendoarekin oraindik. Leihoetarantz begira urrundu da astiro, gortinaren bat noiz mugituko. Jende bakarti asko bizi da mendiko herriotan, jende xuhurra bezainbeste. Bigarren etxerantz jo du, penatan, behar duena lehenengoan dagoela jakinda.

      Etxe hau txikixeagoa izanagatik, ingurua txukunago daukate. Eguzkiak aurrez aurre ematen dio ordu honetan, ate ondoko erruda ia suzkoa dela iruditzeraino. Leihoetako egurrak berdez margotuta daude, eta beste etxean legez, hauetan ere ez da bururik ageri. Anak atea jo orduko, baina, norbait bistaratu da etxe ostetik.

      Emakume nagusi bat da, kamamilatan bustitakoa dirudien ile luzea solte daramana, bi izotz kozkor bezalako begi urdinduna, lurreraino heltzen zaion gona zahar are urdinago bat soinean, oihal-barrenak lurrez ilunduta eta kardulatzen batzuk kateatuta dituena, eta oinak belztuak eta zeharo biluziak lur gogorraren gainean.

      Ana ez da bere lekutik mugitu, andre hark zer esango zain. Andreak barre egin du, untxi batek egingo lukeena untxiek barrerik egingo balute.

      “Egun on. Ana naiz”, hasi da, “film bat grabatzen ari gara herrian…”.

      “Abere bila zabiltza, ezta?”, bota dio atoan, eta untxi-barreak ihes egin dio berriro. Anak buruarekin esan dio baietz.

      Apatx txiki batzuen hotsa entzun da etxe ostetik. Bat-batean, bildots gazte bat agertu da andrearen ondora, ile kiribildu eta ugarian batua, dagoeneko koskontzen hasia. Bildotsak gona urdina usnatu dio andreari, eta lurreko belar muturrak hozkatu ditu gero, jaten baino, jolasean ariko balitz bezala.

      “Bildots honek men egingo dizue”, esan dio andreak, animaliari kizkurrak atzamarrekin orraztuz. Ilearen koloreari begiratuta, bere kumea izan zitekeen. “Eta oiloak alboko etxe horretan dauzkazu, hartu behar dituzuenak. Kaiolak ate ostean daude”.

      Anari aurpegia argitu zaio. Eskerrak eman dizkio bihotzez, ze zortea berea eta ze jende ona herrikoa. Bildotsari bere atzetik etortzeko keinua egin dio, esku bat luzatuta.

      “Baina bihar eramango dituzue”, agindu dio andreak, bildotsa beregana erakarriz berriro. Begi urdinak samurtu zaizkio. “Orain herrira jaitsi behar zenuke, gaixoa”.

      Erdia taberna eta erdia denda den herriko lokal txikiaren parean daude lankideak, itolarri aurpegiekin. Ana kalean behera datorrela ikusi orduko, arineketan abiatu dira beregana, baina bere ondora iritsi direnean, zer esan ez dakitela geratu dira denak. Besoak bota dizkiote lepotik eta gerritik, eta xuxurlaka esan diote sartzeko kale estuan gora datorren taxi horretan, gidariak badakiela Donostiako ospitalera nola iritsi, apur bat sakatzen badio agian oraindik garaiz iritsiko direla, baina oraintxe irten behar dutela, dena utzita, oraintxe izan behar duela derrigor.