Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
aurkibidea
 

 

15

 

 

Germanen autoak bideko hautsak harrotu ditu aldapan gora. Aparkatu eta noraezean irten da kanposantuko atarira, txikitako begiekin, arreben amantalen gainera jauzi egiteko beharrez. Distantzia gorde du, hala ere, azken urteotan bezalatsu. Ana gerturatu zaio aurrena, kotxean bere alabaren arropaz betetako poltsa bat baitauka prest Germanen ume jaioberriari emateko.

      “Osorik dago”, esan dio neba gazteak baieztapen trazako galdera batean, gauaren bakardadean pilatutako mila zalantza dauzkala iragarriz, oroitzen saiatu eta ametsen eran lurrundu daitezkeenak. Germanen aurpegieran esperantza ikusi du Anak, zentzurik gabeko epeltasun bat, ia irribarrea, telefono dei hartan berak ere sentitu zuena, hainbeste urteren ondotik udaleko mutil gazte batek medikuek esan ez ziotena esan izan balio bezala. Ama ez dela joan, alegia. Ez zuen halakorik espero nebarengandik, gauza ukigarrietara itsatsi baitzen egun batean, eta harrezkero ezin izan ditu jasan besteen bizitzetako anabasak. Gaur German bera da, ordea, egonezina menperatu ezinik dabilena, parkingean aurrera-atzeraka. Anak ezagutzen du nebaren zalditasuna, norberari txikia iruditutako edozein mugimenduk uxa dezake. Aldentzen bada, ez da berehalakoan itzuliko.

      Autoaren maletategian sartu dio arropen poltsa, eta ez dio ezer gehiago esan, sorbaldan laztan bat egiteaz gain. Isiltasunak baretuta, arrebaren ondoan geratzea erabaki du Germanek oraingoz.

      Aita zerbait azaltzen ari zaio Rakeli muinotik, atzamarra herrirantz luzatuta, haren ahotsak hartxintxarren gainetik doan eskabadora bat dirudi. Alabak besotik heltzen dio, “bai, aita” esanez belarri ondora, baina ez dirudi agurearen hitzei arreta gehiegirik jartzen ari denik. Beilatokiko auto luzea ikusi dute goranzko bidea hartzen, atzeko etzanlekua hutsik dakarrela, gortinak jasota, eta haren ostetik dator Mirenen autoa ere.

      Rakel neba-arrebengana inguratu da atzera ere aurpegi larritua ipinita. “Nik ez dakit ahal izango dudan”, bota dio Anari isilka, aparkalekura iritsi diren autoen motorren soinua itzali aurretik. Anak eskutik heldu dio eta amorru tanta batekin estutu dizkio atzamarrak, lasaitzeko, eta, batez ere, isiltzeko, eskua estutuz ahoa ez estutzearren.

      Beilatokiko gidari izerdituak puru txiki bat piztu du autotik irten bezain laster, pozik, lanean ia beti isilik joatea egokituko zaiolako, eta gaurkoa behingoagatik zauri itxi bat denez, bere izaera alaia bistaratu ahal izango duelako inor mindu gabe. Senideei egun onak eman, eguraldiaren ederra goraipatu, eta irratian entzundako kanturen bat ahoan hartuta, egurrezko eserlekuan jesarri da lasai-lasai.

      Pausokera piperminagoan agertu da Miren haren aldean, ile xerlo horixkak ondo orraztuta, eguna bera baino distiratsuagoa den jaka more eta urrekara bat soinean. Begipeko arkatz urdinak bizitu egiten dio begirada, baina kolorea ere jaten die haren nini berdexkei. Senarra berarekin dakar, beti atzetik segika, ahizpa zaharrenaren arropa berrien osagarri ezinbesteko bat gehiago, zira beix bat edo larruzko gerriko dotore bat izan zitekeen. Neba-arrebak gutxi gorabehera agurtuta, aitarengana jo du berehala.

      Hitz egin ahala gizonen arropak atontzen ditu Mirenek; alkandoren lepoak zuzentzen eta jertseetatik ileak kentzen daki elkarrizketaren haririk galdu gabe, lantzean behin aholkuak emanez parekoarengan ikusi dituen akatsak zuzentzeko. “Eskuetako azala etenda duzu, ekarriko dizut neuk egindako intsusa-krema”, esan dio aitari. Patxik irribarre bat eskaini die seme-alaba denei, bakean utz dezaten. Oraindik ez du bere enterruetako ohiko esaldia erabili. “Hildakoak berak lasaituko zaitu”. Ama hil zenean ere esan zien. “Gorpua ikusi egin behar da”. Ikusi egin behar da, oraintxe dagoelako azkenengoz ikusteko moduan, bakea dariolako bere begitarteari, eta bera lasai badago, bizi gaitezen lasai geu ere. Hori esan ohi zien, baina gaur esku bete eulik beste balio du gomendio horrek.

      Mirenek Anari ere eskaini dio goitik beherako begiratu bat, amantalaz bestaldeko jantzirik inoiz ikusi izan ez balio legez.

      “Barrura?”, esan du Anak, burdinazko ate beltzera bidean. Neba-arrebek atzetik jarraitu diote kutxarik gabeko prozesioan, kanposantuko giltzak bereak balira bezala, marmol-sail hura bere tabernaren luzapen bat balitz bezala, zatozte, hemen gorde dut ama gurea hamabost urtean.