Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

5

 

 

“Gaur da eguna, ezta? Laster irten beharko duzu”.

      Vitak saskira bota ditu pentsioko izara eta toalla zikinak, lehendik pilatutako tontorraren gainera. Anak lurrun artetik erantzun dio, izara garbiak plantxatu ahala.

      “Hau amaitutakoan”.

      “Utzi. Zu presta zaitez”.

      Eskuetatik kendu dio plantxa. Errieta uhinak ditu Vitaren ahotsak, bere herriko hitzen kantu gorabeheratsua itsasten die hitz ikasi berriei.

      Ate bat entzun dute zabaltzen, eta berehala irten da Ana pentsioko korridorera. Trajean bildutako gizon taket baten itzala dator plantxen gelarantz. Anak irribarrez agurtu du, eskuak amantaleko poltsikoetan.

      “Kaferik nahi?”.

      “Geltokian gosalduko dut, eskerrik asko”.

      “Datorren astera arte”.

      Gizonak giltzak itzuli dizkio, eta Anak atearen osteko kakoetako batean zintzilikatu ditu, laugarren zenbakiaren azpian. Gutxi jaten dute makinistek, beti bidaiatik zorabiatuta baletoz bezala.

      Gela hustu berria garbitzera sartu denean gizonaren tabako beltza eta izerdia sumatu ditu hormetara josita. Leihoa ireki du goizeko haize hotzak giroa berritu dezan. Bi txolarre pasatu dira paretik hegan, bi pilota bezala, bata besteari pipa-azalen bat ostu nahian. Errekaren marmarra aditzen da etxe multzoen ostetik.

      Anak leihoetako hauts horiari erreparatu dio segituan. Hasi da. Eraikinaren osteko menditik jaitsi da, baso beltzetatik, pinuen adarrei atzamar gorrixkak hazi ahala. Pentsioko pertsiana denen sokak moztuko lituzke apiril sasoi honetan, eta bezeroei esan apurtu egin direla, ez dela eguzki izpirik sartuko, argia piztu beharko dutela ezer ikusi nahi izanez gero. Makinistak ohartu ere ez lirateke egingo.

      Trapu zuriarekin garbitu ditu komun-ontzia eta dutxa, ozpina botata. Gizonak dutxan ahaztu dituen ile motzei isurbiderantz sakatu die, eta telefonoaren azken ur zirrista batekin birpasatu du dena. Ezti itxurako gelez bete du xaboi-potea erdiraino. Pare bat paper-bilkari utzi ditu komun-ontzitik eskura. Begiekin miatu du komuna azken aldiz, sarri gertatzen baita besteen aztarnak jaso ahala nahi gabe norberarenak uztea.

      Hankekin sakaka atera ditu gelatik toalla eta izara zikinak. Oraintxe irten behar luke Rakel eta aita garaiz jasotzekotan, jakitun den arren bera justu-justuan iritsita ere, Rakel beti agertuko dela apur bat beranduago. Ez daki gaur zer egitea egokituko zaien kanposantuan, baina sumatzen du bere jarrerak ardatz baten edo ziri baten antza izan beharko duela, zerbaiten inguruan pilatu behar dela ira sikua haizeak eraman ez dezan.

      Ordu laurdenean prestatu da Ana. Sustraitik urdintzen hasitako ile umela motots txiki batean bildu, eta etxetik pertxa batean ekarri duen alkandora zuria jantzi du gero, sorbalden gainetik fular urdin bat botata. Nivea koipetsua eman du besaurreetan, gorrituta baitauka azala, lehorteak hartuta, eta zenbait garautxo ilun igo zaizkio saman gora azken urteetan. Erredura baten orbaina darama eskumuturrean, marra zuzen belztu bat; zartagin goriak egindako marka da, amari lantzean-lantzean bistaratu ohi zitzaion berdina, leku horretantxe. Hori, zein olio irakinak ateratako puspuloak, begiratu hutsarekin hausten diren ertz bizidun edalontziek egindako sastadak, labana zorrotzen ebakiak… etxekoen jaiotzatiko zeinuak, agertu eta desagertu egiten direnak azalpean. Orain ere bistan ote dauzka amak orbainok?, galdetuko lioke Anak Rakeli. Gogoan du Gloriako sukalde hura, eta ama zenak eskuak zauritzen zituenean egiten zuen barruranzko hasperena, buelta erdia, txorrotako ur hotza larru egosiaren gainean labaintzen, krema apur bat gero, eta bendaren gozoa. Azal zati hori zaintzen saiatzen zen ama ondorengo egunetan, kolpeetatik eta zipriztinetatik babesten, eta noizean behin libre uzten, poro kiskaliek askatutako ur hura ez zedin bendara itsatsi, azala gai delako bendaren gainetik berregiteko, zuhaitzen enborrek burdinazko seinaleak irensten dituzten eran. Amak ez zuen denborarik galtzeko: larrua ahalik bizkorren gogortu eta kolorez alda zedin nahi izaten zuen.

      Ezpainetan baselina apur bat emanda, plantxen gelarantz abiatu da berriro. Lurrean utzitako izara multzoa jaso du bidean.

      “Vita, banoa”, korridoretik hasi zaio hizketan. “Pintxoak prest daude sukaldean. Lehenengo platerak ere bai. Saiheskia atera dut izozkailutik. Ez erotu bazkariekin, gaur lau plater aukeran, eta kito”.

      Saskira bota ditu oihal zuriak. Vitak ia ez du bururik altxatu plantxako mahaitik, eskua airean astinduz uxatu du Ana. Nerabe baten gorputza dirudi Vitarenak lehenengo begiratuan, ezkutaketan edonori irabazteko modukoa, baina badauka gaztetasunarekin zerikusirik ez duen zerbait bekainetan, ile mehatzean.

      Anak bere kolkorako birpasatu ditu zeregin guztiak, ate kontratik aldendu gabe oraindik. Ez du uste ezer ahaztu zaionik. Fularraren luzera berdindu du ezkerreko muturretik beherantz tira eginda.

      “Ezer bada, deitu”.