Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

16

 

 

Begi-niniak idazmakinen arrabola bezala mugitzen zaizkio Migeli, ezkerreraino eta berriro eskumara, klink, ezkerreraino eta berriro eskumara, kristalaren osteko paisaia mugikorra harrapatu ezinda. Trenak abiadura mantsotu du herrian sartzerakoan.

      Adreiluzko tximinia gorriei kea darie, txapazko pabiloi luzeei lana eta sua. Ehunka kablek itotzen dute bere herriko zerua, agian kable bakar bat da joan-etorrika korapilatua.

      Migelek bere kizkur bat kiribildu du atzamarraren bueltan, treneko eserlekutik altxatu eta irteerarantz gerturatu bitartean. Gustuko du ile-apaindegiko txanpuaren banilla usaina. “Brilloek begirada argituko dizute”, esan dio ile-apaintzaile bibotedunak, eta Migelek lasai utzi du bere ile horixka eta sendoa gizon haren eskuetan. Urrezko hariak erein dizkio buruan ur oxigenatuarekin, eta egia da bere begiek udako begiak diruditela orain. Tonik gomendatu zion alboko herriko ile-apaindegira joatea, inora joatekotan. Trenez geltoki bakarrera dago. “Inork baino gehiago daki orrazkera eta janzkera berriez. Marbellara joaten da urtero”.

      Aitortu beharrik gabe ere nabaritu du kanpoko haize hori lokaleko aulki gorrietan eta gizonaren krema koloreko zapata punta-finetan, eta, noski, betaurrekoen kristal hori bizi-bizian ere bai. Migelek miresmenez behatu ditu haren atzamarren mugimenduak ispilutik, guraizeen soinua eta orraziaren marfilezko distira, ile muturrak Migelen sorbaldatik jasotzeko eraginkortasuna, bibote txikiaren azpiko irribarre are txikiagoa, gaztearen pentsamenduak entzun ahal izango balitu bezala ileen aho estuetatik. Kohl urdina eskaini dio gero, kortxodun buztinezko pote txiki batean atera duena kaxoi batetik. Makilatxoa hauts urdinetan sartu, eta mutilaren begi itxien zirrikitutik pasatu du leun, hautsa betileetan kateatu dadin. Betazalak altxatzean, elkarri begira geratu dira ispiluaren islan. “Zer iruditzen?”. Migelek eskerrak eman dizkio, aita maitekor bati ematen zaizkion moduan belaunetako urradurak sendatzearren, edo euria ari duenean norbere bila etortzearren autoan, haize beroa jarrita, ahantzaraziz kanpoan mundu bat badela oraindik, semea noiz irtengo zain.

      Treneko ateak ireki direnean, burumakur jaitsi da Migel, kizkurren eta betileen distira bere herrikideengandik gordetzea erabakita. Ez du etxera joan nahi oraindik, amak galderaz josiko du bestela, banilla usaina hartu eta batera jakin nahiko duelako zenbat balio izan duen pezetatan semeari galeper traza ematen dion ilaje berriak. Auzora igo gabe, errekari jarraitu dio albotik, uraren soinuak tripa-zorriei gain har diezaien.

      Herriaren planoak beste tolestura batzuk ditu bilatzen dakienarentzat. Azken urteetan ezagutu ditu Migelek, lekuek beraiek aurkitu izan balute bezala bera, ate diskretu horiek egin izan baliote bezala kax-kax berari: “Hemen gaude”. Izan ile-apaindegiak, izan taberna-zuloak, kale kantoiak, parke izkinak, edo Gloriara tarteka iristen diren hirietako trabestien begiradak, komunean makillatzen orduak ematen dituztenak. Mundu hobe bateko lohia dakarte takoietan, berak arrastoari segi diezaion.

      pbako ate berdea zabaldu aurretik, Migelek ilea astindu du, eta betzuloetara eroritako kohl hondarrak kendu ditu atzamarrekin. Akasgabe sartu behar da Pub Buenos Airesera.

      Ateari bultza egin dionean, betiko gau beltza aurkitu du han barruan harrapatuta.

      “Hara, gure txakurkumetxoa ere etorri da azkenean. Uste genuen nahiago zenuela Gloriako zerrautsa”.

      Damianek beti hitz egiten du zeharka, hortzen artean bizarra egiteko orri bat baleuka bezala, eta izeba zital baten barrea irteten zaio esaldi bakoitzaren ondotik. Mostradore barruan dago, oraintxe iritsita, harategiko amantal odoldua kendu berri eta itsas koloreko alkandora soinean. Berak erosi eta berritu zuen pba, baita herriko beste taberna txikixeago bat ere, errentan jarrita daukana. Diruaz gain, aitak harategia eta ofizioa ere utzi zizkion herentzian, dirua egiten jarraitzeko tresneria guztia, alegia. Goizetan untxiak erdibitzen eta oilaskoei tripak ateratzen aritzen da, bere ama zaharra alboan hartuta. Adar-jotze eta txutxu-mutxuekin asebetetzen ditu herriko emakumeak, eta tramankulu zorrotzak maneiatzeko trebetasunarekin eta besoetako gihar guriekin lasaitzen ditu gizonezkoak, Damianen harategiz kanpoko ohiturez jakitun direnak. Arratsalde eta gau guztietan pbako errege izendatzen du bere burua, mostradore borobil eta ertz bigunekoan sartuta, inguruan horma baino ispilu gehiago dituela. “Dei nazatela marikoia, baina datozela kubatak edatera”, horixe defendatzen du Damianek, tratu-gizona izateko eskubidea, beste edozeren gainetik.

      “Aizu, dotore dago gero gure txakurkumetxoa”, esan dio taburete gaineko Fermin Txiletarrari. “Sufrituko ez du, ba, Tonik honekin!”.

      Fermin Txiletarrak barre egin du, bere sudur okerra zimurtuta, “eskuetatik kenduko diote!”. Migel bere alboko taburetean eseri da, lotsati eta hala ere ile-apaindegian utzitako diruez harro.

      Fermin Damianen mostradore osteko argitasunera itsatsita bizi da sits handi baten moduan. Inoiz egin izan dute larrutan, baina Damianek nahi izan duenetan bakarrik. Gehienetan zain egotea suertatzen zaio Fermini, bere argi-emaileak baditu-eta gutizia gozoagoak, bereziki baserritar gazte kokots-handi bat, praka bakero estuekin ibiltzen dena, tupea gorantz orraztuta. Hura datorrenetan, Damianek ez du beste inorentzako begirik, eta Ferminek ikasi du isilpean ihes egiten.

      Damianek gintonik bat atera dio Migeli, olibaz betetako platertxo batekin. Egia da hainbat aste igaro dituela etorri gabe. Erdi ahaztuta zeukan Damianen kolonia usaina, tabernako txoko guztiak irensten dituena, sarreratik komuneraino. Barra osteko koadroek hor diraute: Warholen Marilyn koloretsuen seriea albo batean, Monetena dirudien errekondoko paisaia bat ezkerrean, eta, marko txiki batean sartuta, baserri baten zuri-beltzeko argazkia, zuzenean Damianen etxeko egongelatik hartua dirudiena.

      Azkenengoz Rakelekin egin zuen parranda pban, denek elkarri ezpainak granatez pintatzen eta muturrak jaten amaitu zuten. Hemengoek erraz onartzen eta maitatzen dute Rakel, baduelako zerbait denek ukitu edo lapurtu nahiko luketena. Ama bat eta ume bat aldi berean besarkatzea da Rakel besarkatzea. Migelek ezagutzen du neskaren bakardadea; tabernakoa izatea denena eta inongoa ez izatea da. Horregatik erakutsi nahi izaten dizkio bidean topatzen dituen piztien habia berriak, nahiz eta badakien hemen ere bisitari gisa sartu beharko duela.

      “Laster Kanarietara noa”, esan die Damianek, eta horrela zabaldu du bere hizketagairik gustukoena: irletako bizitza.

      “Biok?”, galdetu die Migelek.

      “Ez, oraingoan bakarrik. La Heladerνako lagunen etxera. Hitz egin izan dizut haiei buruz, ezta?”.

      “Bai”. Migelek ziurtasun handirik gabe erantzun dio. Lagun asko dauzka Damianek leku eguzkitsuetan, denen izenak oroitzeko.

      “Motz hau behin eraman nuen Tenerifera, eta batekin nahikoa”, esan du, Fermini trapua bota ahala. “Daukan aurpegi desitxuratu horrekin, pentsatuko duzu, ba, nik baino gehiago ligatu zuela? Gazte zein nagusi, denak beretzat”.

      Eta Ferminek ostera ere barre, baina barrea amaitu aurretik garagardotan sartu ditu ezpainak, eta begirada makurtu. Migel errukitu egin da.

      Ez du sekula ulertu Damianen maltzurkeriarako joera. Lasaiak eta ederrak izan zitezkeen uneak estutzen ditu, bakea aspergarri balitzaio bezala, eta denak ipintzen ditu alerta-egoeran, kontraerasorako prest, baina pbatik kanpo ere halaxe bizi dira, hurrengo belarrondokoa nondik etor daitekeen aurreikusi nahian. Arriskua ez da inondik inora berbera. Damianek bizitzarako prestatzen ditu bere gerlari ihar eta ederrak, oskolez hornitzen ditu beraien burua nola defendatu izan dezaten. Maitasuna eta etxea bilatzen irakasten die. Mozkortzen direnean, elkar entzuteari uzten diote, bakoitza bere edalontzitik ozpina edaten ariko balitz bezala. Migel sinetsita dago tristurak gauero aurkituko dituela babesgabe, atzetik besarkatzeko postura errazean, zulorik zuloenean ezkutatuta ere. Baina Damianek ba omen daki nola ihes egin.

      “Honezkero praka motzetan ibiltzeko giroa izango dute. Zuri gustatuko litzaizuke irla, Migeltxo, badakit, eta zuku tropikal batek daukazun kolore eskas hori hobetuko luke. Biltegi batean ahaztutako berakatz ale bat dirudizu! Ea, jan oliba gehixeago, tori, hemen beste platerkada bat”.

      Migelek jaten jarraitu du, platanozko eta mangozko zukuen zaporean pentsatuz oliben ur gaziaren gainetik, eta nola zen beste fruta haren izena? Marakuia. Eta papaia. Damianen hitzen bidez dastatutako mami urtsu eta koloretsuak, asmatutako usainak, aldizkarietan ikusitako argazkietatik berrasmatutako etxe zuridun hiriak. Noiz zoaz berriro Mallorcara, Damian? Zein tenperatura dauka orain Lanzaroteko itsasoak? Ez al duzu txarkuteriako teknika berririk ikasi behar Frantziako herrixkaren batean, Saint-Tropezen edo, nola zen, nolakoa zen hango moila, hango eliza, ostrak afaltzen dituzten hango mutil dirudunak. Kontatu dena, egin argi, ekarri berotasun apur-apur bat herri honetara.