Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

1

 

 

Zin egingo luke Migelek beretzat dela begirasun hori, begira daukana horman esekitako idi buru disekatu bat ez balitz. Adarrak zorrotz eta muturra lehor, kristalezko kanika bi, eta zerrautsezko nerbio optikoak, eta pentsamenduak, eta sena. Dena zurruntasuna eta ile zaharra, oraindik poro hilei josia. Bizitzari darion distira oro moteldu zaio abereari tabernako koipe eta hauts artean.

      Sarrerako ate bien erdian dago esekita, mostradore barrutik aurrez aurre ikusteko moduan. Animalia ederra izandakoa da, larru gorridun idia, muturraren eta begien inguruan zurirantz argitzen zaiona, negar gehiegi egin izan balu bezala aspaldi, gau luze batez.

      Migelek ez daki idiek negarrik egiten ote duten. Berak bai, egiten du. Gehienetan Ana eta Rakelen aldamenean, taberna itxi eta garbiketa lanak amaitutakoan.

      Pertsianak jaitsi ostean ere, tabernako lurrak ordu batzuk behar izaten ditu eguneko zaraten oihartzunak guztiz ezabatzeko; baldosa gorrien gainean zabaldutako zerrautsak soinu guztiak xurgatzen dituelako agian, orduen eta pausoen joanarekin egur-pasta umel bat bihurtzeraino, marmarrez, plater hotsez, oliba hezurrez eta zotzez egina. Migeli dagokio gauero zerrauts hori erratzarekin biltzea, eta zaku handietan sartzea gero, palakadaka, Rakel eta Ana sukaldeko eta barrako garbiketez arduratu bitartean.

      Lurreko zikinak errazago jasotzen omen dira zerrautsa botata, hori diote bi ahizpek, “pasada bakarrean garbitzeko moduan”, baina Migelek badu zalantza, beti geratzen baita egur txirbilen bat baldosa hegiren batera itsatsita, eta zer esanik ez zapata zoletara edo praka barrenetara. Egur-tantoak nonahi ikusten dira taberna gaineko lopetegitarren pisuko logeletan ere, eta eskaileran zehar, edota kaleko espaloian… eta, hortaz, Gloria tabernatik igarotzen diren herritar guztien zapata, eskailera eta espaloietan egongo direla susmatzen du Migelek, taberna bere baitatik irten izan balitz bezala oinez, bisitari denei atzetik segika. Ezinezkoa da Gloria garbitzea, urrunegi joana baita dagoeneko; eta, hala ere, gauero saiatzen da Migel. Dena zakuetan sartu, eta haien muturrak fardo-sokekin ixterakoan soilik mututzen da marmarra, edo gortzen da, behintzat, tarte batez.

      Une honexen zain bizi dira hirurak: gauaren ukabilik itxienak herria noiz itoko, behingoz gera ez dadin munduan inor hiru zerbitzari gazte beharko dituenik, inon, ezertarako. Dena jasotakoan, idi buruaren azpiko mahaian eseri dira, eta barruak nasaitu arte edan eta erre dute, begiak geroz eta txikiago, ke multzo zuri baten barrunbeetan.

      Rakelek tinko eusten die zigarretei ezpain aputzen artean, bere helduleku bakarra bailiran nonbaitetik ez erortzeko, eta topa egiten du hiru minuturik behin, “gugatik!”, ziurtatzeko edankideek bere ondoan jarraitzen dutela. Anak lasaiago erretzen du, eta lasaiago edan, eta ahizpari begiratzen dio zeharka, kopetako ile sendoaren azpitik, haren erorialdi guztien urruneko zaindari isil.

      “Orduan, zer esango diozu gizonari, Migel?”.

      Patxaranaren gozoa ezpainetan hitz egin dio Rakelek. Mostradoreko erlojuan goizaldeko ordu biak dira. Migelek sorbaldak jaso, eta gorantz bidali du ahoko kea, idi buru disekatuaren kokots pera.

      “Kontuz ibili. Edozelako jendea etortzen da hona”.

      Arriskua usaintzen daki Anak. Migelek ez hainbeste. Berari ez dio beldurrik eragin goizean tabernara sartu den gizon txiki eta estuak, nahiz eta aurpegi berri bat izan ostegun goiz baterako, azal muskertu eta irribarre horiduna. Sartu ordurako Migelen begiak bilatu ditu barraz bestalde.

      Gurin koloreko alkandora zeraman soinean gizonak, eta praka beltzak, handi geratzen zitzaion gerriko distiratsu batekin eutsiak. Atzamarrekin urrezko lepokoari heltzen ziola gerturatu zaio mostradorera, bere buruari aurrerantz tira eginez bezala. Eta Migel zain, trapua sorbaldan, bere egurrezko lubaki altuan.

      “Baina zer esan dizu zehazki?”.

      “Rakel, bertan zeunden”.

      Baina Rakelek dena entzun nahi du berriro, nahiz eta Anak eta biek lortu duten goizeko elkarrizketa ia osorik harrapatzea, batak kafe-makinaren gaineko katiluekin dorretxoak egin bitartean, eta besteak mostradore gainari trapu umela pasatu ahala, begiak zeharka eta belarriak zut.

      “Hendaian etxe bat daukala, eta ordaindu egingo didala”.

      Bizitzea zer den erakutsiko diola, herri hau ez dela bere modukoentzat, pasatzeko egun batzuk berarekin hondartzan. Hori dena esan dio gizonak, baina Migelek ez du errepikatu ahizpen aurrean, ez baitaki ziur noraino entzun duten zer.

      “Ea, ekarri txartel hori”.

      Migelek poltsikotik atera du gizonak emandako paper txatala. Rakelek ahots goran irakurri ditu zenbaki kizkurrak.

      “Telefonoa herrikoa da”.

      “Badakizu orain erantzun eske etorriko zaizula, ezta?”.

      Baliteke. Asko dira lehendik ere taberna honetan beraien ohiturak errepikatzen dituzten gizonak; horretaz jabetuta dago Migel. Besoa mostradore gainean jarrita, hesiaz bestaldeko animalia gaztea izendatzen dute. Ana polita da, Rakel potola, bera marikoia. “Ez al zara, ba, halaxe? Ala? Botin gorri horiekin, zer zara, ba, bestela?”. Berak baietz erantzuten die orain, asperduraz. Duela urte batzuk isilik geratzen zen, kristalezko edalontziak uretatik pasatzen.

      Idiaren adarren itzala norabidez aldatzen da egunean zehar. Gauez biderkatu egiten dira adarrak lanpara horixken argipean, eta sei erloju-orratz lodi dirudite hormako paper berdailean, Migel mehatxatuz, adieraziz badatorrela zerbait, idiak edozein unetan mahai gainera egingo duela salto bere adreiluzko gorputz eta guzti, aurretik eramango duela dena. Aldizka entzuten du idiaren lepoko zintzarriaren durundia, hala iruditzen zaio Migeli; kafe-makinaren putzen eta langileen berbaroaren artetik bereizten du tulun-tulun bat egunean zehar, bera ardo txikitoak errenkadan zerbitzatzen ari denetan burua hormarantz jasotzera behartzen duena, gehienetan tanta moreren bat aluminio gainera isuraraziz, baina azkenean beti izaten da edalontzi biren arteko talka, edo atearen intziria.

      “Ahazteko esango diot. Ez dudala ezer nahi, eta ahazteko nitaz”.

      Ahizpek elkarri begiratzerakoan, Migelek sumatu du elkarrizketa zaharren baten arrastoa aurpegiera haietan, bakoitza bere arrazoiaren bila, bere “esan nizun”aren usnan. Badirudi Anak irabazi duela argudiaketa isila, hasperen egin baitu lasaitasunez, eta azken trago bat emanda, mahaitik altxatu da.

      “Hobe ez fidatu. Zoaz etxera, guk jasoko dugu hau”.

      Rakelek hondartxo bat geratzen zaion patxaran botila hartu du eskuan, jostari.

      “Azken tragoa biderako, Migel?”.

      Eta Migelek baietz.

      “Gugatik”.

      Anak isilpean jaso ditu zigarrokinak eta hautsontziak.

      Migelek musu bana emanda agurtu ditu ahizpak. Kopa, txapel eta abereen argazki artean, Ana eta Rakel ere iraganeko oroitzapen kuttun iruditzen zaizkio batzuetan, aspaldi bizitako eta sendatutako min bat, dagoeneko urruna eta ederra dena.

      Sarrera nagusiko pertsiana botata dagoenez, sukaldeko ate txikitik irten da kalera. Gauak epel inguratu du, esnezkoa dirudien zeru baten azpian. Urrunean, makinaria handien burrunba eta burdina-kolpe erregularrak. Ohi baino samurrago sentitu du harria hankapean, edanak herriko gogortasunak bigundu izan balizkio bezala, propio, bere gorputzaren formetara molda daitezen.

      Tabernatik urrundu eta bere auzorako bidea hartzear dela, txistu bat entzun du atzetik. Ahots bat gero:

      “Migel!”.

      Norbait ari zaio keinuka lopetegitarren portaleko atetik. Migelek ezagutu du itzal hori. Elias da, taberna gaineko bizilaguna, laugarrenekoa. Igandero etortzen da tabernara emaztearekin txibierroak jatera.

      “Etxetik gas usaina hartu dugu, eta sukaldean soinuak entzuten zirenez, pentsatu dut zerbait utziko zenutela piztuta”.

      “Rakel eta Ana bertan daude”.

      “Ez dute erantzuten”.

      Kezkatu egin da Migel, eta lasterka igaro ditu gainetik lehen ibilitako pausoak.

      “Ez zintudan molestatu nahi, badakit berandu dela…”.

      Portalean sartu dira. Han dauka hirugarren sarbidea tabernak, sukaldeko ate txikiak barrutik kanpora irteteko balio baitu bakarrik. Giltzaren bila dabilela, okerrenak bururatu zaizkio Migeli. Rakel agian despistatuko zen, eta beraiek ezer usaindu ez, hainbeste tabakorekin.

      Giltza sarrailan sartzekotan dela, kokotetik heldu dio Eliasek, aurpegia horma lakarraren kontra sakatuz, kolpe lehor batez. Leherketa bat bezala zabaldu zaio mina masailetik burezur osora. Askatzen den gerriko baten uhal hotsa entzun du atzean, eta kremailera batena gero; ohartzerako, Eliasen ezkerreko eskua dauka bere praka bakeroei beherantz tira egin nahian. Minak erdi zorabiatuta utzi du Migel. Gizonaren hats beroa sentitu du belarri ertzera gerturatzen, “harrapatu zaitut”, haren gorputz handiaren pisua lepoaren kontra, eta esku urduriaren mugimendu aztoratuak, orain Migeli prakak eranzten saiatzen, orain bere zakila ukitzen.

      Oihu egin du. Hormako pikor zorrotzek ezpainetako azala zartatu diote, burdina zaporea sumatu du eztarrian behera. Geroz eta ozenago egin du garrasi, zirrikitu estuan erdi itota.

      Eliasek ahoa estali nahi izan dion unean, bere indar guztiekin sakatu dio atzerantz. Gizonak estropezu egin du, galtzak orkatilen parera jaitsita. Haren besotzarren artetik labainduta, ataritik irtetea lortu du Migelek, eta korrika urrundu da gauaren aldapetan gora.