Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

13

 

 

Tabernako argiak itzali dituzte idi buruak lo egin dezan, eta labanek, eta kristalezko edalontziek, sukaldeko ate txikitik irten dira bi zerbitzariak gauaren kantoira, masailak eta begi barruko zainak gorrituta, barrezka, goazen Paradisera, ate pisutsu eta beltzari bultza eginda sartu dira, gorde dizkiete jakak sarrerako arropategian, iluntasunak jan ditu Rakel eta Migel, iluntasunak eta zuzeneko kontzertu bateko doinu mexikarrek, mostradorera hurbildu dira, eskuineko horma osoa hartzen du alderik alde, han dago Toni eta hamar taburete gorri eta hamaika egurrezko aulki txiki belus urdinez tapizatuak, eta gehienetan norbait eserita dantzalekura begira, zerbaiten zain, erreserbatu txiki batera sartu dira Tonirekin eta ezagun batzuekin, izenekin txarra da Rakel, hormak moketaz estalita daude, hori gustatzen zaio, goxotasun hori, Tonik ilea ukitu dio Migeli, Rakelek barre egin du zigarroa aho parean jarrita, zigarroaren atzean ezkutatuz bere gorputza, bere bera, bere marrazkidun soinekoan zenbat lore ote daude, lore borobilak horiak berdeak urdinak, zenbat karratu ote daude paparreko mosaikoan, zenbat bat bi hiru lau bider bat bi hiru lau bost sei, fular gorria bota du lepotik estaltzeko dena, estaltzeko loreak eta karratuak eta estaltzeko bizitza, zerbait dauka barruan, bihotzaren gainean pisu bat, idi handiei probarrien gainean jartzen zaizkien hondarrez betetako zakuak, idi batzuk handiegiak direlako, eta justizia egin behar delako, edo ez, aitaren txabolaren alboko txaletekoek jarri duten pastore elektriko berria dauka taupa eta taupa, bere soka guztietan zehar elektrizitatea, animalien musuak kolpatzen eta animalia denek alde egiten dute bere ingurutik, badakite zerbait dutela soka horiek, zerbait duela Rakelek, barre egiten die denei zapo begi handiekin, ahoa erdi zabalik utzita, zoriona esekita trapu koipetsu bat bezala, Migel ere pozik dago, Toni bere bila dabil, umetxo bat sehaska gaineko jostailuak ukitu nahian ilunpetan, Rakelen memoria gauaren pusketa batzuk hautatzen ari da beste batzuk askatzeko, gehiegi ez oroitzeko, bat hartu bestea utzi, ogi papurrak lurrean jakiteko nora ez itzuli, baina goizean ogi papurrik ez inoiz, gora doalakoan behera, zenbat eta gehiago edan orduan eta, kizkur ilunak aurrera atzera algara bakoitzean bekainak bi zubi arkatz punta zorrotzez marraztuak barrea izan daiteke negarra ere amaierako zotintxoetan ematen du negarra dela edo oihu bat botila eta kopa hutsez betetako mahaiaren atzean Migel desagertu egin da Toni hor dago beste ahots batzuen erdian geratu da Rakel ahal duena erantzuten biolin soinuak musikariak urre eta esne koloreko trajeetan kabitu ezinik besteen pozari begira ur ikusezin baten barrutik eusten saiatu arren ihes egiten dio gauak horma bigunak xurgatzen ditu soinuak eta xurgatu du Rakel moketaren barruan sartu da hauts eta hezetasun eta tabako usainera horma barrura behingoz bizitzeko ilunpetan bizitzeko lo.