24
“Lasai, ikusteko moduan dago”, baretu ditu kanposantuko langileak.
Arnasari eutsi diote, bihotza salto-saltoka. Marmolezko mahai gainean dagoen kutxa inguratu dute. Ana hurbildu da lehenengo.
Lo dago Bizenta. Azalean beltzune bat zabaldu zaio, ardo tanta bat mantel zurian zabaltzen den moduan. Aurpegiko hezurrak ohi baino nabarmenduagoak ditu, baina lasai dago, ez dago minik ez amesgaiztorik bere betazalen ostean. Ezpain ertzetan pilatu zaio itxaroten denbora gehiegi daramanaren asperdura. Ile beltz sendoari eusten dio oraindik, bezperan orraztua balitz bezala, duela hamabost urteko bezperan.
Anak eskua kutxa barrura sartu du kolpetik, ez daki zergatik, ez daki ama ukitzera ausartuko ote litzatekeen ere, baina babes-jantzidun gizonak ez dio utzi gehiago hurbiltzen, ez omen dago baimenduta. Lurperatzerakoan sartu zizkioten arrosen zurtoinak dauzka amak aurpegiaren ondoan, amore emanda jadanik.
Ez diote elkarri beste ezer galdetu, orain denek dakitelako zer den norbere ama oso-osorik egotea, osorik eta geldirik, hain geldirik ze, Anak errua sentitu duela bere mugimendu bakoitzagatik. Une honexen zain egon ote da Bizenta, eta merezi izan ote dio hainbeste lanek. Espero zuena ikusi ote du goitik begira dauzkan bere seme-alaben eta senarraren aurpegi zurrunduetan. Agian oraintxe hasiko da ezerezten, eguzkiak eta oxigeno berriak eta bere umeen begiek eraginda.
Neba-arrebek telefonoz erabaki zuten ez direla kanposantura itzuliko beste hainbeste urtez, ihartzen diren loreen penatan bizitzeko eta kuotak ordaintzen ibiltzeko, gutxiago orain, ama oraindik amaren antzerako norbait dela jakinda. Erraustearen alde egin zuten.
Zenbat eta gehiago begiratu, Bizentaren aurpegia goibelagoa iruditzen zaio Anari. Barruak oinazetzen hasi zaizkio, eta badirudi beste senideei ere baietz, denek eman dutelako pauso bat atzerantz, norantza argirik gabeko bakarkako ibiliei ekiteko kutxaren inguruan. Buruak jaso dituztenean haizea eta txorien kantuak itzuli dira. Rakelek aita besarkatu du, eta kanposantuko langileak ulertu du igaro dela beharrezko denbora, hauxe dela bizitzak gelditasunari begira jasan dezakeen minutu kopurua.