Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

25

 

 

Hiru lirio arrosari helduta doa Rakel harri eta marmol beroen artetik, eguzkitako betaurreko handi eta borobilak jarrita.

      “Barkatu”, esan dio Rakelek nitxoen arteko kalexka estuan plaka bat garbitzen ari den andre txiki bati, aldamenetik pasatzean. Andrea, bere zereginetatik burua altxatuta, neska gaztearen pausokera balantzatiari begira geratu da.

      Lurreko harlauzen arteko belarrak horitu egin dira ama lurperatu zutenetik aste gutxi batzuk igaro direnean; harlauzetako batean zizare lodi bat dago luze-luze eginda, bart gaueko zaparradek itota, baina Rakelek ez du ikusi, eta ia zapaldu egin du larru beltzeko sandaliekin. Pareko ilarara jo du zuzenean, 3. blokera. Astiro, eskua pasatu dio 47. nitxoko izkribuari gainetik, egun apurrok aski izan dira hizkien zirrikituetan aireko hautsa pilatzen has dadin.

      Marmolezko plakaren beste aldean dago Bizenta Aitzondo, etzanda eta geldirik. Argazki obalatu batean harrapatu dute bere begitarte samurra; tabernako sukaldean ateratako argazki bat da, Anak egin ziona, aspaldi, bere lehenengo kamerarekin. Ama atseginez paratu zen objektiboaren aurrean, gaztetan ikasitakoa zirudien keinu bat azaleratu zitzaion.

      Bizentaren bloke berean sartu dute baratzean zegoela uholdeek eraman zuten bikote nagusia. Hauek ere iritsi berrien lore-sortaz hornituta daude.

      Rakelek, amaren hilobiaren parera aurpegia gerturatu, eta musu eman dio argazkiari. Gero, plaka jarri berriaren ertzetatik bistaratzen den eskaiola hondarra hazkatzeari ekin dio azazkalekin. Ze iluntasun ote dago hor barruan. Baserriko kateme zuriaren kumeez oroitu da, artean gazteegia zen kateme hartaz, egin gabe baitzeuzkan mokorretako hezurrak. Bi egunez desagertuta egon ondotik azaldu zen ukuilura, ahituta, lasto-fardoen gainean etzatera, eta, animalia ikaratia izanagatik, Rakelek uki zezan utzi zuen egun hartan; betazalak erori egiten zitzaizkion, lotarako deseatzen. Hunkituta laztandu zion sabela esku irekiarekin, sinetsita lehenengoz ikusiko zituela katakumeak jaiotzen bere begien aurrean, igarri ere egiten zituen lauzpabost konkortxo, baina laster hasi zen katemearen larrua hozten bere atzamar mamien azpian.

      Inguruko lorategiren bateko sasi-garbitzeko makinen hotsa entzuten da kanposantutik. Beroak gainerako guztia isildu du, loreak, herritarrak zein euliak. Eskuen arteko lirioen buruak ere maskaltzen hasi zaizkio Rakeli, eta ez dio astirik eman itzalgune bat aurkitzeko. Eguzkia gain-gainean dauka. Tanto zuriak ikusten hasi da begi-mintzen barruan, sargoriaren eraginez eta ginebra botila erdia edanda atera delako etxetik, bezperako arropekin. 

      Lurrean belaunikatu behar izan du, orkatila oraindik minberatuaren tirakadei jaramon egiteko baino ahulago. Belarrien barreneko burrunbak ez dio utzi laguntzera hurbildu den andre txiki asaldatuaren ahotsa ulertzen.

 

 

Iluntzeko haize usaintsua logelako gortina zuriak dantzarazten ari da. Lurrak gogotsu hartu du egunaren amaierako freskura. Pertsianaren zirriztutik kaleko farola piztu berrien argia eta gazteren batzuen berbaroa iristen dira. Esna dagoela jabetu ere egin gabe, leihoari begira daramatza Rakelek minutu batzuk. Urez betetako kristalezko botila bat utzi dio norbaitek mesanotxean, beste palankana txiki baten ondoan, kopeta gaineko oihal umela bertan utz dezan; burua jaso du, halako zaintza garbiaren atzean zeinen eskua egon daitekeen susmoa hartuta.

      “Nahi al duzu aspirina bat?”.

      Berehala agertu da ahizparen gorputzaren forma argikontrara. Rakelek buruarekin eman dio baiezkoa, eta begiak itxi ditu Anak esku-ahurra bekokian pausatu dionean, kizkurrak aurpegitik baztertuta. Zorabiatzearen antzerako bakea da ahizpak sentiarazten diona.

      Tortilla frantses egin berriarekin eta pilula pare batekin itzuli da logelara, eta eskumuturrean daraman goma urdina ere utzi dio, ilea jaso dezan. Rakelen mingaina espartzu lehorra da. On egin diote janak eta ur tragoak.

      “Hobeto?”. Anak etxeko arropak erantzi bitartean luzatu dio galdera; armairuko pertxan esekitako kamisoi arrosari heldu dio.

      “Ari naiz suspertzen”. Rakelek aurpegiera larriminduari eutsi dio, hala ere. Dagoeneko ikusi ditu logelako zoko batean Anaren maleta eta Super 8a, zorro beltzaren barruan.

      “Jaiak pasatu arte geratuko naiz, lagunduko dizuet. Bihar hitz egingo dugu, baina gauza asko daude egiteko. Almazeneko eskaerak, sukalderako eskuak... dena dago airean”. Inoiz joan izan ez balitz bezala hitz egiten du. Beharbada, ohi baino zakarxeago. Gabon esanda, pertsiana beheraino jaitsi, eta malguki zaratatsudun ohean murgildu da.

      “Ondo lo egin”, erantzun dio Rakelek, begiak zabalik oraindik, aurpegia ahizparen oherantz biratuta. Ana ere berari begira irudikatu du itzalpetik.