4
Taberna hartu eta astebetera, kotoizko amantal zuri txiki bana josi zien Bizentak alabei. Ohe gainean utzi zion bakoitzari berea, ezer esan gabe. Rakel pozez zoratzen jarri zen opariarekin. Maite zituen arropa berriak, are gehiago Anaren arropa berdinak baziren.
“Egon geldirik, Rakel”.
Anak amantala lotu nahi zion gerrira. Urduri zebiltzan, baina argitik ilunera igaro zen urduritasun mota bat zen ahizpa gaztetxoena. Zain zeuden, herri hura ez zela beraiek irudikatutakoa ahots goran lehenengo nork esango, ez zela Itsasgaineko ostatu txikien modukoa haien taberna berri hura.
Han ez zen beste umerik. Pisuko egurrak ez zuen intziririk egiten. Haizeak ere ez txisturik. Mendiaren soinu txikiak kamustu ziren, irak, adaxkak, animalia basatien marrumak eta uluak ilargipean. Berdegunerik ere apenas aurkitu zuten inguruan garra-garraka aritzeko. Baina urduritasun ilun hark mugiarazten zituen, hala ere, hara eta hona, eta horri esker gordetzen zuten oraindik ume tankera, bat-bateko barretxo eta txilio zorrotzekin, nahiz eta haien mami guriak lurruntzear zeuden gorpuzkera helduago baten baitara.
Atariko eskailerak saltoka jaitsi zituzten, eta tabernako sukaldera azaldu ziren, amantal garbiak soinean, bi tulipan jaioberri, amari eskerrak ematera. Bizentak eta Patxik irribarre egin zieten.
“Dotore zaudete!”, esan zien aitak. “Hemendik aurrera neskato atseginak izan behar duzue”.
Kafe-makina erabiltzen irakatsi zien Patxik arratsalde hartan, eta irlandesak eta eskozesak prestatzen, eta koñakak eta anisak bereizten, botilen formei eta izenei erreparatuta. “Hauek merkeenak dira, Soberano, Terry, Veterano, Fundador, Garvey, 103 zuria, eta gero beheko hauek, Magno, Carlos III, 103, baina beltza, garestiagoak, bai? Eta hau, ilunena, ikusten duzue? Rakel, ikusten al dun? Hau Remy Martin da, hauxe da denetan garestiena, eta Lepanto, hau ere bai. Hemendik ez zerbitzatu, izenetik eskatzen ez badizkizuete. Hemen anisak daude, Cadenas, Mono… eta Pernod, baina Pernod eskatuz gero, ur hotzarekin atera behar duzue. Eta, solysombra, solysombra egiteko anisa eta koñaka, biak nahastu honelako edalontzi batean, ulertuta?”.
Adi-adi egon ziren, Ana aitaren eskuei begira, edari horixkei, botila distiratsuei, kikara txikiei, kafe birrinei so, eta Rakel, berriz, Anari eta haren begi handi eta tristeei.