20
Babes-jantzi zuriz estalitako gizon batek geldiarazi ditu neba-arrebak kanposantuko sarreran, haien egonezinaren kaltetan. Bost minutuz itxaroteko eskatu die, kutxa mugitzen ari direla. Zer egin ez dakitela geratu dira, larri, elkarri esateko dauzkaten gauza apurrak agortuko ote zaizkien goizean goizetik.
Sakelako telefono berria joka hasi zaionean, izutu egin da Ana; oraindik ez da ohitu bat-bateko dardara hauetara. Tabernako zenbakia agertu da pantaila berdean, mugikorreko agendan gorde gabe daukana oraindik, buruz dakizkienak ez baititu alferrik gordeko. Vitaren ahotsa entzun du beste aldean. Eskolatik deitu omen dute, alaba sukarrarekin dagoela eta oraintxe ekarriko duela irakasleren batek tabernara, egoteko lasai, berak zainduko duela eta egingo diola kamamila bat eztiarekin, pentsioko gela batean etzango duela lo kuluxka bat egin dezan, bai, hirugarren gelan, eramango dutela medikuarenera arratsaldean, egoteko lasai, Ana, lasai egon, hartuko diot tenperatura ordu erdiro, goiza lasai doa eta moldatuko naiz. Ikusi al duzue ama? Oraindik ez? Tira, zuek zeuenera, sagutxoa nire kontu.
Baina Ana ez da sosegatu. Alaba txikia pentsioan irudikatze hutsak sumindu egin du. Noiz arte bizi behar ote du lekuz kanpo umeak, pentsatu du, noiz arte motots bat lapikoen artetik korrika, ezezagunen alboko mahaietan marrazkiak egiten edo haiei kromoak erakusten. Bere etxean, baina inoiz ez bere etxean bezain lasai, gurasoek beti eskuak beteta, bustita edo tresna zorrotzekin lanpetuta dituztelako, eta atzamar muinak ozpin eta gatz zaporekoak. Taberna, geroz eta zulo handiago bat, zenbat eta lur gehiago bota, orduan eta sakonago zabaltzen dena, eta barruan bere alaba, oraindik ama miresten duena, urte batzuk barru ezin izango dion arren eskolako lanekin lagundu, lagunen amei galdetu beharko diena ekuazioez eta aditzez, olioaren borbor lodiaren soinuan lo hartzen dakien umea, almazenean ezkutatzen dena haserretutakoan eta ardo kaxetan errotulagailuz bere izena idazten duena, mostradoretik deskafeinatu sobreak lapurtzen dituena kafe birrinak paperean itsasteko, hondartzak irudikatuz. Josebari otu zitzaion taberna hartzearena, pentsio txiki eta guzti, atzera ere herrian, eskolatik gertu. Umea eduki berritan, filmazioen joan-etorriaz nekatuta zegoela jabetu zen Ana, edo biek ezin zutela, behintzat, joan-etorrika bizi, eta ideia on samarra iruditu zitzaion senarrak proposatutakoa. Azken batean, jaiotzatik ezer bazekien, horixe zen: taberna bat aurrera nola atera. Gloria baino zatia txikiagoa zen lokala, eta hura bezalako taberna erraldoi bat familia gorabeheratsu batek bideratu bazuen hainbeste urtean, gobernatuko ez zituen, ba, bere kontura, sukalde kozkor bat eta pare bat logela? Amildegiak bazuen halako erakarpen indar bat, dena kolpetik askatzearen plazera, bai ekoiztetxeko lana, bai hiriko bizitza. Etxera itzultzea errepidearen hotza utzita, ahaztea leku galduak, jantziz betetako kutxak, gaueko katuen begi gorriak fokupean, makillatzaileak denen nekea estali ezinik, kafea kantinkadaka edanez bizitzea.
Baina gauez, tabernako sukaldean dagoenetan, txitxar metalikoena dirudien hozkailuen kantuaren erdian, non haize bolada are metalikoago batek astindu ohi duen txitxarren zelaia, Anak estraktorearen azpian erretzen baitu gaueko azken zigarroa, pentsatzen du irtetea hainbeste kostatu zitzaion zingirara ez ote den bizkorregi itzuli. Pentsatzen du zergatik egin duen, nork eskertzeko, eta ez daki erantzuten. Zain egon behar, ama bezala. Ez usteltzea, ez zikintzearren.
Senideen begietan sumatzen du justiziaren sosegua, horrela irakurtzen ditu berak tabernako mahai inguruan pilatzen zaizkionero. Ahizpa itzuli da behar den lekura, agortu zaizkio gaztetako zoriona eta garaiz kanpoko bidaiak, leku hain iritsezinak besteontzat. Hirian estutu egiten zen bere lagunek aipatzen zituzten erreferentzia guztiak irakurtzeko edo film denak ikusteko astirik izango ez zuelakoan. Aurretik beste hiru-lau belaunaldi irakurzale beharko lituzke horretarako, lagunen mundua eusten duten zutabeak eta ideiak ulertzeko, liburutegidun egongelak eta musikadun etxeak, Europako hizkuntzak eta hiriburuen argazkiak, baina etxe honetan idiei tiraka bizitzea tokatu zen eta tabernak zabaltzea etengabe, eta tabernetan idien argazkiak esekitzea. Anak buruz ikasten zituen lagunei entzuten zizkien izenak, gozatzen ikasi zuen besteak ere horrekin gozatzen ikusita, eta gehiegi saiatu beharrik gabe ikasi zuen, baita ere, bere etxekoei begiratzen bere lagunek begiratzen zieten moduan.
Kanposantuko langileak paso eman die. Hari segika joan dira neba-arrebak belarrak irentsitako harlauzak zapalduz, nitxo hustu berrien bitartetik.