Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

12

 

 

Telefono zenbaki bat utzi dio Anak ondo egindako ohearen gainean. Ez du sumatu ahizpa alde egiten, baina nola ba, bart ohera noiz iritsi zen ere ez badu oroitzen. Aulkia hutsik dago, behingoz itxi eta eramango zuen maleta barru-handia, baita idazmakina eta Super 8 kamera ere, haren traste berri guztiak. Tabernako lanetarako eskukada bat arropa baino ez du utzi armairuan. Ileko gomak eta etxeko zapatilak. Uste baino gutxiago harritu du Rakel logela erdi hutsak, beharbada zorigaitzeko egunek beldur handiagoa sorrarazten dutelako urrutitik. Ezer sentitzekotan, gosea sentitu du. Sukalderantz abiatu da, ohe gaineko paper txatala amantaleko poltsikoan gordeta.

      Eskailera burura iristean, ume negarra dirudien hots bat entzun du gurasoen logelatik. Isilka, egurrezko ateari bultza egin dio, eta matxinsalto begien umea ikusi ohean, parpailadun izaretan harrapatuta. Aho txikiarekin ari da negarrez, badaezpadako negarra delako etxe ezezagunean egin behar dena. Rakel ate ondoan sumatu duenean, mututu egin da. Begira geratu zaio. Bikote zaharraren ohean piztutako mirari berantiar bat dirudi umeak, azal eta ile berria egurrezko gurutze ilunaren azpian, nor den ez dakiela, maita dezala eskatzen dio Rakeli, baina honek buelta erdia eman, eta sukalderako bidea hartu du atzera ere eskaileretan behera.

      Astelehena izan arren, tabernako sukaldean jendea sartu du Bizentak. Alboko sukurtsaleko langilea dago Rakelek gosaldu behar zuen mahaian eserita. German ere bertan da, harraskaren ondoko taulan gisatutarako okela mozten.

      “Bizitza marrazoaren hortzen modukoa da, Bizenta. Oraintxe gora, oraintxe behera…”.

      Atzamarrarekin erpinak marrazten ditu airean Lorentxok. Konkortutako gizon txikiak ozen hitz egiten du, xomorro itxurako bibotea ukituz parekoaren erantzuna entzun ahala. Rakelek ez dio jaramonik egin. Lepoa emanda, garbigailutik ateratako mantel umelak esekitzeari ekin dio balkoian, erreka-haizeari lan apur bat emanez.

      “Inoiz ezin da jakin noiz datorren beherakada, Bizenta, egidazu kasu”, aholkatu dio dilistak zurrutadaka irentsi bitartean; dena presa da Lorentxo, dena eskumuturreko erlojuari begiratzea.

      “Erosi ezazu pisu bat, orain baino merkeago ez dira egongo eta. Noiz arte bizi behar duzue, ba, errentan?”.

      Bizenta gizonarentzako okela xerra bat frijitzen ari da. Hasperen egiten du Lorentxoren aholku bakoitzari erantzuteko. Bekokitik izerditan, irakiten dauka aurpegia, eta eskuak hotz-hotz. Seme-alabek ez dute ezer nabaritu, eta Rakelek, nabarituta ere, Anaren presazko ihesaldiari egotziko lioke amari gorputzaldi txarra eragin izana.

      “Gurean, diruak, gaur bai eta bihar falta, Lorentxo”.

      “Horrexegatik, ba!”, aztoratu zaio bibotedun gizontxoa, alkandora nasaiegiaren barruak bete ezinda. “Zahartutakoan zer? Pentsatu, Bizenta, pisu epel bat, zeurea betirako. Igogailua daukana!”.

      “Hori bai ona!”, erantzun dio erdi barrezka, gizonari arrazoi tanta bat emanda apur bat baretuko delakoan.

      Rakelek errekara begira entzun du elkarrizketa, mantel garbien usainean. Eguerdiko eguzkiak errekondoko etxeak zatika argitzen ditu. Etxe grisak, zikinak, eta beraien pertsiana berdeak eta leiho estuak, bakoitzak bere izara eta mantel sortatxoa sokatik dingilizka duela. Huntza horma umeletan gora, eta usoen urrumak teilatupeetan. Rakelek tentuz gorrotatzen ikasitako guztia, errekaren ibilbide osoa, kalexka bakoitza. Ihesbide bat bilatu nahi izan duen aldiro, barrurantz kiribildu zaio herria, taberna-zulo eta zoko hezeetarantz. Lotsatu egin da hainbeste urtetan Itsasgainera itzultzeko itxaropenari eusteagatik. Berandu ohartu da bakarrik dagoela itzulerako auto txiki horretan, ez dela beste seniderik etorri, denek sasoiz alde egin dutela amets mingarri horretatik.

      “Oraintxe egingo dituzte etxe berriak hementxe, alboko kalean. Sarrerarako dirutxo bat jarri, eta gero pixkanaka”.

      “Arrandegikoek erosiko omen dute pisu bat hor, bertako alabak esan zidan”, aipatu du Germanek, aiztoari atseden emanda. “Pozik zegoen. Diruak norabide bat behar du, azkenean”.

      “Norabide bat, oraintxe esan duzu! Entzun zure semeari, Bizenta!”.

      Plateren baten klin-klin hotsa entzun du Rakelek buru gainean, eta goitik behera erori dira antxoa hezur batzuk eta beste zer likitsen bat, jakiren baten saltsa. Kanporen esekitako mantela zipriztindu dute janari hondarrek errekara erori aurretik. Barrurantz erakarri ditu sokak Rakelek, aztoratuta, baina berandutxo. Koipe orban zabala eta tanta sail txiki bat zabaldu dira mantelean.

      “Badakizu ordu honetan zer dagoen, ba, Rakel...”, amak atzetik, hitzak hanka-puntetan.

      Baina Rakelek puzka erantzun dio. Mantel zikina garbigailura itzuli, eta inori agurrik esan gabe atera da sukaldetik. Lorentxok dilista hondarrak ogi mutur batekin garbitzen segitu du okelari kolpe aurretik, oraindik gosetua, gizona.

      “Marrazoaren hortzak, Bizenta. Badakit zer diodan”.

      Migelenerako bidea hartu du Rakelek kalean gora; etxe berdin-berdinen auzoan bizi da. Umeak jolasean dabiltza patioan, eta pare bat andre-buru ageri dira leihoetan, hautsak belztutako loreontzien ostetik elkarrekin berriketan. Txirrina jo du 28. atarian, eta segituan bistaratu da Migelen amaren aurpegiera txikia ere:

      “Rakel! Ondo al zabiltzate?”.

      “Bai, bai. Zuek zer moduz, Espe?”, eskua bekainen parean jarrita erantzun dio, eguzki erretik babesteko.

      “Hainbestean”, isilik geratu da une batez. “Oraintxe doa Migel”.

      Handik gutxira, bazkalosteko patxadaz irten da ataritik, eskuetako xaboi berdearen eta jaki frijituen nahasteko lurrina dariola, niki zuri estu bat soinean, koipe hondarrik gabeko gorputz hari baino kabituko ez litzaiokeena. Begiak itxi ditu uda aurreko argiari ezin eutsita.

      “Ana joan egin da”.

      Kremazko opil bat erosi dute auzoko denda txikian, eta tren geltokiranzko bidean doaz, ohitu gabeak elkarren aurpegiak ikustera hain leku argitsuetan, egunaren beste alde hartan. Isilik joatea erabaki dutela dirudi, opila eskuz esku, bestearen ahoa kremaz eta azukrez betez, ea nor itotzen den aurrena.

      Herriko zenbait bazter aldatu egin dira Rakel ohartzeke. Kale berri bat zabaldu dute ezerezetik, denda eta kafetegi txikiak agertu dira hainbat kantoitan. Geltokira iristear daudela, trenbidearen beste aldeko baserri zaharra falta dela ikusi du.

      “Noiz bota dute?”.

      Migelek ez daki. Beharbada Rakelek baino ez zuen ikusiko baserri hura, teilatu zabaleko mamu bat errailen aldamenean.

      Geltokiko egurrezko bankuan eseri dira biak, eta opilaren papertxoa errailetako harri artera bota dute, lehendik ere zaborrez betetako txoko batera. Zigarrokinak, kristalezko botilak, lata higatuak, denak trenen azpialdeei begira auskalo noiztik.

      Dardarka hasi dira kableak, urrutitik sumatzen da noiz datorren trena. Pareko nasako jendea zutitu egin da, eta Rakelek besotik heldu dio Migeli, eta burua bere sorbalda gainean jarri du gero. Trenak haize epela bota die aurpegira aldendu denean.

      Donostiako geltokiko kableetan ere entzungo ote da herritik irtendako trenen dardara? Agian burdin zatiren batekin kolpekatuko balu trenbidea, edo oihu egingo balu oso ozen, lurrari begira, entzungo luke Anak zerbait. Inkesa txiki bat egin du arnasa hartzean, Migelek entzuteko moduan.

      “Edonoiz joan gaitezke bisitan”, esan dio, zigarroari su eman nahian Rakelen besorik askatu beharrik izan gabe. “Datorren astean bertan, nahi baduzu”.

      Baina Rakelek ez du nahi kontsolamendurik, ez du ezer entzun nahi, badaki dena, jakin behar den guztia; Rakelek nahi du Migel ere goibeldu dadin berarekin, bere mina izan dadila min bera denentzat, azalpenik eman beharrik ez izateko.

      Pareko nasara emakume bat agertu da. Takoi granateengatik ezagutu du Rakelek umearen ama. Elegantziaz zapaltzen du geltokiko luze-zabala, astiro, ipurperaino iristen zaion ile sapa ezker-eskuma dantzatzen duela, eta zenbaki erromatarreko erloju handiari begiratzen dio joan-etorri bakoitzean. Migel ere adi dago emakumeari, tabakoaren keak sortutako kizkurretan harrapatuta.

      “Domekan ere etorri zen”, esan dio Rakelek. “Elias”, zehaztu du. “Bere emaztearekin azaldu zen txibierroak jatera”.

      Migelek sorbaldak jasoz eman dio lehenengo erantzuna. “Laster egunero ikusi beharko dugu, orduan”.

      “Bota dezakegu. Neuk botako dut”.

      “Nik hil egin nahi dut”, atera zaio, ahoak eman ahala. Rakel hitzik gabe geratu da, lagunaren begitarte erraustuan lehen aldiz ikusi dituen gorroto txinpartekin liluratuta.

      “Arratoientzako botika daukagu sukaldean”.

      Migelek burua biratu du Rakelenganantz, eta barrezka hasi da. Geltokira iritsi den trenaren trostak eta balaztaren intziriek estali dute bere ahotsa.

      “Zu kapaz izango zinateke, gainera”.

      Trena jendez hustu denean, Irunerako bideari berrekin dio. Umearen ama trenetik jaitsi den gizon batekin geratu da berriketan, eta urrundu egin dira berehala, errailen ondotik, gainerako bidaiarien kontrako noranzkoan. Emakumearen hanka txikiek zalantzaz botatzen dute pausoa trenbide bazterreko zikinkeriei iskin eginez.