8
Rakelek beragana hurbiltzeko keinua egin dio Migeli, atzamar batekin erakarriz. Mahaitik begira dauka, aurpegian negar arrastoekin. Ana, aldamenean, isilik, pareko patxaran botilaren erliebeetan zerbait zenbatzen.
Mostradore ondoko disko-jogailua piztu, eta ahots indartsu batek bete ditu taberna iluneko koska guztiak.
Go on now, go, walk out the door, just turn around now, ’cause you’re not welcome anymore.
Edalontzia eskuan hartuta gerturatu zaio mutila, narras. Kantuaren alaiak beraien gorputzak mugiarazten ditu, eta irribarre alfer bana bistaratu zaie. Gaua da, estalia edo izartsua, hori ez dakite.
Migelek eta Rakelek elkar besarkatu dute baldosa gorrien gainean; azalaren astinaldiak berriro askatu die negarraren korapiloa. Rakel Anari begira dago besarkada bustiaren erditik, baina begiek topo egin orduko, burua Migelen sorbaldan gorde du berriro. Mutila arrantzaka hasi da. Barruko ura aldatu zaio Eliasenaz geroztik, eta Rakelek ez daki nola goxatu laguna.
Kantuaren hitz ulertezinak ahoskatzen saiatzen da Migelen belarri ertzean, erritmoa harrapatu ezinda, kantu hau beste bizitza batekoa baita, beraiek ukitu ezineko sabai altuegiren batean konposatua.
Bolumena apaltzen hasi da azken segundoetan. Kantua ez da amaitzen, urrundu egiten da, tabernako hormetan utzitako puska denak bildu eta bueltan disko-jogailuaren barrura. Rakelek atzetik jarraitu dio. Gloria Gaynor entzuten da oraindik estribilloa ahoskatzen, geroz eta harantzago, esateko gauza gehiagorekin, berdintsuak edo bestelakoak; agian kantatutako denak ukatuko lituzke jarraian letorkeen estrofan, nork jakin, edo betierekoan errepikatu eta errepikatu, inork entzun ez arren.
Guztiz desagertu aurretik, Rakelek botoiari sakatu dio berriz. Briz-brizdun soineko beltzetik heldu izan balio bezala atea ixtear zenean.
At first I was afraid, I was petrified. Kept thinking I could never live without you by my side...
Doinu hori berriro, hiru minuturako promesa.
“Joango al gara lotara?”, galdetu die Anak mahaitik, dagoeneko hautsontziko zigarrokinak botata, kopak jasota, mahaia garbituta. Goizaldeko hirurak dira mostradore gaineko erlojuan.
“Gu oraindik ez”, erantzun dio Rakelek, bururik biratu gabe, ostera ere Migeli estu-estu helduta. “Ezta?”. Migelek ez du ezer erantzun. Gaur ere ez da bere etxera iritsiko. Germanen aldameneko ohe estuan sartu beharko du, beste gau pare batean egin bezala. Zerraldo mozkortzen da, Eliasen portal paretik berriro bakarrik eta gauez joan beharrik ez izateko. Atari hura barrutik igarotzea eta eskaileretan gora erdi arrastaka igotzea nahiago izateraino.
Argi bakarra utzi die piztuta Anak.