Bar Gloria
Bar Gloria
2022, nobela
192 orrialde
978-84-17051-93-8
Azala: Arriguri
Nerea Ibarzabal Salegi
1994, Markina-Xemein
 
 

 

19

 

 

Patxik beti joan nahi izaten du bere kotxean probalekura, bere aldatzeko arropekin, atzeko eserlekuan badaezpadako jertseekin, bere gauzatxoekin, Arrateko Amaren eskuko egutegi horitua eta albahaka mutur bat, edo lore ihartu batzuk bolantearen atzean. Paper solteak, orrazi bat... aldare moduko bat iruditzen zaio Rakeli kotxearen aurrealdea; ez du ondo ulertzen bere aitaren edertasun txikiak pilatzeko joera.

      San Migelgo bihurguneetan behera doaz aita-alabak, aurretik idi parea daraman kamioia dutela. Kamioia zuri-urdina da, astiro doa, aitaren aginduz ziurrenik, idiak probalekura ondoezik irits ez daitezen. Patxik bultza egiten dio kamioiari begiradarekin, bultza barruko idiei, ordubete barru tira egingo dien arren. Apustuaren eguna da, eta autoan ezin da hitzik egin gehiago. Leihoak jaitsita, Rakelek atzean uzten dituzten zelai eta basoei begiratzen die ispilutik. Ez daki ziur aitak berarekin joan izana eskertzen ote duen. Gauza asko dakizki Rakelek aitak esan beharrik gabe, eta beste gauza asko ez ditu inoiz jakingo, aitak ez dizkiolako sekula esango.

      Amari laster emango diote alta ospitalean, hori esan diete medikuek. Etxeko giroa berunezkoa da Bizentarik gabe. Anarekin ospitaleko korridoreetan egunero elkartzea, horixe baino ez zuen eskertzen Rakelek egoera berritik, baina orain ahizpa Pirinioetan dago bestelako zereginetan. Bart hitz egin zuten telefonoz, taberna itxiaz eta diruaz galdetu zion Anak, eta Rakelek ahalik gordinen eta zatarren azaldu zion bere tristura, horrek errudun sentiaraziko zuelako esperantzarekin.

      Kamioia frontoi parean geratu da, eta goraxeago utzi du autoa Patxik. Idiek argirantz begiratu dute erremolkeko ateak ireki dizkietenean, buruetako sokek uzten dieten tamainan. Patxi kamioira igo da; zerbait xuxurlatu die idiei, ohiko hitz txikiak. Muturrak laztandu dizkie esku lakarrekin. Hauxe da jendaurrera irten aurreko azken agurra hiruren artean, barkamen eske bat, edo mehatxu bat.

      Rakel desagertu egin da Patxirentzat. Goiburu esaten dioten gizon batekin elkartu da frontoi ondoko tabernan, Patxiren aspaldiko laguna.

      “Hemen gure neskatila ere! Andretu zaigu!”.

      Gizon mardula da, mutilzaharra eta alaia. Edale porrokatua ere bai. Bere arratoi-txakur begietan nabaritzen zaio estimuan duela Rakel, eta, orokorrean, lopetegitar denak. Bizentaren osasunari buruz galdetu dio.

      “Ospitalean jarraitzen du, baina hobeto dago”.

      Barra ertzera gerturatu dira, vodka-limoi bat eta kubalibre bat eskatzeko. Jendetxoa dabil herriko taberna bakarrean, apustuaren kontuak erakarrita. Ezagun bat hurbildu zaie hizketan.

      “Lopetegiren alaba izango zara zu. Ederki hazi zara”.

      Gorputz osoa miatu dio begiradarekin.

      “Gogoan dut, neska txiki bat zinenean, nola kobratzen zenizkigun errondak batuketak atzamarrekin eginda”, eta barrez lehertu da. “Horrelakoxea zinen”, esan dio, eskua lurretik metro eta erdira jarrita, “txatxarra eta iharra. Han egoten zinen, ate ostetik jangelako bezerooi begira. Eta zuen ama, hura bai andre fina...”.

      Rakelen begirada aldatu egin da, eta Goiburuk nabaritu dio.

      “Harantz joan beharko dugu” esanda, besotik heldu dio Rakeli, eta hantxe utzi dute gizona, besteren batzuen bila.

      “Nola ikusi duzu aita?”, galdetu dio Goiburuk plazako sarreran, erdi isilpean.

      “Beti bezala. Serio”.

      “Ondo egin beharko du gaur”.

      “Bai, gozoa egongo da bestela datozen egunetan”.

      Goiburu zerbait gehiago esatera doala iruditu zaio une batez, baina kubalibre trago batekin irentsi du.

      Frontoiko kantxa eta probalekua alboz albo daude, sare batek bananduta. Argi fluoreszenteek berdetu egiten dituzte bertakoen aurpegiak. Probalekuari kea dario, laino moduko bat ari da pilatzen airean, harri haustuzkoa. Tabernatik gertuen dagoen harmailan eseri dira Goiburu eta Rakel. Oihartzunarekin ia ez da ulertzen esatariaren hitzik: “36 untze, 20 minutu eta 14 segundotan…”.

      Irigoienen idiak ilunagoak dira, handiagoak ere bai. Buruarekin ezetz-ezetz esanez mugitzen dira punta batetik bestera, uztarriak hala behartuta. Gizonak indarrez egiten die tira burura lotutako larruzko soketatik; hanka gihartsudun itzaina da Irigoien, gaztea Patxiren aldean. Idien adurrez zikinduta dauzka mahonezko praka urdinak. Atzetik harriari bultzaka doan akuilariak amorruz zulatzen dizkie idiei izterrak, larrurik finena eta argiena daukaten barnealde horretatik.

      Minutu baten faltan, txistuka hasi dira zenbait gizon, eta itzainak gogor kolpekatu ditu idien muturrak akuiluarekin. Zartailu soinua ateratzen du kolpe bakoitzak; hurritza hezurraren kontra. Aidaka eta orroka, azken untzearen bila abiatu dira gizonak idiak erdian hartuta. Epailearen txistuak jo du kronometroa ordu erdira iritsi denean: berrogeian geratu dira.

      Irigoienen idien mingain moreek bare handi bi dirudite, adur zuritan itota, bizitza bila. Rakelek gupida sentitu du kateen soinua askatzen entzun duenean; burdina harriaren kontra.

      “Aitak berrogei bai, ala?”, galdetu dio Goibururi.

      “Bai, behar luke”.

      Rakelek idi abailduak urruntzen ikusi ditu, izterrak eta ipurtaldea odoleztatuta, mantapean berriro, pertika luzea lurretik arrastaka daramatela. Harritik askatuta ere, oraindik kargaren bati tiraka doazela ematen du.

      Patxi eta bere akuilaria sartu dira plazara. Abereak txukun eta garbi dakartzate, borla gorri-berdedun sapak bekokira josita begi gainak estaltzeko. Txabolako idi polit eta ikaratiak, gaztaina eta ogia, erdi mozorrotuta bat-batean. Idiak harrira lotu bitartean, aitak ez du jendetzara begiratu ere egin.

      “Hau Andoni da, Rakel”.

      Vodka-limoi prestatu berri batek estali dio aitaren ikuspegia. Burua jasotzerakoan, Goiburu mutil gazteago batekin datorrela ikusi du. Musu pare bat eman, eta aldamenean eseri zaio.

      “Urduri?”, galdetu dio Andonik.

      “Ez. Irabaz dezake”.

      Barre egin du mutilak, sudur zapala zimurtuz. Aho handia dauka, begiak ere handiak, mugimenduak berdin. Edertasun bat du haren lekua hartzeko erak, eta horrek zerbait piztu du Rakelen barruan.

      “Andoni gorliztarra da”, azaldu dio Goiburuk. “Taberna bat daukate, zuek bezala. Zure aita sarri egon izan da bertan”.

      Alkandora zuriak ondo ematen dio mutilari. Susmoa du Andoni ere gustura eseri dela bere alboan; bularretara begira harrapatu du pare bat aldiz. Aitaren alaba izateak badu leku honetan zeharkako distira bat.

      Epailearen txistuarekin hasi da Patxiren txanda. Jendea bero, apustuak egiten ari da ozen.

      “Gure zaharra ondo dabil, ezta?”.

      Irribarrez hitz egiten diote elkarri. Aitak irabaztea desio du orain.

      34 untze. Odolak lehenengo idi parearen odolaren kolore eta norabide berdina hartu du. Buruek ezetz-ezetz. Ferra-hotsa, mingainak kanporantz bistaratzen hasiak. Oraindik minutuak dauzkate aurretik, baina geroz eta zabarragoak eta bizkorragoak dira joan-etorriak.

      Goiburuk eta Rakelek hirugarren konbinatuari heldu diotenean, ogi koloreko idi txikiari labain egin dio aurreko hankako ferrak, eta lurreraino makurtu du burua, berarekin makurraraziz aldameneko idia ere. Patxik gorantz egin die tira, orroka, gorri-gorri, debaldeko espektakulu zalea ez den arren. Idiak akituta daude, eta ez dute berehalakoan pausorik zuzendu nahi. Gizon denak aztoratu dira eta harrabotsa zabaldu da probalekuan.

      Rakelek begiak itxi behar izan ditu aitaren estualdia ez bizitzeko, baina bere barruko iluntasun horretan, aterik gabeko gorputz beltzaren baitan, iruditu zaio bakar-bakarrik dagoela munduan, eta izututa jaso ditu berriro betazalak, Andoniri eta Goibururi begiratzeko.

      Epaileak txistu jo du, eta amaitu dira probak.

      Mostradorearen ezohiko aldean jarri dira bi tabernariak, Rakel eta Andoni. Barrezka ari dira, elkarren belarri ertzetik gertu. Taberna beteta dago. Oraintxe sartu da Patxi atetik, irribarre txikia ahoan.

      Goiburu eta gainerako gizonak gerturatu zaizkio zoriontzera; Rakel ez da ausartu. Badaki oraindik ez duela baimenik, orain seinaleren baten zain egotea dagokio. Begi keinuren bat, txantxaren bat, marmarren bat. Aitak horrela zabaltzen dizkio ateak.

      Andoniri belarrira hizketan segitu du, beharbada horixe izan daiteke Patxik zerbait oihukatzeko modurik eraginkorrena.

      “Diru pila ederra irabazi du zuen aitak”, esan dio Andonik, ezustean.

      “A bai?”, Rakel benetan harritu du esandakoak.

      “Milioi bat”.

      Rakelek aitarenganantz biratu du burua. Urrunetik beste bat dirudi, besteekin beti da beste bat. Barrezka ari da, begirada umilduta, taldera batu zaizkien bi andrazko ilehoriri zerbait azaltzen. Zenbat gizon desberdin bizi dira aitaren baitan, eta zergatik egokitu zaio berari denetan laiotzena? Rakel ospitaleko amaz oroitu da, fakturez, errentaz, eta nola, artean baserrian bizi zirenean, Patxi bi egunean etxetik agertu ez zen; amak Rakel eta German bidali zituen aita bila auzoko tabernetara. Lehenengoan aurkitu zuten. Ate ondotik egin zion oihu Rakelek, haren lagun denen aurrean: “Aita, amak esan du etxera etortzeko”. Patxik, aulkitik jaiki, eta garrasi batekin uxatu zituen seme-alabak, hurrengoan aurpegiak txikituko zizkiela zin eginez.

      Andonik eraman du herrira bueltan, aitarekin egindako bi hitzetan ulertu baitu bera han geratuko dela beste tarte batez. Gloriara sartu dira, argi pare bat piztu, eta ron-kola bi prestatu ditu Rakelek. Bidaiarekin mozkorra jaitsi zaio, argi samar dauka burua. Bat-batean, Andoni lekuz kanpo dagoela sentitu du, proba-harririk eta zalapartarik gabe. Taberna hutsik eta isilegi. Lotara joan nahi du Rakelek, edo edatekotan, bakarrik edan.

      “Tori, biderako”, eta edalontzia luzatu dio mutilari. Mahai gainean eseri da Rakel, aulkian esertzeak elkarrizketa luzatzeko aukera iradoki dezakeela pentsatuta. Hankak airean geratu zaizkio. Anak oparitutako kanperak daramatza, eta aurrera eta atzera mugitzen ditu, Andoniri gehiegi gerturatzeko tarterik utzi gabe.

      Rakelen beldurren jakitun balitz legez, mutilak kondoi bat atera du praka bakeroen poltsikotik. Rakel izoztuta geratu da, hanken mugimendua ere gelditzeraino.

      “Egin beharko dugu, ba?”.

      Rakelek ezezkoa eman dio buruarekin.

      “Hemen ez. Gaur ez”.

      “Horixe baietz”, eta, zalantza izpirik gabe, eskuak bularren gainean jarri dizkio, erdi barrezka. Rakelek albo baterantz bota du gorputza, eta mahaitik erori da, ezeri heltzeko astirik izan aurretik. Min izugarria sentitu du orkatilan.

      Mahaiaren hankari helduta ahalegindu da lurretik altxatzen, ezinean. Andoni urrundu egin da. Sarrerako atea ireki nahian dabil.

      “Zabaldu hau!”.

      Rakel sukalderantz abiatu da herrenka, telefonoa hartu eta goiko pisura deitzeko. German etxean izango da honezkero. Baina esku batek alkandoraren lepotik tiratu dio mostradorera heltzear dela, eta giltzen bila hasi da bere arropen zirrikituetan. Rakelek nebari hots egin dio, txilio betean.

      “Isildu, zerria!”. Rakeli aurpegiko bat emanda, sukalde barrura desagertu da Andoni. Kanpora ematen duen ate txikia entzun da zabaltzen. Kaleko haize beroa zirimolaka sartu da tabernara.