Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Amaiera
Liburu honetan hizkuntzaren labirintoan zehar ibili gara sexua eta generoa gogoan genituela, eta haragizko zein fikziozko emakume asko izan ditugu bidelagun, hala nola, Utergako Joana, Klementzia Richard, emazteki lilitxoak, Virginia Woolf, Tramana eta Brix, King Kong neska, Frantziako anderea, eta definizio bitar zurrunei ihes egiten dieten Katalina Erauso edo nokazale gazte ez-bitarrak beste batzuen artean. Lihozko hari gorri banari segika ibili ditugu labirintoko bideak.
Askotariko gaiak ukitu ditugu eta zer pentsatua emango zioten irakurleari: maskulino ezmarkatuaren ajeak eta sendabelarrak; noka, xoka eta toka; ahots bitasuna; soinu espazioa eta isiltasuna; tabuak eta eufemismoak; irainen berjabetzea, amaginarrebaren hizkuntzak eta abar. Nire asmoa izan da, iritziak gorabehera, genero gramatikala edo madarikazioak bezalako gertakari linguistikoen gaineko gogoeta egitea eta irakurlea gure jokabide linguistikoez ohartaraztea: nokadunak izanik, kalean zukaz baliatzen ote garen neskekin eta toka, berriz, mutilekin; madarikatzen ote dugun ala ez; zenbateraino eta noren aurrean; isilik gelditzen ote garen hitz egitea dagokigunean edo, alderantziz, hitz egiten ote dugun isilik egotea hobe genukeenean; hitz txandak errespetatzen ditugun edo bestearen hitza zapuzten; mintzagaiaz asko jakinik ere, zalantzati agertzen ote garen besteon aurrean hizketan, edo, txintik jakin gabe, ziurtasun erabatekoarekin... Hori guztia jakin ezean, nekez jakingo dugu norantz goazen eta batez ere norantz joan nahi dugun. Aspaldi hasitako hausnarketa kolektiboari segida eman nahi izan diot horrela, ezagunak diren alderdiak birpentsatuz eta ezezagunak direnak erakutsiz. Beharbada euskal diskuntza (hizkuntza disidentea) bera eraikitzen (edo behintzat euskal hiztunak deseraikitzen) laguntzeko ere balia liteke gogoeta hau.
Bestalde, ikerketen emaitzak hor daude eta ukaezinak dira —zientziaren mugen barruan beti ere—, eta emaitza horien arabera, emakume eta gizonen arteko sexu-genero arrakala linguistikoa egon badago, batez ere —baina ez bakarrik— elkarrizketetan. Horrek, baina, ez du esan nahi joera orokorrek salbuespenik ez dutenik, esate baterako, emakume batzuek espazio publikoan hitz egiten ez dutenik, sendo gainera, edo madarikatzen ez dutenik Tramanak eta Brixek bezain ozenki. Beharbada ez dago labirintotik irteteko bide bat bakarra, ez baitago norbere burua hizkuntzaren bitartez adierazteko modu bat bakarra ere, izan emakume, izan gizon, izan ez-bitar. Beharbada iraultza handia gure txikien ikasgeletan hasiko da, gure gazteak unibertsitatera (edo beste inora) heltzen direnerako, denbora larregi igaro baita rol zaharrak irauli eta berreraikitzen hasteko. Mariasun Landa maistra handiaren ipuinetako pertsonaia gogoangarrien eskutik abia gintezke beharbada[216]. Asko eta askotarikoak dira bere ipuinetako neskato eta emakumeak, estereotipoak abandonatzen dituztenak, sugandilek buztana nola —norberak hauta ditzala maiteenak, euskaldunon liburutegi sentimentalean ez baitira falta—. Eta pertsonaia nagusien artean, gizonezkoak horrenbeste ez diren arren, bada bat bereziki samurra, bere bidetik irten den errekastoa: Juan Jose (J.J.), krokodiloa ohe azpian aurkitu zuen banku bateko administraria; zazpietan esnatzen zena, txukun eta arduraz janzten zena, gustatzen zitzaiona Elenak, praktiketako neskak —hur distiratsuak bezalako begiak zituenak—, bere esku zainduei erreparatzea, edo bibotetxo gaztaina koloreari edo gorbatari![217] Ez, ez dago ez emakume ez gizon izateko modu bat bakarra —krokodiloak edonoren ohe azpian ager daitezke—. Izatez, norbera Inurri bitxia[218] ere izan liteke, bere buruarekin batere gustura ez zegoena, ezta batere baina eta besteak ez bezalakoa izatea hautatu eta goitik behera antzaldatu zena —burua handitu, gorputza goitik behera urdinez koloreztatu...—, halako batean inurritegitik kanpora bota zuten arren. Hizkuntza aldatzea hautu indibiduala ere izan daiteke, beraz, norberarengan hasten baita iraultza betierekoa.
Algortan, 2024ko urriaren 2an
[216] Mari Jose Olaziregik (1999: 29) dioen bezala, [Landaren] “pertsonaiek sexu-estereotipoak hankaz gora jartzen dituzte”.
[217] Landa (2002: 8).
[218] Landa (2004: 2). Juan Jose, Inurri bitxia eta beste pertsonaia ahaztezin batzuen azterketarako, ikus Olaziregi (2020). Egileak bertan dio Emozioen Gramatika eskaini digula bere lanarekin Mariasun Landak, eta hara non deskubritu dudan bat-batean nire gramatikaririk faboritoenetakoa, urteotan uste izan dudanaren kontra, Mariasun Landa dela. 2023ko Emakunde Saria jaso zuen idazleak “sormenaren bitartez berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari egindako ekarpenagatik”.