Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

2.6.
EMAKUMEA, AHOTSA, ISILTASUNA
ETA ESPAZIO PUBLIKOA

 

 

      Aztertu berri dugu zein den ikasle diren emakumeen eta gizonen jokabidea unibertsitateko ikasgeletan, baina aldeak alde, jokabide hori bera da espazio publikoaren gainerako eremuetan antzematen dena. Estrella Montoliok[135] dio emakumeek espazio publikoan, hala nola, telebistako saioetan, lan-bileretan, klaustro akademikoetan, jardunaldi zientifikoetan (eta, ikusi dugunez, ikasgeletan): 1) gutxiagotan parte hartzen dutela gizonezkoek baino; 2) parte hartzen dutenean, gutxiago hitz egiten dutela (hitz gutxiago erabiltzen dituztela); 3) gizonei baino gehiagotan kentzen dietela hitza[136]; 4) egiten dituzten proposamenek isiltasuna edo axolagabekeria jasotzen dutela erantzun gisa (baina, handik gutxira proposamen bera egiten duenean gizona den kide batek orduan taldearen txaloa jasotzen duela); 5) ez direla gizonak bezain asertiboak, zalantzatiagoak direla, eta ezer proposatu aurretik, barkatzeko eskatzen dute norbere burua gutxiesteko hitzaurreen bidez. Ezaugarri horietaz guztiez hitz egin dugu unibertsitateko ikasgelez ari ginela, laugarrenaz izan ezik[137].

      Laugarren ezaugarriak eta, oro har, gainerako guztiek zerikusia dute Mary Beardek Women & Power izeneko liburu ederrean[138] aztertzen duen ideia batekin, alegia, Mendebaldeko kulturaren idatzizko ebidentzia hasten denetik, emakumeen ahotsak ez dir[ela] entzuten esfera publikoan[139]. Eta horrek, dioenez, zerikusia du egitate batekin: haztearen berezko parte bat gizonarentzat adierazpen publikoaren kontrola hartzen ikastea d[el]a eta espezieko emea isiltzea[140]. Beardek askotariko adibideak ematen dizkigu bere tesia oinarritzeko, Grezia eta Erroma klasikokoak asko, Ikasketa Klasikoetan aditua delako. Dioenez, gizon batek emakume bati isiltzeko esan zioneko erregistratutako adibide guztietatik lehena Homeroren Odiseakoa da, Telemakok Penelope, bere ama, isilarazi zuenekoa: ama, zoaz zure gelara eta hasi zaitez zure lanean, ehundegian eta goruan [...] hizketa gizonen ardura izango da, gizon guztiena eta batez ere nirea; nirea baita etxe honetako agintea[141]. Telemakok hitza kentzen dio, beraz, emakume bati, bere amari, eta espazio publikoaren jabe egiten da.

      Hori baino adibide latzagoak ematen ditu Beardek. Izan ere, emakumeei hitz egiten uzten zitzaien biktima eta martiri gisa, euren heriotza baino lehenago, baina batzuetan hil aurreko hitza ere bortizki ukatzen zitzaien eta mingaina erauzten zieten, Tereok bere koinata Filomelari egin zion bezala behin bortxatu eta gero, Ovidioren Metamorfosiak liburuan kontatzen denez: Atera zuen ezpata, ileetatik heldu eta kateatu egin zuen. Filomelak lepoa eskaintzen zion, heriotzaren itxaropenez, eta ez zen isiltzen aitari deika. Tereok, mingaina hartu eta kurrika batzuez moztu zion. Mingaina xuxurlaka erori zen lurrera, suge bat bezala jauzika[142].

      Gutxi izango dira Filomelaren istorioa bezain tragiko eta gupidagabeak, hala da, baina oraindik ere emakumearen ahotsari entzungor egiten zaio, mingaina mozteko beharrik izan gabe. Beardek Triggs andereñoaren bineta ematen du gorreria horren parodia gisa. Riana Duncanen 1988ko bineta batean, Triggs andereñoa ageri da lan-bilera batean, mahai baten aurrean eserita ondoan bost gizon dituela. Mahaiburuan eserita dagoen nagusiak dio: Iradokizun bikaina, Triggs andereñoa. Beharbada hemen dauden gizonetako batek egin nahiko luke[143]. Mary Beardek dio inoiz egon bada emakumerik bilera batean ahoa zabaldu duenik, lehenago edo geroago Triggs andereñoaren tratamendua jaso duela.

      Bestelako estrategiak erabili ohi dituzte gizonek emakumeak zeharbidez isilarazteko, hala nola, mansplaining ezaguna, Rebecca Solnitek Men Explain Things to Me “Gizonek gauzak azaltzen dizkidate” saiakera gogoangarrian[144] lehenengoz baliatu zuena. Hitzari arzalpen euskal ordain dotorea eman zion Estitxu Garaik (@egarai) 2016ko txio batean, esanahia eta guzti: gizonak emakumeari emandako azalpen hantuste eta paternalista. Eta estrategietan azkena hitza kentzea da, lehenago unibertsitateko ikasgelei dagokienez eztabaidatu dugun bezala, nahiz eta jokabide bera beste eremu sozial batzuetan antzeman duten emakume batzuek, hala nola, Kieran Snyderrek[145] teknologian. Are gehiago, Snyderrek dio teknologian aurrera egin nahi duen emakumeak gizonei hitza kentzen ikasi behar duela. Beharbada Vivian Gornicken Omenaldi izeneko kontakizun hartako Rhoda Munk izeneko feminista batek bezala egin beharko genuke. Afalorduan mahaiaren bueltan jarrita zeudela, Kayman izeneko eskola zaharreko (gizonezko) komunista bati, esaten [z]uen guztiak berebiziko garrantzia [z]uela uste [z]uenari hitza kentzen hasi zitzaionean, ingurukoen harridurarako. Mahaikide bat leziatzen hasi zitzaion, gainera, eta Rhodak erantzun: zu, gizontxo zatarra, ez niri esan inori hitza ez kentzeko[146]. Eta ondoren: baldinbaitere inork gizon honi eragotziko balio esaldi bat amaitzea [...] Nik uste nuen laguntzen ari nintzela bakarrizketa elkarrizketa bihurtzen[147]. Rhoda bezalakoak salbuespenak dira, baina.

      Laburbilduz, Beardi jarraiki, espazio publikora begiratuz gero, emakumeen isiltasuna da nagusitzen dena, halaxe egitea komeni zaiela erakutsi dielako historiak, batetik bortxaz, mingaina moztuz besteak beste; bestetik, sibilinoki, Miss Triggsen tratamendua emanez, arzalpenez edo hitza lotsarik gabe kenduz.

      Horretaz guztiaz jakitun, emakumeok begi-bistako bi bide jarrai genitzake gutxienez: edo orain arteko bera edo bestelako bat, eta ez dezagun ahaztu Ariadnaren hariak labirintoko aterabidean jarri behar gaituela, ez hara eta honako igarobideetan noraezean. Emakumeok badaezpada isilik, ahal den isilen, edo gutxitxo hitz egiten jarrai genezake —eta, jakina, gizonezkoek diotena beti bezain adeitsu entzuten, alegia, beti besteen onerako behar dena eta behar ez dena egiten, hezibide onekoak gu—. Eta hitz egiten hasiz gero, geure burua gutxiesteko hitzaurreak edo ahots bitasun zuzentzailea —beharbada hau ez da zuzena, baina...— baliatzen ere jarrai genezake, zeren zalantzak izatez jakintza eraikitzen laguntzen baldin badigu edo bi jakingairen arteko ñabardurak bereizten bederen, orduan ez dugu-eta zertan jakintsu itxurak egin, bihozkada zalantzakorrak ezkutatuz —gu ez gara gizonak bezalakoak esango du urliak ezta izan nahi ere—. Baina ez gaitezen engaina: zalantzak galbidera eraman izan gaitu emakumeok. Duda-mudatan gabiltzala, dakiguna lotsati eta beldurti agertuz adierazten baldin badugu, galtzaile aterako gara aurrerantzean ere ziurtasun berezko eta harrigarriaz hitz egin ohi duten gizonen aurrean. Ahaleginetan, baina alfer-alferrik. Gainerakoan, gure hitzaren lapurrari men eginez, hitz egiten segitzen utzi? Gizonek leziatzen gaituztenean ere, euren hitza eteteko ausardiarik erakutsi ez? Bide hori hautsi beharra dago, Rhoda Munk alegiazko feministak ausarki egin zuen bezala.

      Azkenik, ñabardurak garrantzitsuak dira, badakit, eta emakume guztiok ez gara egur bereko ezpalak —ezta, esan gabe doa, gizon guztiak ere—. Nolanahi ere den, nik momentuz unibertsitateko ikasgela batean neskato bati galdera bat egin eta erantzunaren hitzaurre umilgarri bat entzun orduko, horrelakorik berriro ez erabiltzeko agintzen diot, bai baitakit nekez gogoratuko dituela gerora dyirbalaren ergatibotasunari buruzko zertzeladak, baina oso gogoan gordeko duela Hizkuntza Tipologiako irakasleak ez ziola uzten bere burua gutxiesteko hitzaurrerik erabiltzen. Beste alde batetik, hitza etengabe hartu edo hartu gabe ere, mintzatzen den mutiko adoretsuari, aldiz, et, et, et, esaten diot, ixo, mutil, entzutea dagokizu orain, ikasgelan behintzat besteei, batez ere isilenei —emakumeei—, entzuten trebatuko delako esperantza poxi batekin.

 

 

 

[135]  Montolio (2021: 214).

[136]  Honi dagokionez, ikus baita ere Irene Yúfera (ed.), Estrella Montolio eta Elisa Rosado (2023: 184-85).

[137]  Ibid., 186-187. Beste ikuspuntu baterako, ikus Deborah James eta Sandra Clarke (1993).

[138]  Liburua oinarriturik dago Mary Beardek London Review of Booksen gonbidapenari esker Britainiar Museoan 2014an eta 2017an emandako bi hitzalditan.

[139]  [...] where written evidence for Western culture starts, women’s voices are not being heard in the public sphere (Beard 2017: 13).

[140]  [...] an integral part of growing up, as a man, is learning to take control of public utterance and to silence the female of the species (Beard 2017: 13).

[141]  Mother, he says, go back up into your quarters, and take up your own work, the loom and the distaff ... speech will be the business of men, all men, and of me most of all; for mine is the power in this household (Beard 2017: 13).

[142]  Ovidio (2001: 88), Juan Kruz Igerabidek euskarara itzulia.

[143]  That’s an excellent suggestion, Miss Triggs. Perhaps one of the men here would like to make it (Riana Duncan 1988).

[144]  Rebeca Solnit (2014).

[145]  Kieran Snyder (2014).

[146]  Why, you ugly little man. Don’t you tell me not to interrupt (Vivian Gornick 1996).

[147]  Who [...] could ever stop this man from getting a sentence out? I thought I was helping things along, turning a monologue into a conversation (Ibid.).