Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

1.2.
EMAKUMEAK, SUA
ETA GAUZA ARRISKUTSUAK

 

 

      Genero gramatikalaz hausnartzera eraman gaitu Katalina Erausok, halabeharrez gaztelania genero gramatikala duten hizkuntzetako bat baita. Alabaina, halako hizkuntzak xehetasun handiagoarekin arakatzen hasi aurretik, komeni da jakitea genero hitza berez latineko genus hitzetik datorrela, alegia, beste adiera batzuen artean “mota” adierazten duen hitzetik[20]. Hortaz, generoari esker izen motak bereizten ditugu edo, beste modu batera esanda, izenak sailkatzen ditugu. Eta horri dagokionez, badira generoa bera izen sailen artean —noun classes ingelesez— sailkatzen duten hizkuntzalariak. Generoa ez da, alabaina, hitzak sailkatzeko bide bakarra. Umetan etxean izaten genuen munduko bola urdin hura gogoan jirabiraka jarriko bagenu begiak itxiaz batera, eta halako batean atzamar-puntaz geldiaraziko bagenu orduan egiten genuen bezala, oso litekeena da haren azpiko geografia eremuko hizkuntzetan izen sailik bada behintzat, gaztelaniaren edo hizkuntza erromanikoen generoa ez bezalakoa izatea. Zabaldu begiak eta hara, Australia gure atzamar-puntaren mendean! Hantxe, Queenslandeko ipar-ekialdean zehazki, bada dyirbal deritzan hizkuntza bat, euskaldunontzat kuttun samarra dena Robert M.W. Dixonek ergatiboa zela irakatsi zigunetik[21]. Bada, egile horren lanari[22] esker egin ziren ezagunak baita hizkuntza horretako izen sailak ere, geroago are ezagunagoak bihurtu zirenak George Lakoffek Women, Fire, and Dangerous Things “Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak” izeneko liburua[23] argitaratu zuenean. Izan ere, izenburu harrigarri horretan jasotzen dira dyirbalez II. izen saila deritzanean sailkatzen diren izenak.

      Goazen pausoz pauso. Dyirbalak lau izen sail ditu: I. saila (bayi), II. saila (balan), III. saila (balam) eta IV. saila (bala), eta parentesi artean eman ditudan hitzak dira sail bakoitzaren markatzaileak. Gogoratu izen sail horiek izenak sailkatzeko bidea ematen digutela —generoak bezalaxe—. Are gehiago, sailkapenak itxuraz esanahian du oinarri, lausoa eta ausazkoa dirudien arren. Esaterako, I. sailean sailkatzen dira honakoak: gizonak, kanguruak, saguzarrak, suge gehienak, ilargia...; II. sailean, berriz, emakumeak, txakurrak, suge batzuk, eguzkia eta izarrak...; III. sailean eztia ez ezik, jangarriak diren fruitu eta barazkiak klasifikatzen dira, eta IV. sailean, azkenik, gorputz atalak, haragia, erleak...[24] Orduan, jo dezagun “gizon” adierazi behar dugula dyirbalez. Hala bada, yara “gizon” adierako izena ez ezik, I. izen saileko markatzailea (bayi) bera ere adierazi behar da, hots, bayi yara. Edo “emakume” bada adierazi beharrekoa, orduan yibi “emakume” izenaz gain, II. izen saileko balan markatzailea ere agertuko da izenarekin batera, hau da, balan yibi[25]. Beste alde batetik, izenetako batzuek, hala nola, nyalŋga “ume, haur” izena I. zein II. izen saileko markatzaileez lagunduta ager daiteke erreferentearen sexua zein den, hau da, bayi nyalŋga umea mutikoa bada eta balan nyalŋga neskatoa bada. Eta Dixonek dio, gainera, dyirbal hiztunek izen sailak manipula ditzaketela gertakari bereziak deskribatzeko. Esate batera, balan yara “II. izen saileko markatzailea, gizon” entzun du inoiz, emakume baten ezaugarriak dituen gizon batez txantxetan jarduteko[26].

      Baina gatozen hari nagusira, hau da, sailkapenaren oinarri semantikora. Samurra da benetan Dixonek horretaz egiten duen gogoeta. Dioenez, dyirbalari buruzko landa-lana hasi berritan, pentsatzear egon zen Leonard Bloomfielden uste pesimista hura, alegia, ez dirudi[ela] funtsezko irizpiderik denik, delako izen baten generoa alemanez, frantsesez edo latinez aldez aurretik erabakitzeko[27] dyirbalaren izen sailez ere esan zitekeela. Baina Dixon berehala konturatu zen hizkuntzaz jabetzen ari ziren hiztunek eta bereziki umeek ez zituztela sail bakoitzeko hitzak banan-banan ikasten; oso bestela, bazirudien hatsarre orokor batzuekin jokatzen zutela. Gainera, mailegatutako hitz berriak izen sail berean sailkatzen zituzten hiztunek[28]. Hortik ondorioztatu zuen dyirbalaren izen sail bakoitza oinarrizko kontzeptu jakinekin harremanetan zegoela, ondokoak:

            I. saila (bayi): biziduntasuna; gizontasuna

            II. saila (balan): emakumetasuna; ura; sua; borrokak

            III. saila (balam): haragia ez den jatekoa

            IV. saila (bala): hondar-saila, gainerako guztia

      Hortik aparte, badira sail batetik bestera izenak transferitzeko arauak. Lehenarekin has gaitezen: izen batek X ezaugarria badu, baina sinesmen edo mitoen bitartez Y ezaugarriarekin harremanik badu, orduan, Y ezaugarria duten izenekin batera sailkatuko da eta ez X ezaugarria dutenekin. Abstraktuki korapilatsu samarra dirudien araua erraz uler daiteke adibide batekin. Esate baterako, dyirbalez gizakiak beti sailkatzen dira sexuaren arabera; gizakiak ez diren bizidunak ez. Hortaz, arrak diren gizaki guztiak I. izen sailekoak dira eta gizakiak diren emeak, berriz, II. izen sailekoak. Animaliak, sugeak, muskerrak, intsektuak eta arrainak, hots, bizidunak I. izen sailekoak dira. Alabaina, txoriak gizaki eme hilen izpirituak direla sinesten dutenez, orduan, ez dira sailkatzen bizidunak diren izakiekin batera (I. izen sailean), emakumeekin batera (II. izen sailean) baino. Bigarren arauarekin segi dezagun. Azpisail bateko izenek baldin eta badute garrantzizko ezaugarri berezi bat sail bereko izenek partekatzen ez dutena, orduan, beste izen sail batean sailkatuko dira. Garrantzizko ezaugarri hori kaltegarritasuna izan ohi da dyirbalez. Adibidez, arrainak I. izen sailekoak dira, baina kaltegarriak diren arrainak, hala nola, harri arraina edo akula —orratz itxurako ahoa duena— II. izen sailean sailkatzen dira.

      Izen bakoitza non sailkatzen den azaltzeak luze joko lukeen arren, azpimarragarriena da, Dixonek deskubritu bezala, izenak ez direla ausaz sailkatzen eta sail bakoitzaren oinarrizko kontzeptuak zein aipatu berri ditudan bi arauak nahikoa direla horretarako.

      Irakatsia atera beharko genuke horretatik guztitik. Lehenik eta behin, eta begi-bistakoena beharbada: hizkuntzek ingurua —erreala zein birtuala— kategorizatu egiten dute. Leihotik begira, paparra gorria duen txori bat abarretik abar ikusten dugunean eta papargorria edo txantxangorria dela esaten dugunean, izaki bat kategorizatzen ari gara, hots, munduko gauzen artean sailkatzen. Horretarako bidea ematen digute giza hizkuntzetan izen sailek oro har eta generoak zehazki. Bigarrenik, indoeuropar hizkuntzetako generoak oinarri semantiko argirik erakusten ez duen arren —gogoratu bestela Bloomfielden uste etsia—, bestelako izen sailak dituzten hizkuntzek, dyirbalak esaterako, oinarri semantikoa dute eta kategorizatzeko esanguratsuak diren esperientziaren alderdiak kontuan hartzen dituzte, hala nola gizakien sexuak eta ez horrenbeste izaki bizidunenak. (Gizakien) sexuak inporta du beraz —Lakoffek dioen bezala, gizona ala emakumea izatea kontraste estandarra da munduan zeharko kategorizazio sistemetan[29]. Hirugarrenik, pentsa genezake kategoria berean sailkatzen direla ezaugarri komunak dituzten gauzak, eta hori neurri batean hala da. Hortaz, dyirbalez esaterako sexu bati eta zehazki emakumeen sexuari egozten zaion izen sail berean sailkatzen badira sua, kaltegarriak diren arrainak, azkura sortzen duten zuhaitzak eta bestelako gauza arriskutsuak, hala nola, borrokarako tresnak edo kanguruak ehizatzeko lantzak, bada horrek eraman gaitzake pentsatzera gauza horiek guztiek zerbait komuna partekatzen dutela, arriskua alegia, eta emakumeak arriskutsuak direla beraz. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Dena dela, ikusi dugunez, konplexuagoa da kategorizatze bidea, Dixonek eta Lakoffek xehetasunez azaldu diguten bezala, eta ñabardurak gaineratu behar dira gauzak sinplifikatu gabe. Txoriak, adibidez, emakumeen kategoria berean sailkatzen dira arriskutsuak ez badira ere.

      Munduko bola urdinari eragin diot berriro eta patuak oraingoan generoaren geografiara begira jarri nau.

 

 

 

  [20]  Greville G. Corbett (2013).

  [21]  Robert M.W. Dixon (1994).

  [22]  Dixon (1982).

  [23]  George Lakoff (1987).

  [24]  Jakina, ez ditut hemen zerrendatuko sail bakoitzari dagozkion izen guztiak. Xehetasunetarako, jo Dixonen (1982: 178) lanera.

  [25]  Mitxelena xvi.a bezalako fikziozko pertsonaia ergatibozale porrokatuentzat bakarrik: izen sail markatzaile hauek (bayi, balan, eta abar) absolutibo kasuko formak dira; ergatibo eta datiborako bestelako formak hartzen dituzte markatzaileok. Alde horretatik, izenak erakusten duen kasu marka bera erakusten du izen sailaren markatzaileak ere (Dixon 1994: 8-9, 8 oin-oharra).

  [26]  Honelaxe dio: Speakers of Dyirbal are also subtly to “manipulate” noun class to describe unusual situational events. For instance, I have heard balan yara jokingly to refer to an hermaphrodite, the use of the non-normal class II marker pointing out the female characteristics of this “man” (Dixon 1982: 166).

  [27]  Leonard Bloomfield (1994 [1933]), Itziar Lakak euskarara itzulitakoa.

  [28]  Dixon (1982: 179).

  [29]  Classes I and II would be in minimal contrast —(human) male versus (human) female— a standard contrast in categorization systems around the world (George Lakoff 1987: 99).