Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
2.4.
EZ, EMAKUMEEK EZ DUTE
GIZONEK BAINO GEHIAGO
HITZ EGITEN
Orain arte emakumeek eta gizonek hizketan erakusten dituzten ezberdintasunak aipatu eta aztertu ditut. Ondokoa, berriz, ustezko (ez benetako) ezberdintasun bat da, Mendebaldean behintzat mitoa izatera heldu den arren: emakumeak berba-lapiko batzuk omen gara. Emakume berritsuaren estereotipoa, gainera, zientziak berretsitako egitatetzat jotzen hasi zen hogei bat urte direla, Louann Brizendine izeneko (emakume) neurozientzialari bati esker. Bere liburu arrakastatsuaren[126] lehen inprimatzean zioenez, “emakumeok 20.000 hitz ahoskatzen ditugu eguneko; gizonezkoek, aldiz, 7.000”. Harrezkero, datu hori nonahi agertzen da gaiaren aipamena egiten denean, baina Brizendinek geroago aitortuko zuenez, datua beste norbaiten lanetik atera zuen eta ebidentzia nahikorik ere ez zuen hala zela baieztatzeko. Hori dela eta, datu hura liburutik ezabatzea erabaki zuen eta geroagoko inprimatzeetan, ez da jasotzen[127]. Antza denez[128], Brizendinek Allan eta Barbara Peaseren beste liburu arrakastatsu batetik atera omen zituen zenbakiok, baina izatez, zenbaki horietan hitzak eurak ez ezik, soinu, keinu, aurpegiera, buru mugimendu eta gorputz bidezko bestelako seinaleak biltzen zituzten peasetarrek —komunikazio hitzak deritzete; ez, beraz, benetako hitzak bakarrik—[129]. Dena dela, peasetarren liburua oso urruti dago zientzia liburu bat izatetik eta komunikazio hitzen inguruko datuok nondik eta nola jaso diren ere ezin jakin.
Zorionez, gaiari heltzeko, behar bezalako ikerketak egin dituzte beste ikertzaile batzuek, hala nola, James W. Pennebakerrek eta taldekideek[130]. Pennebakerrek estres postraumatikoa duten gaixoekin lan egin du luzaz eta halako batean konturatu zen gaixo horiek euren esperientziak kontatzeko zituzten zailtasunez. Zailtasunok saihestu nahian eta gaixoen benetako bizitza nolabait neurtzeko asmoz, Elektronikoki Aktibatutako Grabagailu bat asmatu zuen. Grabagailua programatuta dago 12,5 minutuan behin 30 segundoz inguruko soinua (elkarrizketak barne direla) grabatzeko, partaideak eguneroko zereginetan dabiltzanean. Bestalde, partaideek ezin dute euren gogora grabagailua piztu edo itzali. Bada, grabagailu hori bera baliatu zuten 396 partaiderekin (210 emakume eta 186 gizonekin) sexuen arteko ezberdintasunik ba ote zegoen ikusteko —partaideak Ameriketako Estatu Batuetako eta Mexikoko unibertsitateetako ikasleak ziren—. Eta grabazio haiei esker neurtu zuten zenbat ziren partaide bakoitzak eguneko esaten zituen hitzak. Ikusi zutenez, 17 bat ordutan zehar (kontuan hartuz gainerako orduak lo pasatzen ditugula), emakumeek 16.215 hitz ekoizten dituzte eta gizonek 15.669, estatistikoki esanguratsua ez den diferentzia. Pennebakerrek eta taldekideek ondorioztatzen dutenez, ebidentzia enpirikoan oinarriturik, emakumeen berritsukeriari buruzko estereotipoak ez du inolako funtsik.
[126] Louann Brizendine (2006).
[127] Nik dudan bertsioan ageri dena da neskek mutilek baino bi edo hiru aldiz gehiago hitz egiten dute[la] eguneko (Brizendine 2006: 36). Badaezpadako baieztapena hau ere.
[128] Hala dio Dan Lyonsek (2023: 79) behintzat.
[129] Allan eta Barbara Pease (2001: 97-98).
[130] Matthias R. Mehl et al. (2007).