Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

3.2.
KING KONG NESKA

 

 

      Denbora igaro den arren, Tramana eta Brixek Arranondon egiten zuten antzera, Virginie Despentesek ere zatarkeriak, alegia, tabu hitzak erabiltzen ditu King Kong teoria deritzan oihartzun handiko lanean[156]. Tabu hitzak dira arrazoi sozial, kultural, erlijioso, moral edo bestelakoak tarteko, debekua edo gaitzespena jasotzen duten hitz edo adierazpen linguistikoak, eta horiexek izango dira, lehen esan dudan bezala, kapitulu honetan gogoetagai, ez dira-eta hitz neutro eta oihartzunik gabeak, hunkitu eta asaldatu ere asaldatzen gaituztenak baino, eta horrexegatik dira bereziki esanguratsuak baita generoaz edo sexuaz ere hitz egiten dugunean.

      Liburua disekzionatzea da han eta hemen barreiaturik dauden halako tabu hitzak bertatik erauztea, baina testu lagin bat aletuko dut, zehazki, Neska gaizto armatuak izenburua duen hitzaurrea. Hauexek dira egileak bost orrialde eskaseko testu laburrean erabiltzen dituen tabu hitzetako batzuk, Itziar Diaz de Ultzurrunen itzulpenean:

 

      mari-mutilentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, sexu-usaina izatea, ez zait piperrik ere interesatzen buztana tentearaztea, isurtzen dira, kaka-bizitza bat, txorta egin nahiko liekeen nornahirekin joko luketenak, urdanga zikinak, putaxkak, alu-idorrak, bost pito axola, ipurtandiak, motxinbero pinpirinak, zakil-handiak, ipurtzulotik hartzeko gogoa, puta

 

      Hitzaurre bera egokitu eta itzuli zuen lehentxeago Iñaki Segurolak eta bakarrizketa gisa taularatu zen testua[157]. Itzulpen horretatik atereak dira behekoak (lehengo berak ez direnean):

 

      potor-lehorrentzat, gaizki jotakoentzat, infollableentzat[158], txorta-usaina, zakilegia, gizonen zakilak gogortzea, kaka-bizimodu bat, narratsenak, potorra beti lehorra daukaten emakumeak, bargastak, zerrama beroen moduan, dariola daudenak

 

      Tabu hitz hauetako gehienek zerikusia dute birao egitean edo madarikatzean, gaiari buruzko literaturan[159] bereizi izan diren eremuetako batekin, hots, sexuarekin. Larrua jotzeari aipamen egiten diote batzuek (txorta egin, jo, larrutan gaizki jo, ipurtzulotik hartu). Beste hitzetako batzuek sexuarekin zerikusia duten gorputz atalak izendatzen dituzte, bai hitz bakunek (buztan, zakil, potor) bai hitz elkartuek (alu-idor, motxinbero, zakil-handi, ipurtzulo). Badira gorotza edo bestelakoak iraiztearekin zerikusia dutenak (sexu-usaina, txorta-usaina, kaka-bizitza, isurtzen dira, kaka-bizimodu bat, dariola daudenak). Beste alde batetik, talde sozial jakinak izendatzen dituzten tabu hitzak ere badira (putaxkak, puta) eta animali izenak ere ageri dira irain gisa emanik (urdanga, bargasta, zerrama), bestelako irainekin batera (mari-mutil). Urruti dago, beraz, Aitorren izkuntz zarra biraorikan ez duen izketa garbia izatetik[160], umetan inuzenteok kantatzen genuen bezala[161].

      Inpaktu handiko testua da Despentesena eta, garaian garaikoa, halakoxea behar zuen baita Tramana eta Brixen elkarrizketak ere, nahiz eta Agirrek, gogoratu, gatz-garau andiak kendu zizkion, gaziegiak izan ez zitezen. Despentesena inpaktu handikoa da dioenarengatik ez ezik —hori beste aditu batzuen esku utziko dudan arren— dioena dioen moduan esateagatik ere: testu probokatzailea da, lotsarik gabea, debekuari eta arbuio sozialari burua tente aurre egiten diena, eta forma erasangarri horretako ezinbesteko osagaia, dudarik gabe, tabu hitzen erabilera da. Testua estilistikoki oso markatua da hiztegiari dagokionez. Tabu hitzak ez dira ez bat ez bi; atal bakarrerako asko eta askotarikoak dira, ikusi dugunez. Eta horrek erakusten du ahoan bilorik gabe hitz egiten duela idazleak, publikoki hitz egin ere. Zuzen eta artez eta itzulinguruka ibili beharrik gabe dihardu. Kontuan hartu tabu hitzak nagusiki ahozkoan erabiltzen direla eta batez ere lagunarteko hizkeran: ahozko hizkera formalean ere ez genituzke espero. Horregatik, ahozkotik idatzizkora isurtzen direnean, inprimaturik ikusteak berak (eta ez entzuteak) eta liburu batean (ez, esaterako, sare sozialetan), are sarkorragoak eta aztoragarriagoak bihurtzen dira tabu hitz horiek gure begi-niniak zeharkatzen dituztenean. Gainera, Virginie Despentes emakumea da, nahiz eta kapitulu berean dioen: Ni, neska gisa, areago naiz King Kong, Kate Moss baino. Eta Tramana eta Brix ere bai, Agirrek mutiltzat hartu arren euren alderdietako batean gutxienez (deiadar eta garrasietan). Eta emakumea izateak edo ez izateak ba omen du zerikusia birao egitearekin, madarikatzearekin eta, oro har, tabu hitzak erabiltzearekin.

 

 

 

[156]  Virginie Despentes (2017). Euskarazko itzulpen osoa 2017an argitaratu zen arren, frantsesezko jatorrizkoa 2006koa da. Itzulpenaren hitzaurrea 15-19 orrialdeetan dago.

[157]  King Kong neska izenburupean argitaratu zen testua (Despentes 2013). Josune Monton izan zen bakarrizketaren antzezlea.

[158]  Letra etzanaz emana dago hitz hau itzulpenean, eta horrek adierazten du beste hizkuntza batetik jasoa dela, zehazki, gaztelaniatik, eta ez dela berez (mailegatutako) euskal hitza.

[159]  Esate baterako, Benjamin Bergen (2016).

[160]  Ziriako Andonegi (1956).

[161]  Eta garai berean eta aldi berean kantatzen genuen: kendu, kendu, maketua (bis), kendu belarrimotza baita guraso eta aitita-amama erdaldunak genituen ume euskaldun elebidunok. Maketo eta belarrimotz euskaraz ez zekiten etorkinei esaten zitzaien. Hazurbaltzak (hezurbeltzak) ere bai. Hitz iraingarriok, tabu hitzok, ez dute sexuarekin zerikusirik ezpada jatorri eta hizkuntzarekin. Irain arrazistez geroxeago hitz egingo dut berriro, Ameriketako Estatu Batuetako beltzei dagokienez.