Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
1.1.
GALDERA XALO BAT
GENERO GRAMATIKALAZ
Jauna! Orain arte esan dizudana, ez da egia. Ni emakume naiz; halako eta halakoren alaba; hainbeste urterekin nire izeba zegoen komentura sartu ninduten; han hazi nintzen; monja jantziak ere eman zizkidaten nobizia garaian; zinak egiteko nengoela ihes egin nuen; erantzi, ileak moztu eta gizon-jantzian abiatu nintzen; batera eta bestera jo, itsasoratu, burrukan egin, zenbait gizon hil, besteak zauritu, e.a. Hamaika gorabehera izan du nire bizitzak, zure oinetara etorri arte.
Norberaren bizitza laburbiltzea ez da berez erraza eta sei lerro eskasetan egitea lortzen duena kontakizunetako protagonista bezain abila izan behar da ezinbestean. Eta bazen ba abila Katalina Erauso ataka zail haietatik guztietatik bizirik aterako bazen, bereak baitira hitzok[2]. Ezer gutxi edo ezereza da, baina, halako pertsona handi batez abila zela esatea. Izate poliedrikoa zuen inondik ere Erausok eta bere testuak ez du, ezta behar ere, irakurketa bat bakarra. Berez ausardia handia behar da bere izaera deszifratzeko, garaiotan tentagarria eta, esan dezadan bidenabar, beharrezkoa izan daitekeen arren. Ez zen eta ez da hori, beraz, nire asmoa[3]. Bere testua esku artean jaso aurretik, galdera xalo bat nerabilen nik gogoan, hizkuntzari buruzkoa, pertsonaiaren hizkuntzaz kanpoko bizipenen itzal handian oharkabean pasa zitekeena. Baina galdera xalo hori zein zen esan aurretik, ondoko zertzelada hauek eman nahi nituzke. Hizkuntzazkoak dira lehenak, ondokoak. Gaztelaniaz idatzitako testua da Erausoren autobiografia, nahiz eta euskaraz ba omen zekien, eta, gaztelaniaz geroago xehetasunez aztertuko dugun bezala, gramatikalak diren bi genero erabil daitezke gizakiak adierazten dituzten izenetan eta izenen inguruko beste hitz batzuetan: maskulinoa bata sexu[4] maskulinoarekin lotzen dena eta femeninoa bestea sexu femeninoari egozten zaiona. Erausoren bizitza zertzeladak dira bigarrenak. Komentutik ihes egin eta hiru egunez egon zen komentu atzeko gaztainadi batean ezkutatuta “jantzi batzuk nola edo hala osatzen”. Zeraman oihal urdinezko gonaz galtza parea egin zuen. “Oihal arruntezko azpiko-gona berdeaz, berriz, jantzitxo bat eta galtzerdi motzak”[5]. Eta halaxe, abitua abandonaturik, gizonezko jantzita igaro zituen urteak moja alferezak. Galdera dator orain. Bada, zein izango ote zen Katalina Erausok edo Francisco Loyolak, horixe izan baitzen bere lehen ezizena, zein izango ote zen, diot, bere oroitzapenetan zerabilen genero gramatikala: maskulinoa ala femeninoa?
Nire hipotesi murritz samarraren arabera, genero bat ala bestea baliatu behar zuen Erausok bere idatzian. Galdera erantzuteko, beraz, jatorrizko testua behar nuen nik, ez, noski, euskarara itzulitakoa, euskaraz oro har ez baitago genero gramatikalik. Hala, liburuaren hasieran hija “alaba” genero femeninoko izena baliatzen du Erausok bere buruaren ezagutza ematen duenean[6]. A, femeninoa esan nuen nik nire artean. Eta handik gutxira, tratu txarrak eman zizkion mojarekiko gertakaria azaltzen duenean, yo muchacha “ni neskatxa” adierazten du genero femeninoa berretsiz[7]. Komentutik ihes egin aurretik ere, eta beste mojarekiko gertakariaren ostean, porque estava mala “gaixo-aitxakian” dio[8]. Femeninoa berriro. Eta Gasteiza heltzen denean Donostiatik ihesi cansada “nekaturik” zegoela dio[9]. Bide batez, ordurako mutilen prakak jantzita zeramatzan, prakak janztea printzipioz maskulinoa erabiltzen hasteko nahikoa arrazoi ez den arren, nik dakidala.
Orrialde gutxi batzuk irakurrita femeninoaren hautua hartua zegoela begitandu zitzaidan eta testu hartan genero gramatikalaz ikus eta ikas zitekeena banekiela pentsatu nuen. Oker nenbilen. Hara non, aldez aurretik ikusi gabeko aukera isuri zitzaidan testuan aurrera nindoala: maskulinoa ere badarabil, bi generoak darabiltza Erausok bere autobiografian! Francisco Loyola izena emanaz batera darabil (ustez) lehen maskulinoa (bien hallado “ondo aurkitua”[10]), eta geroago ere halaxe egiten jarraitzen du fastidiado “haserreturik” dioenean adibidez. Esan gabe doa ez dudala asmorik hitz generodun guztien zerrenda aletzeko hemen, baina tira, bitxia da ba gaur egungo irakurleontzat (ez garai hartakoentzat) donostiarra izaki, vizcaínotzat jotzea bere burua aurrerago, genero maskulinoa baliatuz berriro, hitzaren esanahia euskalduna den arren. Pasadizoak pasadizo, ez ezazu pentsa, irakurle, ordutik aurrera maskulinoa azkenera arte erabiliko duenik Erausok (edo Loyolak). Izatez, genero batetik bestera alderrai doala dirudi, geroago femeninora jotzen duelako berriro eta handik atzera maskulinora, gure begietara oso argi ez dauden arrazoiengatik. Eta gure begietara, diot, ez naizelako ni bakarrik izan generoaren erabilera itxuraz ausazkoaz ohartu den bakarra. Rima de Vallbonak, hain zuzen ere, hitzez hitz ohartarazten gaitu bere edizioko oin-ohar askotan bateko zein besteko hitzen generoaz, eta Ferrerren edizioko hitz beren generoarekin alderatzen du, gainera[11]. Oso ondo ohartuta dago, beraz, genero batetik besterako aldaketaz. Ez hori bakarrik: ezaugarri horren arrazoia aurkitu nahian, Roslyn M. Frankek gutun batean adierazitakoa aipatzen du De Vallbonak. Gutun horretan, antza denez, Frankek euskararen ezaugarriei eta, zehazki, hitanoari egozten die genero aldaketen arrazoia.
Hitanoaz geroxeago berriro hitz egingo dudan arren, komeni da une batez gaiari buruzko tarteki bat egitea aurrera jo baino lehen. Euskaldun gehienok zu bigarren pertsonako izenordaina erabiltzen dugu gure solaskideari zuzentzeko. Halakoetan, zuka hitz egiten dugula diogu, euskarak dituen erregistroetako batean alegia. Horrekin batera, badira gure artean solaskidearekin ari direla hi bigarren pertsonako izenordaina ere erabiltzen dutenak eta, beraz, hika jarduten dutenak lagunarteko hizkeran. Eta hara non, hika hitz egiterakoan, solaskidearen sexua zein den, adizkia bera ere aldatzen den. Gizonezkoa izanez gero, toka baliatzen da eta egin du-k bezalako formak sortzen dira, lagunarteko bigarren pertsona maskulinoaren -k morfema biltzen dutenak; emakumezkoa bada, berriz, noka baliatzen da eta egin du-n esaten da lagunarteko bigarren pertsona femeninoari dagokion -n morfemaren bitartez. Hori nahikoa ez eta izatez aditz jokoaren adizki guztiek jasotzen dute lagunarteko bigarren pertsona maskulinoari edo femeninoari dagozkien markak —baita hirekin zerikusirik ez dutenak ere—. Hala, esate baterako, etorri nau-k edo etorri nau-n esaten da, maskulino eta femeninorako hurrenez hurren, etorri naiz-en ordez. Forma hauek bezalakoek alokutiboa deritzana osatzen dute. Hortaz, euskaraz, izatez genero gramatikalik (ia) ez den arren, genero aldaketa gertatzen da aditz jokoan solaskidearen sexua zein den, eta halako adizkietara jotzen zuen Frankek Erausoren genero batetik besterako aldaketaren arrazoibidea aurkitzeko. Frankek dioenez, emakumeek barne gogoetan (edo barne hizketan) toka dihardute eta ez noka. Hori halaxe da, geroago gaineratuko dudan ñabardura garrantzitsu bat kontuan hartzen bada, ez bestela. Izatez, Koldo Mitxelenak eta René Lafonek aspaldi ohartarazten ziguten bezala[12], emakumeek barne hizketan toka dihardute, Errenteria inguruko emakume batek bere buruarekin ziharduela Ori Olako duk! esaten zuenean esate baterako, eta Lafonek ere Mitxelenak esandakoa berresteaz gain, Juan Antonio Mogelen Andra elarguna ta oiloa deritzan bertsoaren aipamena dakarkigu adibide gisa. Bertso horretan [andra alargunak] diño bere artean —hau da, bere buruarekin ari dela—: Emon yeutxadanean / aldi batez artoa, / arrautz egunekoa / beti yeustak egiten[13]. Hortaz, Franken hipotesiak badu bere funtsa, baina esango nuke okerreko bidetik jotzen duela haren azalpenean zein ondorioetan —esan beharra daukat, beste ezer baino lehen, Franken iritzia De Vallbonaren testutik jasotzen ari naizela eta ez jatorrizko gutunetik—[14].
Alde batetik, ez da zuzena esatea: ez dela arraroa euskal emakume batek bere buruari aipamena egitea modu maskulinoan bere buruarekin bakarrizketan diharduenean. Beste hitz batzuetan esanda, elkarrizketan emakumeak bere burua, bere beste ni dialogikoa izaki maskulinotzat hartzen du[ela] beste inongo konnotazio sexualik gabe[15]. Zeren emakumea bere buruari zuzentzen zaionean, hiri alegia, orduan, noka baitihardu, eta ez aipamenak pentsaraz diezagukeen bezala, toka —Amaia Ezpeldoi, Euskal Herriko detektibe rural bakarra, esaterako, noka zuzentzen zaio bere buruari—[16]. Hortaz, ez da egia euskal emakumeak izaki maskulinotzat hartzen duenik bere burua bakarrizketan diharduenean. Beste gauza bat da, Iñaki Segurolaren hitzak baliatuz, emakumeak beste alegiazko norbait hartzen duenean mintzalagun, bere buruarekin ari denean. Halakoetan, toka erabili ohi du, Segurolak berak eta Xabier Alberdik diotenez. Garbiñe Bereziartuak, toka/noka hiztuna zein gaian aditua denak ere, buruz buru berretsi dit hala dela[17]. Hortaz, Franken hipotesiaren oinarriari kasurik onenean ñabardurak gaineratu behar zaizkio —toka dihardu bere buruarekin ari denean eta noka bere buruari ari zaionean—. Dena dela, onarturik ere tarteka bederen toka diharduela bere oroitzapenez idazten duenean (alegiazko norbaiti zuzenduz-edo) ez dago oso argi zenbateraino eragingo ote lukeen kasuan-kasuan toka erabiltzeak, zeinak aditz jokoan eragiten duen batez ere, beste hizkuntza baten (gaztelaniaren) izenen (eta abarren) generoa markatzerakoan. Laburbilduz, hipotesiak ez du, nire ustez, ez bururik ez hankarik.
Beste alde batetik, Frankek antza dio Erausok beste euskaldun batzuekin izandako elkarrizketak gaztelaniaratu behar izan zituela bere testuan eta, hortaz, hori izan daitekeela gaztelaniaren genero biak ez bereiztearen edo besterik gabe nahastearen arrazoia: euskaraz generoa bereizten ez denez, hizkuntza horretan ez dagoenak gaztelaniaz ezin bereiztera darama Erauso —berriro ere testua interpretatzen ari naiz zeren ez baita halakorik hitzez hitz esaten—. Baina hipotesi hori ere berehala utz daiteke bazterrean, itxuraz Erauso jaiotzez behintzat euskalduna ez zelako: gaztelania zuen lehen hizkuntza. Komentuan ikasi omen zuen euskaraz, umetan hori bai, baina gaztelaniaren generoaz ondo jabeturik[18] egongo zen komentura sartu zuten adinerako, hots, lau urte zituenerako. Bigarren hipotesiak ere kale.
Beste hipotesi bat ere badago, oraingoan, De Vallbonarena berarena[19]: Erausok egoeraren arabera darabilela genero bat edo bestea, beharbada oharkabean, mozorro gisa erabili ere. Izan ere, emakumeak kortejatzean eta maitasun kontuak darabiltzanean, maskulinoa darabil, baita gerra eta borrokez diharduenean ere; aldiz, femeninoa hautatzen du erregistro neutroagoetan. Baina hirugarren eta azken hipotesi horrek ere ez nau larregi konbentzitzen, besteek baino funts handiagoa duen arren. Esango nuke Erausok genero biak darabiltzala maitasun eta borroka kontuetatik aparte dabilenean ere, hots, ez dagoela De Vallbonak adierazten duena bezalako banaketa argirik. Dena dela, hau dibertimendu txiki bat besterik ez da, ez eztabaida akademiko baten hasiera; argi geldi bedi. Erausok izate poliedrikoa zuela nioen lehenago eta halaxe da. Ez emakumeari ez gizonari bete-betean lotzen ez zaiona, ezpada biei. Hortaz, zergatik ez da horrela izango baita hizkuntzari dagokionez ere? Zergatik ez femeninoa eta maskulinoa erabili, eta han eta hemen erabili, gainera? Guretzat ausazkoa (edo) dena hautu ziurra izango zen Erausorentzat. Gure begietan dago lausoa, ez Erausoren idatzian.
[2] Iñaki Azkuneren (1979: 97) euskarazko itzulpena, jatorrizko erdal testuko pasarte zein hitzak euskarara itzuli behar ditudanean ere baliatuko dudana besterik esan ezean. Gaztelaniarako darabiltzadan bertsioak bi dira: batetik Rima de Vallbonarena (1992) eta bestetik Joaquín María Ferrerrek 1829an argitaratutakoa, baina bietatik lehena baliatuko dut testuari erreferentzia egiteko. Halaxe dio jatorrizko testuak: Señor, todo esto que he referido a Vuestra Señoría Ilustrísima no es así, la verdad es ésta: que soi muger; que nací en tal parte, hija de fulano y sutana; que me entraron de tal edad en tal Convento con fulana mi tía; que allí me crié; que tomé el hábito; que tuve noviciado; que estando para profesar, por tal ocasión me salí; que me fui a tal parte, me desnudé, me vestí, me corté el cabello; partí allí, i acullá, me embarqué, aporté, trahiné; maté, herí, malee, corretee, hasta venir a parar en lo presente, i a los pies de Su Señoría Ilustrísima (De Vallbona 1992: 110). Nahi bada, Ferrerren (1829: 97) bertsioarekin konpara daiteke. Ferrerrek dio Katalina Erausoren bizitzaren benetako epilogoa direla lerrook, ahal den eta adierazpenik txikienera eramana: “Estos últimos pocos renglones [...] son un verdadero epílogo de su vida, reducido a la menor expresión posible”. Euskaraz, ikus Amaia Alvarez (2011: 141-156).
[3] Baina beste emakume batzuek Erauso aztertzeko ausardia izan dute. Ikus, adibidez, Sherry Velasco (2000).
[4] Sexuaz hitz egiten da hizkuntzalaritzan gaiari buruzko literaturan. Ikus Robert M. W. Dixon (1982) edo Greville G. Corbett (2013) adibidez.
[5] Azkune (1979: 13).
[6] De Vallbona (1992: 33).
[7] Ibid., 34.
[8] Ibid., 35.
[9] Ibid., 36.
[10] Ibid., 37. Neronek euskarara itzulia.
[11] Gauzak are gehiago korapilatzeko, testu beraren bi bertsioak erkatuz gero, ez dira hitz berak genero berean agertzen. Esate baterako, bien tratada y vestida “janari eta jantziz ondo horniturik” genero femeninoarekin agertzen da De Vallbonaren edizioan (1992: 38); bien tratado y vestido maskulinoarekin, berriz, Ferrerrenean (Erauso 1829: 9).
[12] Koldo Mitxelena (2011 [1964]) eta René Lafon (1999 [1947]: 261-262).
[13] Aita Santi Onaindia (1984).
[14] De Vallbona (1992: 35, kapituluko 8 oin-oharra). Roslyn M. Frankek David W. Fosterri bidalitako gutun batean azaltzen omen du generoaren inguruko hipotesia, De Vallbonak dioenez. Gutuna eskuratu ezin izan dudanez, De Vallbonaren testutik jasotzen dut Franken ustea.
[15] [...] que no es raro que una mujer vasca se refiera a sí misma en términos masculinos cuando lleva a cabo un monólogo consigo misma. En otras palabras, en una situación dialógica, la mujer se concibe a sí misma, a su otro yo dialógico, como ente masculino sin ninguna rara connotación sexual (De Vallbona (992: 35, kapituluko 8 oin-oharra).
[16] Itxaro Borda (2021: 226). Ezpeldoik, pasarte batean bere buruari noka zuzentzeaz gain, Noka ari nintzaion neure buruari gogoetatzen du segidan.
[17] Iñaki Segurola (1992) eta Xabier Alberdi (1993: 439, 1994a: 986, 1994b: 449-451) vs. Xabier Kintana (1992). Eztabaidarako, ikus baita ere Fernando Rey (2013). Azterketa beregaina merezi luke barne hizketan toka edo noka erabiltzen ote den sistematikoki ikusteak, oraindik egin ez den lana. Eta oso litekeena da adinak, gainerakoan bezala, horretan ere erabilera irauli izana. Adibidez, Onintza Legorburuk, toka/noka aztertzen duen ikertzaile gazteak (buruz buru) esan didanez, berak ez du toka/noka bereizketa egiten barne hizketan ari dela; noka baino ez du erabiltzen.
[18] Gaztelaniazko generoaren jabekuntzarako, ikus Fuensanta Hernández-Pina (1984) eta Miguel Pérez (1990).
[19] De Vallbona (1992: 52, kapituluko 4 oin-oharra).