Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
2.3.
AHOTS BITASUNA
Emakumeen jardueran (nahiz eta ez bakarrik) badago beste ezaugarri nabarmen bat Judith Baxterrek[122] xehetasunez arakatu duena. Ahots bitasuna deritza ezaugarriari eta Baxterrek dio Mikhail Bakhtin errusiar filosofoarekin duela zerikusia, Fiodor Dostoievskiren nobelak aztertzen ari zela ahots biko diskurtsoaz hitz egin zuelako lehenengoz.
Ahots bitasuna zer den ulertzeko irakurleak berriro pentsatu behar du ez horrenbeste hizkuntza nolakoa den, ez bada nola darabilgun eguneroko bizitzan gure lankideekin, nagusiekin, ikasleekin, lagunekin eta familiarekin dihardugunean. Ahots bitasunaz hiztunak aurreikusten du zein diren entzuleen pentsamenduak eta horrela, eurekiko enpatia eta elkartasuna eraikitzen ditu. Adibide bat ematen du Baxterrek bere liburuaren hasieran. Mendebaldeko Europako jardunaldi akademiko baten amaieran, Sue, antolatzailea oholtza gainera doa eta dio: Entzun, nik zuok bezain gogo handia daukat tabernara joateko (entzuleak barrez), baina gure hizlariei eskerrak emateko labur hitz egin nahi dut[123].
Suek ahots bitasuna darabil hitz apur horietan. Ez da oholtzara igo besterik gabe esanez hizlariei eskerrak eman nahi dizkiela —orduan ahots bakartasunaz hitz egin beharko genuke—. Ez; horren ordez, Sue konturatu da entzuleak dagoeneko nekatuta egon behar direla eta tabernara ospa egiteko gogoz, gainera, eta orduan ahots bitasunari esker (bigarren ahotsari esker alegia) entzuleengan igarri duenaren aipamena egiten du —ekitaldi baten amaieran alkohola edan beharraz ere hitz egiten du Baxterrek, baina hori hurrengo baterako utziko dut—.
Ahots bitasunean, beraz, ez da ahots bakarra “aditzen dena”, hots, hiztunarena berarena; horretaz gain, beste norbaiten ahotsa ere aditzen da —Sueren adibidean tabernara joateko gogoz dauden ekitaldiko entzuleen ahotsa, Suek berak diskurtsora ekarria—.
Ahots bitasunean zenbait mota bereizten ditu Baxterrek. Lehenik eta behin, ahots bitasun aurreratuan, hiztunak aurreratu egiten du zein izan litekeen kritika eta, hala, leundu egiten du —horixe da Sueren adibidean ikus daitekeen ahots bitasun mota—. Bigarrenik, ahots bitasun zuzentzailean, hiztunak zuzendu edo konpondu egiten du akats edo huts bat, hiztunarena berarena izan ohi dena. Hirugarrenik, ahots bitasun aringarrian, distantzia gutxitu eta autoritatea arintzeko asmoa dago eta taldearekiko elkartasuna eraiki (Begira, inork erantzun nahi al dio honi? Ez nuke nahi gustura ez sentitzea proposamen honekin)[124]. Laugarrenik, autoritatiboan, inpaktua handitu nahi da eta botere pertsonala erakutsi, batez ere botere hori mehatxupean badago (Ondo konturatzen naiz gogorra izango dela hiruhilabete honetako bonoak galtzea, baina ikasi beharko duzue esperientzia honetatik)[125]. Eta bosgarren eta azkenik, ahots bitasun dialogikoan, ideiez eztabaidatzen da hiztuna bera batera mintzatzailea zein mintzakidea balitz bezala —eskoletan irakasleok sarri erabili ohi dugu gure ikasleen ahotsa diskurtsora ekarriz—. Baxterrek dioenez, mota horiek guztiek duten ezaugarri komuna da hiztunak mehatxu bat ikusten duela (izan benetakoa zein ez) eta mehatxu hori gainditzeko modu batera edo bestera erreakzionatzen duela.
Egile horrek bi kasu aztertu zituen ahots bitasunari dagokionez: batetik unibertsitateko ikasgelako talde barruko elkarrekintza eta bestetik lan bileretako buruzagitza. Bi testuinguru horietan, emakumeak dira bereziki ahots bitasuna erabiltzen dutenak botere harremanak negoziatzeko diskurtso estrategia gisa. Gizonek, berriz, batez ere seguruen sentitzen direnek, gehiago erabiltzen dute ahots bakarreko estrategia, eztabaida hasierako ideien jabetza lortzeko eta taldeburu izateko. Egileak dioenez, emakumeek ahots bitasuna erabiltzean ziurgabetasun linguistikoa erakusten dute nolabait: ahots bakarraren ordez, bi ahotsez baliatzerakoan, ahots nagusia ez da horren ozen entzuten. Izan ere, ahots bitasunak, batez ere aurreratua denean, desabantaila bat du, hots, hiztuna linguistikoki ziurgabe agertzen dela entzuleen aurrean, barkamen eske baletor bezala edo zerbaiten damu balitz bezala. Ziurtasunik eza dakar, beraz, ahots bitasun aurreratuak. Antzeko desabantaila dakar ahots bitasun zuzentzaileak: norberak bere burua sarri zuzentzen badu, bere buruaz zalantzati agertzen da entzuleen artean, hau da, berriro ere linguistikoki ziurgabe. Ahots bitasun aringarrian, hiztunak, batez ere buruzagia bada, bihozbera dela erakusten du eta buruzagitza nolabait partekatu egiten du estrategia horren bitartez, baina gerta daiteke lagunkoiegi agertzea menpekoen aurrean eta, ondorioz, behar besteko agintaritzarik gabe, printzipioz desiragarria ez dena.
Ondorio harrigarri batera ere heltzen da Baxter. Izan ere, dioenez, emakumeak eurak dira emakumezko kideak buruzagi roletan gogotsu onartzen ez dituztenak, emakumeengandik modu berdinzalean eta lankidetzan aritzea espero delako, hain zuzen. Emakumeek bakarrik osatzen dituzten taldeetan, ahots bitasuna interpreta daiteke, beraz, emakumeetatik bat “guztien artean lehena” izateko printzipioaren kontrako erresistentzia gisa. Baxterren ustez, onartu behar dugu beste emakume batzuk buruzagiak izan daitezkeela, eta izatez, badirela, eta ahots bakarreko diskurtsoa eraikitzen lagundu. Horrek guztiak zerikusia du indibiduazio prozesuarekin: ahots bakarrak indibiduoa eraikitzen laguntzen du eta gizonak izan dira historian zehar indibiduo nagusi eta (ia) bakarrak. Hortaz, ez da harrigarria ahots bakarreko diskurtsoa izatea gizonezkoena. Ahots bikoiztasunak, berriz, kolektiboari ematen dio hitza.
Beste alde batetik, buruzagi edo taldeburuetan ere generoak baldintzatzen du ahots bitasuna. Izan ere, ahots bitasunak erakusten du hiztuna bere buruaz ohartzen dela, eta hori emakumeek sarriago erakusten dute diskurtsoan gizonek baino. Egileak dio norbere buruaz hausnartzea eta linguistikoki adierazteak aparteko lana dakarkiola emakumeari gizonentzat nagusiki eraikitako mundu arrotzean zigorra saihestu, aurrera egin eta gailurrera heltzeko.
Amaitzeko dio ahots bitasunak ez duela zertan desabantaila bat izan, baina argi dagoena da ahots bitasunaren existentziaz ohartu beharra dugula emakumeok eta ahots bakarreko diskurtsoa eraikitzera ausartu, hala badagokio.
[122] Judith Baxter (2014).
[123] Listen, I am as keen to get to the bar as you are (laugh from audience), but I just want to say a few words of thanks to our speakers (Ibid., 2).
[124] Look, does anyone want to respond to that? I don’t want you to feel unhappy with this proposal (Ibid., 6).
[125] I realise it is tough that you will all lose your bonuses this quarter, but you will just have to learn from this experience (Ibid., 7).