Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
1.3.
GENERO MASKULINOAREN
ITZALPEAN
Generoa deritzan ezaugarri linguistiko baten berri eman dut Erausoren oroitzapenez ari nintzela eta ezaugarri horri dagokionez aldakortasuna da nagusi giza hizkuntzan. Hasteko, ikusi dugunez, badira generoa duten hizkuntzak, gaztelania edo frantsesa adibidez, eta badira generorik ez dutenak, hala nola, ainuera, Japoniako hizkuntza bakartua, turkiera edo finlandiera, hizkuntza uraldarra. Beste alde batetik, generoaren araberako sailkapen berri samar batean, Pascal Mark Gygaxek eta ikerkideek[30], generorik gabea izan arren, horren aztarnak dituzten hizkuntzen artean sailkatzen dute euskara. Generorik gabea dela irizten diote batetik euskaraz ezin daitekeelako izenik sailkatu ezaugarri horren arabera, hizkuntza erromanikoetan egin daitekeen bezala, eta, bestetik, pertsona izenordainetan ere ez duelako genero bereizketarik. Horri dagokionez, euskaraz ez dago benetan hirugarren pertsonako izenordainik, frantsesez, adibidez, dagoen bezala (il maskulinorako eta elle femeninorako), eta erakusleak (hura singularrerako eta haiek pluralerako) erabiltzen dira pertsona izenordainen ordez. Dena dela, kontuan hartu mendebaldeko hizkeretan singularreko hirugarren pertsonako bera edo pluraleko eurak izenordainak baditugula behintzat eta horietan ere ez dagoela genero bereizketarik.
Euskara generorik gabeko hizkuntzatzat har daiteke, beraz, eta, halakoa izan arren, genero aztarnak ere erakusten ditu. Izan ere, generoa adierazteko sorburu erromanikoko bi bide morfologiko daude euskaraz, nahiz eta erabilera nahiko mugatukoak diren. Alde batetik, genero femeninoa adierazten duen -(t)sa atzizkia dago, René Lafonen[31] arabera, lana, ogibidea, funtzioa edo egoera soziala adierazteko baliatzen dena. Hala, laborari, okhin eta alhargun izenen aldean, laborari-sa, okhin-tsa eta alhargun-tsa ditugu, genero femeninoko -(t)sa atzizkidunak. Atzizki hori ipar-ekialdeko tradizioan —zehazki, baxenafarreraz eta zubereraz— aurkitzen da nagusiki eta -essa atzizki erromanikotik dator.
Orotariko Euskal Hiztegiak alarguntsa hitzaren sarreran jada adierazten du atzizki horren erabilera aspaldion neurrigabe zabaldu dela beste hitz batzuetara, eta hori bera dio Euskaltzaindiak argitaratu duen azken gramatikak[32]. Ondorioz, Euskaltzaindiaren Hiztegiak -(t)sa atzizkidun hitz gutxi batzuk bakarrik jasotzen ditu, hala nola, alarguntsa edo jainkosa; noblezia-tituluak adierazten dituzten markesa, dukesa, kondesa eta printzesa bezalakoak; eta ogibideak adierazten dituzten artzaintsa “andre artzaina” edo ostalertsa “ostaler emakumezkoa” tradiziozko izenak. Horrek esan nahi du -(t)sa atzizkia duten gainerako izen guztiak, alkatesa, aktoresa edo lehendakarisa, besteak beste, printzipioz ez direla euskara baturako hobesten. Beste alde batetik, gramatika arauemaileaz harantzago, hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruzko lan edo gidetan ere, atzizki hori saihestea gomendatu izan da[33].
Alabaina, arauak gorabehera, badirudi -(t)sa atzizkidun izenak berezkoa duen eremu geografikoan oraindik ere baliatzen direla. Kexu zen Jean-Louis Davant[34] zuberotarra, etsiturik, Emaztesa? izenburupeko aspaldiko prentsa artikulu batean jokolarisa eta dendarisa hitzak irakurri eta entzun ondoren. Norat ari gira hola? Noizko arren emaztesa, anderesa, eta zeren ez amasa? zioen artikuluan. Irakurlea ohartuko denez, emazte, andere eta ama izenak femeninoak dira lexikoki, hau da, ez dute berez genero femeninoa adierazten duen marka morfologikorik, baina femeninoak diren erreferenteak adierazten dituzte. Hortaz, balizko emaztesa bezalako hitz bat bi aldiz izango litzateke femeninoa, batetik lexikoki, erreferente femeninoa duen neurrian, eta bestetik, morfologikoki -(t)sa genero femeninoko atzizkiari esker. Hitanoa alde batera, genero arrastorik baino ez duen hizkuntza baterako, dudarik gabe, gehiegi dela pentsa daiteke. Dena dela, arauz kanpo bada ere, eremu dialektal jakin batean bederen erabili erabiltzen denez, ez da harritzekoa Egungo Euskararen Hiztegiak, esate batera, olerkarisa bezalako hitzak jasotzea, nahiz eta ohartarazten gaituen Euskaltzaindiak desegokitzat jotzen du[ela] -(t)sa atzizkidun formak ugaltzea. Halako hitzen zergatia beharbada Maider Bedaxagar eta Argitxu Camusen hitzetan egon daiteke diotenean gau eskolako irakaslesak, herri etxeko idazkarisak eta are errugbi taldearen züportesak kolore bat ematen diote[la] euskarari, hots, zuberotartasunarena[35].
Hau guztia kontuan hartuta, badirudi, beraz, -(t)sa atzizkiaren neurrigabeko erabilera mugatzea komeni dela eta hala egin izan dela urteotan bai euskara batuari bai hizkera ez-sexistari edo, nahiago bada, hizkera inklusiboari dagokienez —garai bateko aktoresak joanak direla esango nuke gutariko askoren zorionerako—. Baina nik neuk behintzat malgu jokatuko nuke errugbi taldearen züportesak dioten zuberotarrekin, zeren atzizki batek lagun badezake galbidean dagoen hizkeraren bereizgarria izaten eta, ondorioz, hizkera hori ez ezik, zuberotarren identitatea ere indartzen, bada gora -(t)sa atzizkia! Barkatuko ahal diote bekhatoresa honi Davantek eta hizkera ez-sexistaren gogoetalariek!
Azkenik, Erausoren liburuan bada -(t)sa atzizkia barnebiltzen duen hitz bitxi baten agerraldi are bitxiagoa. Hasieran esan dudan bezala, liburu hori gaztelaniaz idatzita dago, baina Ferrerren edizioan, izenburua daraman orrialdean, editorearen aipamenaren azpian, honelaxe dio euskaraz (gaur egungo grafiara ekarriaz): Humantesa izateko jaio nintzan; bañan bide gaitzean galdu nintzan. Hortxe, bada, humantesa. Ez da oso hitz ezaguna; nik neuk behintzat ez nuen ezagutzen, ezta atzizkirik gabeko umant ere. Azken hori Orotariko Euskal Hiztegian aurkitu nuen azkenean —h letra eta guzti alferrik bila ibili eta gero—. Umant “heroi”da, eta tira, horren esanahia zein den jakinda, -(t)sa atzizkidunarena ere erraz asma daitekeen arren —alegia, “emakume heroi”— humantesa hitza bera nondik demontre ote zetorren jakin nahi nuen nik. Bila ibili nintzen hilabetetan zehar eta aurkitu ezinda, aspaldi amore eman nuen, harik eta zori onak, Rosa Miren Pagolaren aspaldiko lan bat tarteko, Manuel Larramendiren Hiztegi Hirukoitzera eraman ninduen arte, eta hor aurkitu nuen lehen liburukiaren 423. orrialdean: “Heroina, muger famosa, humantesa”. Itxuraz, Larramendiren neologismo bat da hitz bitxia. Asmaezinak bezain ulergaitzak dira jakintzara garamatzaten bideak[36]. Besterik da jakitea, noski, nola heldu ote zen Erausoren liburura.
Baina generoa adierazteko sorburu erromanikoko bi bideetatik bat da -(t)sa atzizkia. Bestea da, batez ere baina ez bakarrik, maparen kontrako muturrean, mendebaldean alegia, gaztelaniatik mailegatu den -o/-a genero femenino eta maskulinoko marka parea. Batzuetan hitza bera, izena edo adjektiboa, genero eta guzti mailegatu da, hala nola, Glaukoma taldearen ze guapa zauden, ze guapo zauden, Gure kaiola kantuko adjektiboetan aurkitzen dena[37]. Egungo Euskararen Hiztegian[38] bata zein bestea jasota daude —Euskaltzaindiaren Hiztegian, guapo baino ez—. Genero marka eta guzti mailegatutako hitzen artean daude Lekeitioko euskaran, besteak beste, jasotako alto/alta, tonto/tonta, txulo/txula[39] ere. Beste alde batetik, badira euskal jatorriko adjektiboak izan arren, genero marka mailegatua dutenak, hala nola, kokolo/kokola, memelo/memela, mozolo/mozola, potxolo/potxola, txotxolo/txotxola... mendebaldekook behintzat sarri erabili ohi ditugunak —nork ez dio inoiz aldameneko mutilen bati isilik egon zaitez, kokolo/memelo/mozolo/txotxolo! esan?—. Hauetariko gehienak Labayru Hiztegian jasota daude —mozola alde batera[40] gainerako guztiak—. Gizajo (gixajo)/gizaja (gixaja), koitadu/koitada, totolo/totola, ugerdo/ugerda ere bai. Eta badira pareetatik hitz biak gorde beharrean bakarra gorde dutenak. Adibidez, zorrizto/zorrizta[41] paretik zorrizto baino ez dute jasotzen genero baterako zein besterako Orotarikoak edo Egungo Euskararen Hiztegiak beste batzuen artean.
Kasu batzuetan adjektiboetatik eratorritako aditzetan ere gorde da genero marka, hala nola, guapotu/guapatu —Labayru Hiztegian jasoak biak— edo morenotu/morenatu eta majotu/majatu Lekeitioko euskaraz[42]. Jose Ignacio Hualde, Gorka Elordieta eta Arantzazu Elordietak diote horrela gertatzea interesgarria dela kontuan hartuz gaztelaniaz ezin daitekeela aditzetan genero markarik gorde. Dena dela, jatorrizko adjektiboetatik eratorritako aditz gehienek ez dute genero bereizkuntza gorde. Hala, kokolotu, memelotu, mozolotu edo txotxolotu aditzak daude, genero maskulinoaren marka gorde arren, erreferentearen sexua edozein dela erabiltzen direnak, baina ez kokolatu, memelatu eta abar (nik dakidala behintzat). Orotarikoak dakar salbuespenetako bat: Plentziako euskaraz txotxotu eta txotxatu bereizten dira generoaren arabera “zahartzearekin batera umetu” adierazteko.
Orain arte gaiari dagokionez aipatu ditudan adibide guztiak adjektiboak dira, baina izen batzuetan ere aurkitzen da genero banaketa bera, hala nola, nobio/nobia, tipo/tipa. Gutxitxo dira, lagunarteko hizkeran jasotzen dira eta ez dute hizkera ez-sexistaren ikuspuntutik arreta handirik jaso[43].
* * *
Euskarak bezala genero aztarnak baino ez dituen hizkuntzetatik bereizten dira genero gramatikala dutenak, hots, izenak generoaren arabera sailkatzen dituzten hizkuntzak —gramatikal hitza baliatu dut lehenago Erausok bere oroitzapenetan darabilen generoaz hitz egiterakoan, irakurlea ohartuko zenez—. Ikusi dugunez, gaztelaniaz izenek genero maskulino eta femeninoa izan dezakete. Forma horiek, gainera, morfema jakinen bitartez adierazten dira kasu batzuetan (generoa ezaugarri morfologikoa delako hain zuzen). Hala, niñ-o hitzak -o genero maskulinoko morfema barnebiltzen du eta niñ-a hitzak, bere aldetik, -a genero femeninokoa. Aldiz, euskaraz, haur edo ume esaten dugu gaztelaniazko niño eta niña hitzen ordez, generoa bereizi gabe.
Nolanahi ere den, hori baino urrutiago heltzen da generoaren gaia gaztelania bezalako hizkuntzetan. Izan ere, genero gramatikala duten hizkuntzetan izenekin batera datozen beste hitz batzuk, hala nola, artikuluak, adjektiboak eta pertsona izenordainak aldatu egiten dira izenaren generoaren arabera. Hala, lehengo adibidera joaz, izen beraren forma bat (niño) ala bestea (niña) hautatzeak genero bereko artikulua edo adjektiboa erabiltzea dakar. Ondorioz, el niñ-o pequeñ-o edo la niñ-a pequeñ-a “ume txikia” esaten da hitzen arteko generoa zainduz. Genero komunztadura deitzen zaio honi eta berebiziko garrantzia du genero gramatikala zer den definitzerakoan. Kontuan izan beste hitz konbinazio batzuk, hala nola, *la niño pequeña edo *el niña pequeño bazterrean uzten direla genero komunztadura zaintzen ez delako, hots, kate bereko hitz guztien generoa bera ez delako —izartxoarekin markatzen ditugu hizkuntzalariok hitz kate ezgramatikalak (okerrak)—.
Beste alde batetik, gaztelaniaz hautatu dudan hitzak (niño, niña) gizaki bat adierazten duenez, genero gramatikalak mundu errealean sexu jakin bat duen norbait aditzera ematen du. Hau da, izenak gizaki bat adierazten duenean, genero gramatikalaren eta sexuaren arteko korrelazio nabarmena dago. Salbuespenak egon daitezke, jakina. Adibidez alemanez Mädchen “neska” neutroa da —hizkuntza batzuetan dagoen generoa da neutroa— eta ez femeninoa. Gainerakoan, gaztelaniara berriro itzuliz, hitzetako batzuek, hala nola, estudiante “ikasle” eta periodista “kazetari” hitzek forma bakarra dute eta, hortaz, genero komuna dute. Halakoetan, artikulua beharrezkoa da generoa bereizteko (el estudiante maskulinorako eta la estudiante femeninorako), baina ez noiznahi (un monstruo esaten da erreferentea edozein dela).
Alabaina, generoak askotariko izenak sailkatzen ditu, ez gizakiak adierazten dituztenak bakarrik. Adibidez, izaki bizidunak izendatzen dituzten izenek ere genero maskulino edo femeninoa izan dezakete, izendatzen duten izaki bizidunaren sexuarekiko korrelazioan (el gato/la gata “katua, maskulinoa eta femeninoa”). Hala ere, beste izen batzuek genero gramatikal bakarra dute sexua gorabehera (la ballena “balea” femeninoa da eta el delfín “izurdea” maskulinoa) eta, hortaz, generoaren hautaketa semantikoki arbitrarioa da. Halako izenei epizenoak deritzete eta horien artean sexua bereizi nahiko bagenu, orduan la ballena macho/hembra “balea arra/emea” esan beharko genuke —euskaraz, arraren ordez kotxoa eta emearen ordez urrixa ere erabiltzen dira abereen sexua bereizteko eta Iparraldean bigarrena baliatzen da emakumeaz mespretxuz hitz egiteko—. Halaxe gertatzen da baita izenek zerbait bizigabea adierazten dutenean ere. Adibidez, gaztelaniaz sol “eguzki” hitza maskulinoa da; luna “ilargi”, berriz, femeninoa, eta ez batak ez besteak ez du, jakina, sexurik. Euskaraz, beste alde batetik, bai ilargia bai eguzkia femeninotzat hartu izan dira. Kasu horietan, ez da, noski, erabakigarria berez ilargi eta eguzki hitzek duten generoa, ez dute-eta halakorik, ez bada toka (maskulinoa) edo noka (femeninoa) baliatu izan den bati zein besteari zuzentzeko[44].
Irakurleen eskura jarri ditut genero gramatikalaz eztabaidatzeko oinarri-oinarrizko datu batzuk. Alabaina, eztabaida baino lehenago badago kontuan hartu beharreko beste alderdi bat: generoan, hizkuntzaren beste alderdi batzuetan bezala, generoetako bat jotzen da ezmarkatutzat eta bestea markatutzat, eta hor dago koska[45]. Gaztelaniara itzuliz, maskulinoa da genero ezmarkatua eta femeninoa genero markatua. Forma ezmarkatua eta markatua zer den esatea ez da gauza erraza. Batzuetan, forma ezmarkatua marka morfologikorik gabea izaten da eta horretatik datorkio izena; markatua, berriz, marka morfologiko bat duena. Generoari dagokionez, gaztelaniaz adibidez, escritor “idazle” esaten da genero maskulinorako eta bertan ez dago maskulinoaren marka morfologikorik (nahiz eta izena maskulinoa den). Femeninorako, baina, marka morfologiko bat erabiltzen da escritor-a hitzean, -a morfema alegia. Hortaz, maskulinoa da forma ezmarkatua eta femeninoa markatua. Dena dela, ezmarkatua izateak ez du nahitaez eta beti “markarik gabea” esan nahi, ikusi dugunez niñ-o hitza niñ-a hitza bezain markatua delako morfologikoki. Ezmarkatua zer den bestela definitu beharko da beraz. Hala, ezezaguna denari egozten zaion generoa da ezmarkatutzat jotzen dena, eta horrek printzipioz gizakiei eragiten die. Horregatik, oro har, gaztelanian genero maskulinoa hautatzen da ez badakigu zein den izen jakin batek adierazten duen gizakiaren sexua. Hala, ha venido un niño “ume bat etorri da” esaten dugunean ez dugu halabeharrez esan nahi mutil bat denik etorri dena, ez bada ez dakigula zein den bere sexua, eta, hortaz, ezmarkatua den genero gramatikala hautatzen dugu, maskulinoa alegia. Alabaina, kontuan izan anbiguoa ere badela esaldia, zeren interpreta baitaiteke etorri dena arra dela eta ez emea. Hortaz, maskulinoak sexu jakin bateko gizakia izendatu dezake edo gizaki bat, oro har, sexua gorabehera. Beste alde batetik, pluraleko formetan, hots, sexu bateko zein bestekoak bil ditzaketen formetan, pluraleko maskulinoa erabiltzen da (escritores “idazleak”), ikuspuntu arauemaile batetik bederen[46]. Genero arrakala sortzen da hemen.
Eta horren ondotik galdera edozeini burura dakioke: genero maskulinoa eta femeninoa nola edo hala bereizten dituen inongo hizkuntzatan femeninoa izan al daiteke genero ezmarkatua? Bada, egia esan, literaturan nekez aurki daiteke halako ezeren aipamenik, baina, horri dagokionez, Joseph Greenbergek, adibidez, oneidera zehazki eta oro har, hizkuntza irokesak ekartzen ditu gogora, Floyd Lounsburyren aipamena eginez[47]. Lounsburyk[48] bere aldetik oneideraren genero sistema konplexu samarra erraz laburbiltzen du honela: aditz inflexioan animaliak eta emakume nagusi eta aktiboak batera sailkatzen dira —femenino-zoiko[49] deitura jasotzen du honek—; neska gazteak, emakume zaharrak eta zehaztugabeko pertsonak (norbait), aldiz, batera sailkatzen dira —femenino zehaztugabea deitzen zaio honi—; bada azkenik, hirugarren kategoria, gizonak biltzen dituena. Ikusten denez, bi genero femenino daude eta bietako batek zehaztugabeko pertsonak ere biltzen ditu. Hortaz, femenino hau genero ezmarkatutzat har daitekeela dirudi, Greenbergek egiten duen bezala. Bestalde, Lakoffek[50] dio izenordainaren neutralizazioa, hots, ingelesez he hirugarren pertsonako izenordain maskulinoa erabiltzea talde misto bateko gizakiei, izan gizon izan emakume, erreferentzia egiteko alderantziz gertatzen dela hizkuntza irokesetan, hots, halakoetan femeninoa erabiltzen dela. Beraz, pentsa liteke bejondeigula, badira femenino ezmarkatuaren aldeko hautua egiten duten hizkuntzak! Alabaina, ez dakit kontsolamendu handirik aurki ote daitekeen hizkuntza irokesetan, kontuan hartuz gero oneideraz, lehen esan dudan bezala, emakumeak animaliekin batera sailkatzen direla. Urrutirago doa Lakoff, dioenean honek erakusten du gizarte matriarkala izanagatik ere, sexismoa existitzen dela eta isla gramatikalak dituela[51]. Ez dut uste Monique Wittigek, oneideraren berri izan balu, oso gustuko izango zuenik. Bestelako bideak jorratu nahi zituela zirudien, besteak beste, elles pluraleko pertsona izenordain femeninoa orokortzen zuenean[52].
Baina itzul gaitezen gaztelaniara, hots, maskulino ezmarkatua duen hizkuntza batera. Genero arrakala, besteak beste, saihesteko asmoz, urteotan hizkera ez-sexista edo inklusiboa sustatzeko hainbat gida argitaratu dira askotariko instituzioen eskutik (gobernuak, legebiltzarrak, unibertsitateak eta abar)[53]. Horietan denetarik dago, baina ñabardurak ñabardura, estrategia bertsuak proposatzen dituzte genero gramatikalari dagokionez. Euren artean, hiru dira estrategia nagusiak. Lehenik eta behin, genero maskulino eta femeninoko izenen bikoizketak (y juntagailuaz lotuak kasu batzuetan), (compañeras y compañeros) baliatzea (femeninoa lehenik emanez ahal dela) maskulino generikoaren ordez (compañeros) —maskulino generikoa ere esaten zaio sarri ezmarkatuaren ordez gida horietan, irakurleak baten bat ezagutzen badu dagoeneko jakingo duenez—. Bigarrenik, genero femeninoa erabiltzea talde mistoei erreferentzia egiteko. Eta hirugarren eta azkenik, izen kolektiboak erabiltzea banakoak izendatzen dituzten izenen ordez. Adibidez, profesorado “irakasleria” esatea profesor “irakasle” izenaren ordez. Gaztelaniaren eremutik aparte, katalanez, adibidez, estrategia bertsuak proposatu dira.
Proposamenok hautsak harrotu dituzte bai gaztelaniaren eremuan bai katalanarenean. Gaztelaniaz, ezagunak dira Real Academia Españolak (raek) adierazitakoak eta ez ditut errepikatuko ezta eztabaidatuko ere, nonahi eztabaidatu direlako dagoeneko[54]. Beste alde batetik, katalanari dagokionez, Carme Junyentek[55] editatutako liburu batean hainbat emakumeren iritziak jasotzen dira eta irakaskuntzan eta hezkuntzan, unibertsitatean, itzulpengintzan eta testu zuzenketan, komunikabideetan eta administrazioan gidetako gomendio eta irizpide asko ezartzeko ezintasuna da liburuaren izpiritua laburbildu dezakeen hitza —laburbildu diot eta, hortaz, bidegabea izango naiz halabeharrez, askotarikoak dira-eta liburuan biltzen diren emakumeen iritziak—. Ezintasun hori modu askotara adierazten dute liburu horretako emakumeek: Irizpide hauek luzera eta konplexutasun apur bat duten testuetan koherentziaz aplikatzeko ezintasuna[z] hitz egiten du Ona Domènechek genero bikoizketez, hots, nens i nenes “umeak, maskulinoa eta femeninoa” bezalakoez ari denean[56]. Itziar Adurizen iritziz, astuntasun jasanezinaz harago doa genero bikoizketa egiten duten testuen inkoherentzia diskurtsiboa. Egile horrek dioenez, bikoizketa egiten duten testu ia guztietan, bikoizketarekin hasten da, baina ez da testuan zehar jarraitzen, eta horrek erakusten du praktika honetan koherentea izateko ezintasuna[57]. Alba Granellek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak, bere aldetik dio ahozkotasuna sarerik gabeko salto bat dela, eta ikasgelan sartu eta ikasleei agurtu behar dien unetik bertatik, irakasleari sortzen zaizkion dilema zenbatezinez hitz egiten du[58].
Jakina, ñabardurak oso garrantzitsuak dira. Adibidez, Rosa Estopàk[59] Petit diccionari de ciència “Zientziaren hiztegi txikia” egin du 5 urtetik 8 urtera bitarteko umeentzat, eta bertan genero bikoizketa egitea hobetsi dute (adibidez, un laboratori és un lloc on treballen els científics y les científiques “laborategi bat zientzialariek lan egiten duten leku bat da”), adin horretan neskatoek ez dutelako beti euren burua sartzen maskulino generikoan, baina ume nagusiagoentzat, zehazki, 9 urtetik 12ra bitarteko umeentzat, egindako Primer diccionari de medicina il·lustrat “Medikuntzaren lehen hiztegia irudiekin” maskulino generikoaren alde egin dute, umeek adin horretarako maskulino generikoaren kontzientzia linguistikoa dutelako jada. Bikoizketa erabiliko da, beraz, testuingurua zein den.
Gaia ez da erraza eta iritzia ematea ere ez, inor mindu gabe batez ere. Nik esango nuke ikuspuntu gramatikal batetik konponbide zaila duela gaiak bikoizketen bidetik bederen. Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu dituen gidetan[60], adibidez, erabilera androzentrikotzat jotzen du los palestinos esatea eta ordainean erabilera inklusiborako, 1) palestinos y palestinas, 2) los y las palestinas, eta 3) las y los palestinos gomendatzen ditu. Testu (luze) berean zenbat aldiz agertu daitezkeen ez du adierazten, ez eta nola adierazi behar den beste adjektibo bat gaineratzen bazaie, adibidez: 1) palestinos asesinados y palestinas asesinadas?, 2) los y las palestinas asesinadas? eta 3) las y los palestinos asesinados? eta abar. Ez dut hitzekin jolastu nahi, genero arrakala eta batez ere palestinarren hondamendia (nakba) tartean direla. Bikoizketa sustatzen dutenak ere estrategiaren mugez ondo oharturik egongo direlakoan nago, lerro bakarreko adibideetatik aurrerako testuak idatzi dituztenean konturatuko zirenez —berriki argitaratu diren gidetan, hala nola mintzagai dudan horretan, lehenagokoetan ez bezala, gomendioak ematerakoan jarrera malguagoa erakusten duten ñabardurak gaineratu dituzte egileek eta, nire ustez, malgutasuna erakustea desiragarria da oztopo morfosintaktikoak ikusita—.
Beste gauza bat da, egile batzuek proposatu duten bezala, Domènechek berak katalanerako adibidez, forma bikoiztuak erabiltzea laburrak izateaz gain, egitura eskematikoa duten testuetan (gutun, formulario, idazpuru, abisuetan...), testu luzeagoetarako maskulino generikoa —edo nahiago bada femenino generikoa— gordeaz. Hori egingarria ikusten dut eta gomendagarria ere bai. Gomendagarria eta desiragarria ere izan daiteke hitzaldi baten hasieran, compañeras y compañeros bezalakoak adieraztea, baina ondo konturatuta hori esatea ohikoa dutenek ere hortik aurrera, maskulino generikoa baliatzen segitzen dutela, edo kasuan-kasuan, femenino generikoa, eta ez diotela bikoizketari segida ematen —tarteka beharbada—. Hortaz, beltz guztiak ez dira ikatzak, ez zuri guztiak irinak. Genero femenino generikoa baliatzeari, aldiz, ez diot oztopo handirik aurkitzen —ez behintzat bikoizketen aldean—. Gazteak horretan engaiatuko balira, beharbada gizaldiz gizaldi genero femenino ezmarkatuko hizkuntzak izatera heldu litezke gaztelania, frantsesa eta katalana —batek daki— eta horrekin batera, baina ez horregatik bakarrik, gizarte inklusiboago bat eraiki liteke.
[30] Pascal Mark Gygax et al. (2019: 4). Sailkapen ezagunetarako, ikus Dixon (1982), dagoeneko aztergai izan duguna, edo Greville G. Corbett (1991), generoaren azterketan erreferentziazko lana dena.
[31] René Lafon (1999 [1947]: 261-262).
[32] Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasola (1989-2005). Gramatika Batzordea (2021: 110-111). Izatez, Orotarikoak dioenez, ia ziurtzat jo daiteke alargun hitza antzina emakumeei bakarrik erreferentzia egiteko baliatzen zela.
[33] Begoña Muruaga (1990); Agurtzane Juanena (1991: 98); Miren Azkarate (1992: 97-98) eta Amelia Barquín (Emakunde) (2008: 28) beste batzuen artean.
[34] Jean-Louis Davant (2006).
[35] Manuel Padilla (2018: 231). Lan honetara jo dezake irakurleak mugak tarteko liburu honetan aztertu ezin ditugun -(t)sa atzizkiari buruzko beste xehetasun interesgarri batzuetarako.
[36] Rosa Miren Pagola (1984: 136). Manuel Larramendi (1745).
[37] Glaukoma (2017). Genero marka eta guzti mailegatutako beste hitz batzuetarako, ikus liburu honetako 1.4 atala eta 63, 148, eta 149 oin-oharrak
[38] Ibon Sarasola (2008-2024).
[39] José Ignacio Hualde, Gorka Elordieta eta Arantzazu Elordieta (1994: 108-
-109).
[40] Baina mozola jasotzen du, esate baterako, Elexpuruk (1996). Memelo/memela, txotxolo/txotxola pareetarako, ikus baita Azkue (1969b, 3 liburukia: 202).
[41] Hualde et al. (1994: 109).
[42] Ibid.
[43] Baina ikus Barquín (Emakunde) (2008: 29-30). Egile horrek filologa edo antropologa bezalakoak aurkitzea filologo eta antropologo maskulino marka eta guzti mailegatu izanari egozten dio.
[44] Lafon (1980 [1943]: 413).
[45] Markatua zer den zer ez den zehatz-mehatz eztabaidatzen du Joseph Greenberg tipologoak (2005 [1965]).
[46] Euskaraz ere, maskulinoa da genero ezmarkatua hitanoan (Mitxelena (2011 [1964]); Lafon (1999 [1947]: 261-262). Horrela uler daiteke, besteak beste, emakumezkoek toka jardutea bere buruarekin ari direla, dagoeneko eztabaidatu dugun gaia. Ikus liburu honetako 1.4 atala.
[47] Joseph Greenberg (2005 [1965]: 39) eta Floyd G. Lounsbury (1953).
[48] Lounsbury (1953: 51-52).
[49] Zoiko deitura hori John N. B. Hewitti (1903, 1928) egozten dio Lounsburyk.
[50] Robin Lakoff (1975: 43-44, 2004). Gaur egun they hobesten da hirugarren pertsonako singularreko izenordain generiko gisa (American Phychological Association 2020, apa 7 gisa ezagutzen dena).
[51] This shows that even in a matriarcal society, sexism exists and has grammatical reflexes (Robin Lakoff 1975: 43-44, 4 oin-oharra).
[52] Monique Wittig (1969). Egile horrek, oro har, bere lanetan pertsona izenordainez egindako erabileraren gaineko gogoeta baterako, ikus baita Wittig (1992: 76-89) ere.
[53] Amelia Barquín (Emakunde) (2008), upv/ehuko Berdintasun Zuzendaritza eta Pikara Magazine (2020a,b), Eusko Legebiltzarra (2022) eta cocemfe Nafarroa eta Nafarroako Parlamentua (2019), beste batzuen artean.
[54] Ignacio Bosque (2012); rae (2020).
[55] Carme Junyent (2021).
[56] [...] em van fer adonar de seguida de la imposibilitat d’aplicar aquests criteris de manera coherent en textos d’una certa llargada i complexitat... (Ona Domènech 2021: 52).
[57] Així, a la pràctica totalitat dels textos desdoblats, es comença amb el desdoblament però no es continua fent al llarg del text, cosa que demostra la impossibilitat de ser coherent en aquesta pràctica (Itziar Aduriz 2021: 255). Askoren iritzia da hau. Ikus baita Neus Noguè (2021: 44) ere, adibidez.
[58] Alba Granell (2021: 81).
[59] Rosa Estopà (2021: 90-92).
[60] upv/ehuko Berdintasun Zuzendaritza eta Pikara Magazine (2020a: 23) eta (2020b).