Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

2.5.
IKASGELETAN HOTZ EGITEN DU

 

 

      Aspaldikoak dira, joan den mendeko 80ko hamarkadatik hasi eta ondokoak, ikasgeletan emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio agerikoa edo sotila dagoela erakusten duten ikerketak. Hala, ikasgeletako klima hotzaz hitz egiten da Roberta M. Hall eta Bernice R. Sandlerren lanaz geroztik; klima hotza, jakina, emakumeentzat[131].

      Harrezkero pentsa zitekeen ikasgelak berotzen hasiak egongo zirela, alegia, diskriminazio hura gainditze bidean egongo zela. Zoritxarrez, Jennifer J. Leek eta Janice M. McCabek lan argitaratu berri batean[132] erakusten dute ikasgeletan aspaldidanik antzematen zen klima hotz hura oraindik ere sentitzen dela, zehazki, unibertsitateko ikasgeletan. Egile horiek eliteko unibertsitate bateko askotariko irakasgaiak irakasten zituzten bederatzi ikasgelatan aztertu zuten ea oraindik ere ba ote dagoen genero ezberdintasunik ikasgelako parte hartze patroietan eta elkarrekintzan. Eskola saio bakoitzean aztertu zuten taldearen genero osaera, ikasleen erantzun motak (iruzkina, galdera edo irakaslearen galderei emandako erantzunak) eta irakaslearen erantzunak. 95 orduko behaketaren osteko emaitzek erakutsi zuten gizonek emakumeek baino 1,6 aldiz gehiago hitz egiten dutela —literaturan lehenago atera diren azterketetako emaitzak berretsiz—. Hots, ikasleen artean gizonek soinu espazioa betetzen dute eta betetzeko lehiatzen dira; emakumeak, aldiz, euren txandaren zain egoten dira hitz egiteko. Beste alde batetik, hiztun nagusiak, hau da, sarrien hitz egiten dutenak eta mintzagaia euren mende dutenak gizonak dira —aztertutako ikasgeletan ez zuten aurkitu emakumezkoa zen hiztun nagusirik—. Gainera, gizonak hiztun nagusiak izateaz gain, ikastaro gehienetan lehen iruzkina egin ohi dute, askozaz ere iruzkin gehiago egiten dituzte eta iruzkin luzeagoak.

      Ikerketaren arabera, bestalde, emakumeek eta gizonek ez dute berdin jokatzen irakaslearekin jarraipen eztabaidetan eta elkarrizketa luzatuetan engaiatzerakoan. Jarraipen eztabaida deritzate ikasle baten lehen iruzkinaren ostean iruzkin edo galdera bat jasotzen duen elkarrekintzari eta elkarrizketa luzatua, berriz, bi iruzkin edo galdera jasotzen dituen elkarrekintzari. Alderdi horri dagokionez ikusi zutenez, 10 astetan zehar, gizonezkoak 31 jarraipen eztabaidatan eta 28 elkarrizketa luzatutan engaiatu ziren; emakumeak, aldiz, 7 jarraipen eztabaidatan eta 3 elkarrizketa luzatutan. Alegia, gizonek 5 aldiz gehiago parte hartu zuten irakaslearekiko jarraipen eztabaidetan eta elkarrizketa luzeetan emakumeek baino.

      Emakumeek argitu beharreko zalantzak dituztenean elkarrizketa luzatuak izaten dituzte irakaslearekin, hori bai, baina batez ere bi testuingurutan. Batetik, nagusiki emakumeez osatutako ikasgeletan. Hala, irakaslearekin txanda askotako elkarrizketa bat izan zuen lehen emakumea Humanitateetako ikasgela batekoa zen zeinetan % 80 emakumeak ziren. Bestetik, emakumeak elkarrizketa luzeetan engaiatzen dira irakasleak askotariko galderak egiten dituenean, hau da, irakaslearen ahaleginari esker erabiltzen dute emakumeek soinu espazioa.

      Beste alde batetik, soinu espazioa irabazteko lehiari dagokionez, gizonek sarriago hitz egiten dute eskua altxatu gabe eta beste hiztunen hizketa eteteko joera handiagoa erakusten dute. Hala gertatu zen bederatzi ikastarotatik zazpitan. Gainerako bietan, emakumeek gizonek beste edo sarriago hitz egin zuten arren, gehiengoa ziren ikasgela haietan. Alabaina, ikastaro guztietan, gizonek sarriago hitz egiten zuten eskua altxatu gabe emakumeek baino, eta 30 aldiz eten zuten besteen jarduna emakumeen 2 aldien aldean.

      Leek eta McCabek alderdi kualitatiboan ere antzematen dituzte ezberdintasunak, hala nola, estiloan eta doinuan. Izan ere, gizonezkoak asertiboak eta iritzi irmokoak dira; emakumeak, aldiz, zalantzatiak eta apologetikoak. Gizonen iruzkinen artean honelakoak entzuten dira: Ez nabil txantxetan, Hori ezinezkoa da, Hori ez da inoiz gertatuko. Hala hitz eginez, gizonezkoak ikasgelako partaide sendoak bihurtzen dira. Aldiz, emakumeek zalantzekin abiarazten dituzte euren iruzkinak (Ez dut errepikatu nahi lezioa gehiegi, baina..., Beharbada hau zehatzegia da, baina...) —lehenago ere ikusi dugu jarrera bera ahots bitasunaz eztabaidatu dugunean—. Beste alde batetik, emakumeek norbere burua gutxiesteko hitzaurreak[133] baliatzen dituzte sarri irakasleari erantzuten diotenean. Hitzaurre horiezaz ohartarazi zuten Myra Sadker eta David Sadker ikertzaileek urteak lehenago unibertsitateko ikasgelez ari zirela. Ez dakit hau ote den zuk nahi duzuna, Beharbada hau ez da zuzena, baina..., Ez nago oso seguru bezalakoak ageri dira behin eta berriro ikasgeletako emakumeen hizketan. Sadkertarrek unibertsitateko emakume ikasle haiei galdetzen zietenean ea zein ote zen euren hizketaren indarra horrela neutralizatzeko arrazoia, erantzunak ere argigarriak ziren: 1) Hori egiten dut nire gaineko espektatibak apaltzeko. 2) Ez dut ezer galtzen. 3) Dagoeneko esan dut beharbada oker egon naitekeela. 4) Ez nago seguru diot, seguru ez nagoelako. Zintzoa izaten ari naiz. 5) Ez nekien horrela hitz egiten ari nintzenik. Sadkertarrek diote erantzunetan azkena dela sarrien entzuten dutena. Norbere buruaz zalantza egitea emakumeen ahots publikoaren parte bihurtu da, halaxe diote, eta emakume gehienak ez dira konturatu ere egiten hala denik —Uxue Apaolazak ez oso aspaldi idatzitako Ez dakit hura[134] datorkit gogora—.

      Eta emakumeak ez dira zalantzati agertzen iruzkin bat egiten hastean bakarrik, gainerako iruzkinetan ere antzeko jokabidea dute. Hala, erantzun zuzena dakitenean ere, galdera gisa formulatzen dute, adierazpen gisa eman beharrean —galderez ere hitz egin dugu lehenago emakumeen hizketaz ari ginela—.

      Bai, ikasgeletan oraindik ere hotz egiten du emakumeentzat.

 

 

 

[131]  Roberta M. Hall eta Bernice R. Sandler (1982).

[132]  Jennifer J. Lee eta Janice M. McCabe (2020).

[133]  Ingelesez, female preambles of self-deprecation (Myra Sadker eta David Sadker 1994). Antzeko deiturak erabiltzen dira baita beste hizkuntza batzuetan ere, hala nola, prefacis d’autodisminució ritual katalanez (Estrella Montolio 2021: 214).

[134]  Uxue Apaolaza (2023).