Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

1.4.
UTERGAKO EZKON-HITZA,
KLEMENTZIA RICHARD,
LILITXOAK ETA
NOKAREN GAINBEHERA

 

 

      Uterga, 1547ko sanpedroak. Utergako Joana eta Martin Azterayn maitemindu dira. Zapata parea erregalatu dio Martinek Joanari eta horren ondotik beste erregalu batzuk egin dizkiote elkarri. Maite-kontuetan ibili dira bi urtez.

      Begi gaztainkarak ditu Martinek, argiak ukitzen dituenean ñabardura urrekarez zipriztintzen direnak. Eta begi gaztainkara sakonetan ez jausteko ahalegina egin behar du Joanak Martin ohartarazten duenean ezetz, ez diola atsegin egingo harik eta ezkondu arte.

      Halako batean, San Pedro osteko hirugarren egunean, Telleria deritzan Utergako alderdian, Martinek eskua emateko esan dio Joanari, berarekin ezkondu nahi duela, eta Joanak barrez erantzun. Martinek orduan ez barre egiteko, hura ez dela barre egiteko kontua eta ezkondu nahi duela esan dio berriro.

      Joanak, beraz, eskuin eskua eskaini dio, eta horrela bi eskuin eskuez loturik daudela, Martinek ezkon-hitza eman dio (ezkerretara daude jatorrizko hitzak eta eskuinetara euskara batura ekarriak, nahieran irakurtzeko):

 

nik Martin y Joanna arçenaut

Nik, Martin, hi, Joana hartzen haut

neure alaroçaçat

neure alarosatzat [emaztetzat]

eta hic arnaçan yre esposoçat

eta hik har nazan hire esposotzat

eta prometaçen dinat ez verçe

eta prometatzen dinat ez bertze

emazteric eguiteco y vayçen

emazterik egiteko hi baizen

viçi nayçen artean

bizi naizen artean

eta guardaçeco lealtadea

eta guardatzeko lealtadea

ala fedee, ala fedee, ala fede

hala fede, hala fede, hala fede

 

      Ondoren, Joanak ere bere aldetik leku berean eta eskuz loturik oraindik erantzun dio:

 

nik Joanna y Martin arçenaut

Nik, Joana, hi, Martin hartzen haut

neure sposoçat

neure esposotzat

eta hic arnaçac eure sposaçat

eta hik har nazak heure esposatzat

eta prometatzen diat ez verçe

eta prometatzen diat ez bertze

senarric eguiteco

senarrik egiteko

viçi nayçen artean

bizi naizen artean

eta guardaçeco lealtadea

eta guardatzeko lealtadea

ala fedee, ala feede, ala fedee

hala fede, hala fede, hala fede

 

      Besarkada samur batez, musu eman diote elkarri. Eta hala bazan eta ez bazan, sar nadila kalabazan eta irten nadila Utergako plazan gaineratu liteke beharbada benetan gertatuak ez balira. Baina Martinen (alegiazko) begi gaztainkaretara betiko abandonatu aurretik, goazen Utergako ezkon-hitza aztertzera. Horretaz dakiguna Jose Maria Satrustegiri[61] zor diogu besteak beste, eta kontakizunerako osagai nagusiak ere bere lanetik jaso ditut. Ezkon-hitz hau ez da bere generoko bakarra. Garai bereko beste ezkon-hitz batzuen berri ere badugu, Espartzakoa[62] adibidez, baina hizkerara begira, besteetan ez bezala, hika zuzentzen zaizkio ezkongaiak elkarri Utergakoan: Martinek Joanari noka egiten dio eta toka, berriz, Joanak Martini. Ohartuko zen horretaz irakurlea letra lodiz idatzitako pertsona izenordainei (euskara batuan, hi, hik, hire, heure) eta adizkiei begira. Adizki horietako bat, bi ezkongaien ezkon-hitzean bera da (haut), hots, nokari zein tokari dagokiena, baina lehenari dagozkio har nazan eta prometatzen dinat eta bigarrenari, berriz, prometatzen diat eta har nazak —euskara batuko formak direlarik aipagai—.

      Simetria harmonikoa ikus daiteke ezkon-hitz horretan, uste izatekoa denez —hori ez dio Satrustegik, nik baino—. Alde batetik, ezkon aurreko erritual bat da eta hitzezko formula estereotipatuak erakusten ditu. Beste alde batetik, ezkontzea berez ekintza elkarkaria denez, alegia, norbaitek beste norbaitekin egin beharrekoa eta alderantziz[63], espero izatekoa da simetrikotasuna eta errepikapena egotea ezkon-hitza ematerakoan. Hortaz, nobedade gutxi Utergako plazan, esango du urliak (euskara arkaikoaren lekukotasunetara begirako interes ukaezina izan arren, esan nahi da). Alabaina, sandiak erantzun liezaioke ezkon-hitzaren berezko simetriak aparteko oihartzun soziala duela Utergakoan, zeren gizona eta emakumea, esposo eta esposa —biak ala biak genero marka erromanikoa mailegatutako hitzak— ez ezik[64], to eta no, toka eta noka, parez pare jartzen ditu-eta bata bestearen ispilu irudiak bailiran[65]. Horregatik, ezkon-hitzaren lekuko izan bagina, tentazioan eror gintezkeen eta pentsatu esposoak eta esposak, tokak eta nokak parez pare, simetria harmonikoan segituko zutela gizaldi eta gizaldi guztietan. Zoritxarrez, Joana eta Martin bakarrik zeuden elkarri ezkon-hitza ematerakoan, hau da, lekukorik gabeko promesa izan zen hura. Izatez, ezkontza eginbiderik ere ez zen bete —alegia, ez ziren oheratu—, aldez aurretik Joanaren gurasoen aurrean ezkondu ez zirelako, hark nahi zuen bezala. Balizko Utergako ezkon-hitza serieko azken kapitulua laburbilduz (zapuztaile alerta): Martinek ez zuen ezkon-hitza bete nahi izan; Joanak epaitegira eraman zuen; Martinek dena ukatu zuen: elkarri egindako erregaluak, maite-kontuak, maitasuna; ez omen zuen inoiz Joanarekin ezkontzeko asmorik izan eta ez zion sekula ezkon-hitzik eman. Hori bai, mendeen joan-etorrian ikusitakoak ikusita ez dugu zapuztaile alertaren beharrik jakiteko epaileek Martinek esandakoa sinistu zutela eta froga faltagatik absolbitu zutela —xvi. mendeaz ari garela ez ahaztu—. Bidenabar, epaile aurrean lekukotasuna eman baino hiru hilabete lehenago, Zizurko Mariarekin ezkondu zen Martin —kontuz, Maria—. Bi hitzetan, simetria soziala ameskeria hutsa da esposo eta esposari dagokienez, eta jarraian kontatuko dizuedan istorioaren barruko istorioan ikusiko duzuenez, tokaz eta nokaz den bezainbatean ere bai.

 

* * *

 

      Londres, 1859. Klementzia Richard bere idazmahaiaren aurrean eseri da. Luis jaioberria lo utzi du sehaskan eta bularra eman arteko tartea baliatu nahi du lanerako —ez du inuderik, nahi izanez gero izan lezakeen arren—. Jaso berriak ditu Bibliako Genesia liburuko lehen hamar kapituluak, eta irakurri eta, beharrik bada, zuzendu behar ditu, Biblia gipuzkeratu behar den arren, itzultzailea, Jose Antonio Uriarte frantziskotarra, bizkaitarra da-eta. Klementzia bera ere ez da gipuzkoarra, zuberotarra baino, baina gipuzkeraz ere ondo daki —goi-nafarreraz, frantsesez eta gaztelaniaz ere bai—[66], eta hizkera horretatik desbideratzen dena zuzendu behar du itzulpenean. Zeregin horretarako metalezko idazlumaz eta tinta urdin-beltzaz baliatzen da batez ere, Uriarteren hizki beltzaxketatik ez ezik, bigarren zuzentzailearen marra gorri-gorriko hitzetatik ere bereizteko, nahiz eta itxuraz hark ere tarteka tinta gorria ere erabiltzen duen[67]. Erresumarik gabeko printze bat da bigarren zuzentzailea; familia ospetsu batekoa; frantsesa baina aldi berean euskaltzale porrokatua. Klementziaren umearen aita ere bada, ezkonduta ez dauden arren.

      Heldu da Klementzia Genesiaren 9, 21 bertsetera eta irakurtzeari ekin dio:

 

Eta edanic ardoa, orditu zan, eta billostu
bere bicilecuaren erdian.

[Eta edanik ardoa, horditu zen, eta biluztu
bere bizilekuaren erdian.]

 

      Billostu “biluztu” hitzak arreta eman dio; bizkaieraren traza hartu dio. Zuzendu beharrekoa, beraz. Luma tintontzian sartu du eta ateratzerakoan, ontziaren ertza ukitu du kontu handiz, paperean behintzat anpulu urdinkararik jausi ez dadin, badakien arren lanean amaitu orduko eskuin eskuko atzamar zurietan orban urdinxkak izango dituela —Luis txikiaren argizarizko atzamartxoak zikintzen ez dituen bitartean, gaitz erdi—. Billostu hitzaren azpian erantcizan “erantzi zen” idatzi du eta larrugorritu gainean. Beharbada, Bizenta Mogelen Ipui onak lanetik[68] aterako zuen Klementziak larrugorritu hura, billostu edo larru-gorritu bi aditzak loturik agertzen direlako bere ipuinetako batean[69]. Gustuko du Klementziak Bizentaren ipuin haiek irakurtzea, hiru urte lehenago Uriartek Printzeari liburua bidali zionetik[70].

      Zuzenketa lan burutsuan engaiaturik jarraitu du, harik eta umeari bularra eman behar diola sentitu duen arte. Soinekoaren gerruntzeak haizemaile itxurako izurrak ditu aurrealdean gerrian lokarri batez lotzen direnak[71]. Klementziak nahikoa du, beraz, lokarria apur bat askatzea gerruntzea nasaitu eta gero, bularra soinekotik atera eta Luis txikiari emateko. Orduan umearen berotasun samurra eta xurgatze erritmikoa sentituaz batera, ausazkoak irudi lezaketen baina izatez ez diren ideia kate horietako baten ondorioz, Salomonen istorioa[72] etorri zaio gogora.

      Bi emakume erditu berrik ume bana dute, harik eta bietako batek (B emakumeak) lo zegoela berea ito duen arte. B emakumeak, orduan, bere ume hila A emakumearen altzoan utzi du eta harena jarri du bere bularrean. A emakumea titia ematera jaiki denean goizean, hila iruditu zaio umea eta berehala konturatu da hori ez dela berea bestearena baino. Horrenbestez, Salomon erregearen aurrera joan dira gertatua kontatzera, bizirik dagoen umea norena ote den ebatz dezan. Orduan Salomonek agindu du ezpata ekartzeko, umea erditik zatitzeko eta emakumeei erdi bana emateko. Hori ikusirik, A emakumeak dio umea bizirik emateko besteari; B emakumeak, berriz, zatitu dezatela, ez dadila izan ez batentzat ez bestearentzat. Hala, Salomonek agindu du bizirik dagoen umea ez hiltzeko eta A emakumeari emateko, bera da-eta ama.

      Ezaguna da istorioa, eta horretaz ari dela, jendeak Salomonen zuhurtasun miresgarriaz hitz egin ohi duen bitartean, Klementziak istorioaren beste alderdi izugarri batzuei erreparatzen die, hala nola, bi emakumeen oinaze eta desesperazioari; bizirik dagoen umearen ama, hari uko egin eta amore emateko prest agertzeari... Zer egingo zukeen berak, galdetzen dio bere buruari, baina ez du erantzun beharrik. Luis txikia, bizirik dago zorionez. Klementziaren altzoan lo gelditu da bapo asetuta. Ahoa apur bat zabalduta, titia askatu duen arren, beheko ezpain txikitxoaren ertzari itsatsita gelditu zaio, esne usaina darion organo bat beraren bi atal banaezinak balira bezala.

      Uriartek gipuzkerara ez ezik, Jean Pierre Duvoisinek[73] ere lapurterara itzuli zuen Biblia, Klementziaren bizikidea zen Printze beraren agindupean. Itzulpen hori eskura zuten Klementziak zein Printzeak euren zuzenketa lana egiteko[74].

      Begoña Echeverriak[75] xehetasunez aztertu du nokaren erabilera Duvoisinen itzulpen horretan eta ondorio latzak atera ditu. Echeverriaren arabera, emakumeak eta neskak elkarri noka zuzentzen zaizkion itzulpeneko agerraldi bakarra Salomonen istoriokoa da, hain zuzen[76]. Baina kontuan izan, Klementziaren gogoan bi emakume besterik ez ziren haiek, Bibliaren arabera, emazteki lilitxoak zirela, prostitutak alegia —Duvoisinek lilitxo eufemismoa erabiltzen du, bakarka eta emazteki edo neskatxa bezalako izenekin batera, prostituta adierazi nahi duenean—[77]. Halaxe dihardute biek aipatu lanean:

 

Bertze emaztekiak ihardetsi zuen: ez dun hik dionan bezala, bainan hire semea hil dun, eta enea bizi. Bertzeak bertze aldera zioen: Gezurra dion, ezen ene semea dun bizi, eta hirea hila dun[78].

 

      Hortaz, prostitutek erabiltzen dute noka, eta hori azpimarratzekoa da, zeren, Echeverriak dioenez, Biblian emakume solaskideak gutxi diren arren, Duvoisinek bazuen-eta noka erabiltzea beste kasu batzuetan, hala nola, Ama Birjinak Isabeli bisita egin zionekoan[79]. Gainera, bazen bera baino lehenago noka baliatu zuenik pasarte horretan, zehazki, Joanes Leizarraga, Koldo Mitxelenaren iritziz, hitanoa beste inork baino gehiago sartu duena gure literaturan[80]:

 

Benedicatua hi emaztén artean, ecen benedicatua dun hire sabeleco fructua[81].

[Benedikatua hi emazteen artean, ezen benedikatua dun hire sabeleko fruitua]

 

      Izatez, Iñigo Ruiz Arzalluzek dioenez[82], Duvoisinek ezagutzen zuen Leizarragaren testua. Alabaina, Duvoisin ez zen halakoetan nokaz baliatu, zukaz baino. Hortaz, bizidunak diren emakumeen arteko nokaren agerraldi bakar hori esanguratsua da bere bakantasunean.

      Beste alde batetik, hiri eta herrialdeen izenak —jo dezagun, Babilonia— solaskide bizigabeak diren arren, metaforikoki femeninotu egiten dira nokaren bitartez —horretan eragin dezake beharbada sorburu-hizkuntzan, hala nola, latinez edo frantsesez, hiri eta herrialde izenak batzuetan femeninoak izateak, Babilonia bi hizkuntza horietan den bezalaxe—. Hori, baina, ez da itzultzailearen hautu tolesgabe bat[83]. Echeverriak erakusten duenez, noka helburu gaiztoetarako erabiltzen da beti Duvoisinen itzulpenean zehar, hala nola, norbait madarikatzeko, zigortzeko edota zigorrik bortitzenak iragartzeko. Salmoen liburuko ondokoa, Babiloniari zuzendua, da horren erakusgarri[84].

 

Babiloniako alaba zorigaichtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri gaizki eginak.

[Babiloniako alaba zorigaiztokoa, dohatsu hiri bihurturen dinana hik guri gaizki eginak]

 

      Eta segidan:

 

Dohatsu hartuko dituena hire haur cheheak eta
harriaren gainean phorroskatuko dituena!

[Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta

harriaren gainean porroskatuko —txikituko— dituena]

 

      Bihotza erdiratuko zitzaion Klementziari inor (Babilonia) haur txikiak harriaren kontra txikitzen imajinatuaz bakarrik —bihotza erdiratzen al zaigu guri inork (Israelek) haur xeheak harriaren gainean porroskatzen dituenean?—. Hortik harantzago, noka erabiltzeko modu horrek ere larrituko zukeen beharbada. Izatez, Uriartek gipuzkerara egindako itzulpenean, hots, Klementziak zuzentzen diharduen testu berean, nokak ez du halako konnotazio negatiborik: noka eta toka, biak erabiltzen dira parez pare Kanten kanta ederrean adibidez[85].

      Baina berandutzen ari zaio Klementziari eta umea sehaskan utzi beharra du zuzenketa lanean jarraitzeko. Handik gutxira, urte berean argitaratu zen Londresen izenburu luzeko Biblia edo Testamentu Zar eta Berria Aita Fray José Antonio de Uriartec latiñezco Vulgatatic lembicico aldiz Guipuzcoaco euscarara itzulia. Luis-Luciano Bonaparte Principeak eta Don José Antonio de Azpiazu guipuzcoatarrac lagundurik. Izenburuko hitz asko eta askoren artean, ausentzia bat da nagusi: ez da inon ageri Klementzia Richarden izen-abizenik, bai, ordea, Printzearenak: Luis Luziano Bonaparte zen, bai, Napoleonen iloba eta Luis txikiaren aita. Javier Etxagibelek dioenez[86], Bonapartek jendaurrean behintzat ez zion inoiz Klementziari aitortu ez egindako lana ez emandako laguntza.

 

* * *

 

      Antzuola, 2019. Onintza Legorburuk Argia/Larrun aldizkariko kazetariarekin elkarrizketa egin beharra du nokaren gainbeheraz[87]. Ugarte-Torre baserrian jaio zen 1993an Legorburu. Amak zein aitak biek egin diete noka hari eta bere ahizpari —hortaz, noka etxean transmititu diete alabei, ohikoa ez dena—, baina ahizpen artean zuka egiten zuten etxean zein kalean. Halako batean, noka egiten hasi zen Legorburu, amaren egoskorkeriaz batetik, eta hautu politiko gisa bestetik. Halaxe dio aldizkariko artikuluan. Legorburuk bere herriko hitanoaren erabilera izan zuen aztergai 2018an Euskal Herriko Unibertsitatean defendatu zuen Master Amaierako Lanean[88]. Lan horretan egileak hitanoaren erabileraz askotariko argibideak ematen dituen arren, hona ekarri eta aletuko ditut berak zein beste ikertzaile batzuek nokaren gainbehera azaltzeko eman dituzten arrazoietako batzuk.

      Hori baino lehenago, baina, komeni da datu batzuk gutxienez gogoan izatea nokaren gainbehera zenbaterainokoa den ulertzeko. Azterketa kuantitatiboetako bat da Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzarena. Egileok belaunaldiz belaunaldi aztertu dute hitanoa Azpeitian eta, euren esanetan[89], lagunen arteko harremanetan, gizonezkoak badira solaskideak, hika dihardu euren ikerketako partaideen % 90ek. Alabaina, neskak badira solaskideak, 25 urtez azpiko partaideen artean, % 2,8 baino ez dira noka hitz egiten dutenak; elkarri toka diharduten mutilak, berriz, % 85,8ak. Egundokoa da, beraz, tokaren eta nokaren arteko aldea batez ere hiztunik gazteenez ari garela, eta beste herri batzuetako joera orokorren gutxi gorabeherako irudia eman dezakete Azpeitiko datuok.

      Zein dira, bada, nokaren gainbeheraren arrazoiak? Lehenik eta behin, askorentzat dituen konnotazio negatiboak aipa daitezke —Duvoisinen lanekoak aztertu ditugu dagoeneko—. Dena dela, batzuetan hitanoari berari oro har egozten zaizkio konnotazio gaiztoak eta bide beretik baita nokari ere. Hika aritzen ginen etahika ijitoak aritzen zirela!” entzun behar izan dute hiztun batzuek[90]. Halako usteen erroak orain baino lehenagokoak dira, jakina. Joan den mendean Resurreccion Maria Azkuek[91] bere hiztegi ezagunean zioen gipuzkeraz hitanoari ijitoen izkuntza deitzen zitzaiola mespretxuz. Beste alde batetik, deabruaren hizkera dela esan izan da. Hori ez da harritzekoa kontuan hartuz, esaterako, Juan Mateo Zabalak bere 1848ko gramatikan zioela hitanoa balia zitekeela hizkera jasoan —pulpituan edo idatzizkoan— deabruari hitz egiten zitzaionean edo hura iraintzen zenean[92]. Bestalde, ahozko literatura tradizioan ere, adibidez Maddi Ariztia ipuin biltzaileak joan den mendean jasotako ipuinetan, deabruak toka dihardu eta toka zuzentzen zaizkio[93]. Eta denbora ez baita alferrik igaro, 90eko hamarkadako Dragoi bola marrazki bizidun japoniar arrakastatsuetan, gaiztoetan gaiztoenak, hala nola Freezer, hika zuzentzen zaizkie Goku eta lagunei zein gainerakoei, baina ahozko tradizioko deabruari ez bezala, inork ez die hika egiten[94].

      Gaur egun ez dut uste hitanoa ijitoen edo deabruaren hizkera dela esango duenik inork —hamaika ikusteko jaioak gara!—, baina hitanoa, oro har, eta noka bereziki, ospe gaiztokoak direla azpimarratu dute gaia sakon aztertu duten ikertzaileek. Esate baterako, hitanoa zakarkeriarekin eta itsuskeriarekin lotzen da, errespetu falta eta edukazio txarrarekin[95]. Ospe on eta prestigiorik ez da, beraz, hitanoarentzat. Dena dela, ageriko prestigiorik ez duenak —eta hitanoak ez dirudi halakorik duenik—, ezkutuko prestigioa[96] izan dezake, eta hori da beharbada tokarekin gertatzen dena: ez du hizkera formalak —estandarrak alegia— eta, ondorioz, zukak duen ospe onik, baina ezkutuko prestigioa du[97]. Hala dela arrazoitzeko, jo dezagun Antzuolako kasura. Legorburuk erakutsi duenez[98], Antzuolan hika hitz egiten den eremuetako bat lantokia da, zeinetan beste bi eremu bereizten dituen egileak, hots, baserriko lana eta lan industriala. Bada, toka bereziki bi eremu horietan hitz egiten da. Horrek esan nahi du langile klasekoek besteak beste baliatzen dutela toka. Kontuan hartuz klase identitatea talde bereko kideen arteko elkartasun harremanei esker ez ezik, beste talde bateko kideengandik bereizteko gaitasunari esker ere eraikitzen dela, behe hizkera eta zehazki toka bihurtzen dira klase identitatearen bereizgarri. Aldiz, nokak ez du ez ageriko prestigiorik ezta ezkutukorik ere, nahiz eta, jakina denez, emakumeak azoketara joan izan diren historikoki baserriko barazkiak-eta saltzera, esaterako. Horrenbestez, klase sozialaz gain, generoak ere berebiziko garrantzia du ezkutuko prestigioari dagokionez —halakorik badago, nik uste dudan bezala—, zeren gerta zitekeen nokak tokak bezala ezkutuko prestigioa izatea, baina ez da hala izan: ez du ez bata ez bestea. Horretan ere zalantzarik gabe genero arrakala dago. Beste alde batetik, emakumeak izan ohi direnez ospe oneko hizkera erabili ohi dutenak, edo hori esan izan da behintzat, hortik erraz ondorioztatu daiteke euren artean zuka hautatu izana, noka bazterrean utziz.

      Bigarrenik, nokaren ia galtzerainoko gainbeheraren arrazoien artean transmisioaren etena ere aipatu izan dute adituek[99]. Printzipioz hikak, oro har, ez du transmisio formalik izan —eskoletan ez da-eta irakatsi—, baina nokak ez bezala, tokak transmisio informala izan du. Esate baterako, oro har, etxean mutilei toka egin izan diete gurasoek; neskei, berriz, noka ez horrenbeste edo batere ez. Beste alde batetik, etxean irakatsi ez dena nekez ikas daiteke kalean, bertan ere erabiltzen ez bada, erabiltzen ez denez. Lazgarria izanik ere, samurra da azpeitiar emakume gazte batek nokaren gainean dioena:

 

Ez da mattetzen erakutsi[100]

[Ez da maitatzen erakutsi]

 

      Nola maitatu eta transmitituko da ba prestigiorik ez duena ezta prestigioa ezkutukoa denean ere?

      Hirugarrenik, ohitura falta, eta laugarrenik, jakintzarik eza ere aipatu izan dira, nokaren gainbehera azaltzeko[101]. Horiexek dira, hain zuzen, Bereziartua, Muguruza eta Etxeberriak egindako lanetan galdera irekien bidez jasotako erantzunetan portzentajerik handiena dutenak transmisioaren etena eta prestigiorik ezaren gainetik. Baina itxuraz lokabeak diren arrazoiak bata bestearekin uztar daitezkeelakoan nago: prestigiorik ez duena ez da transmititzen; transmititzen ez dena ez da ohikoa, eta ohikoa ez dena ezin daiteke ez ikasi ezta jakin ere.

      Laburbilduz, hauexek ez dira ez rockerako ez nokarako garaiak. Beste alde batetik, nokaren gainbeheraren atzean egon litezkeen arrazoiez gain, tokaren orotariko erabilerak ere noka bazterrera uzten du, hala nola, batzar batean emakumezko zein gizonezko entzuleei zuzenduz erabiltzen denean zuka erabili beharrean[102]. Batzarretatik aparte, aspaldidanik salatu da iragarkietan-eta toka erabiltzen dela hartzailea printzipioz gizona zein emakumea izan daitekeen arren[103]. Kontuan izan toka berez forma ezmarkatua izateak ez duela esan nahi, ez orain arteko usadioan behintzat, emakumezkoekin balia daitekeenik. Hori bai da forma ezmarkatua zer den okerretara ulertzea. Irtenbiderik? Errazena beharbada forma biak erabiltzea, alegia, egin ezan, egin ezak “egin ezazu” bata bestearen ondoan ematea, adibidez. Edo zuka erabiltzea, kito. Eta bada bestelako estrategia ederrik. Zakilixutek —Antton Olariagak— ezank “ezazu” edo dunk “da” eta ditunk “dira” bezalako adizkiak erabiltzen ditu, hau da, emakumezkoari zein gizonezkoari, hurrenez hurren, dagozkien morfema biak (-n eta -k) aldi berean jasotzen dituzten forma jator, nahiz tradiziorik gabeko, eta dotoreak. Zoritxarrez ez dirudi Zakilixutek horretan jarraitzailerik izan duenik, Wazemank ETB1eko aspaldiko umorezko saio haren izena gorabehera.

      Hortaz, beste nonbait aurkitu beharko labirintotik irteteko bideak, bakar bat ziur aski ez da-eta egongo. Honakoak dira hiru bide eta hari (gorri) bana. Bideetan lehena eta Euskal Herrira begira unibertsalena denok zuka egitea litzateke beti eta salbuespenik gabe —hikatzaileek ere bai—. Generoak bereizkeriara bagaramatza, generoa erauz dezagun. Zaila dute —ezina momentuz— hizkuntza erromanikoetako hiztunek genero gatazka konpontzea; hikatzaileek, aldiz, hi alboan utzi eta zu hautatuz gero, arazoaren parte bat gutxienez konponduko genuke. Bideetan bigarrena izan liteke hikatzaileek, berezkoek zein ikasiek, toka erabiltzea dagokionean —zer dagokion, norekin, non eta nola gero eta lausoagoa den arren— eta ez ahaztea ezin onartuzkoa dela eta ez dela onartuko —diot nik— emakumezkoei zuzentzeko ez solaskide bakarra denean ez eta talde misto bateko solaskidea denean ere —baina beharbada ez gara emakume guztiak iritzi berekoak, hurrengo atalean ikusiko dugunez—. Beste alde batetik, nokaz den bezainbatean, hilzorian dagoena bakean hiltzen utzi. Alegia, bigarren bide horretatik jarraituz gero, tokari dagokionez, gauzak apur bat zuzenduko genituzke eta nokari dagokionez daudenean utzi. Eta hirugarren eta azken bidea izan liteke noka bakean hiltzen utzi ez eta hikatzaileak diren hiztunek (edo ez diren arren, izan nahi dutenek), emakumeek zein gizonek noka erabili eta berreskuratzen saiatzea. Legorbururen bidea, ustez, hirugarren hori da, dioenez, noka hautu politiko gisa erabiltzen hasi zelako etxetik kanpo ordura arte etxean baino egiten ez bazuen ere. Ahalduntzeko tresnatzat jotzen du egile horrek nokaren berreskurapena[104].

      Niri galdetzen badidazue nondik joko ote nukeen, hona nire hautua. Gauza batzuetarako erradikal samarra naizen arren, ez nuke lehen bidetik joko; ez nioke inola ere hika darabilen hiztun bati esango tratamendu hori baztertzeko —inork inoiz esan duen bezala—. Gordezalea nintzateke horretan, genero arrakalaren arriskuarengatik ere —mea culpa—. Hots, arazoak arazo lehentasuna emango nioke bitxia bezain ederra den ezaugarri linguistiko idiosinkrasiko hori gorde eta baliatzeari. Ez nuke, horrela, esentzialista agertu nahi, ezta hurrik eman ere, baina ergatibotasunak berezi egiten bagaitu euskaldunok, zeresanik ez hikak —nokak zein tokak—. Eta ez, ez dut horrekin ezta jatortasunaren eta benetakotasunaren aldeko aldarririk egin nahi, (toka) hiztun batzuek itxuraz egiten duten bezala[105]; hori gabe, aldakortasun linguistikoaren (eta bestelakoaren) aldeko aldarria da egiten dudana: euskalduna naiz eta elebiduna; hortaz, nire baitan dago aldakortasuna eta ez dut ozenki esateko eragozpenik —ñabardurak berriro ere hurrengo atalean—. Bigarren bideak, zehazki, nokarekin zerikusia daukan bidezidorrak ere ez nau asebetetzen. Ondorioz, ez, ez nuke noka bakean hiltzen utziko. Mundua aldatu nahi duten pesimista horietakoa ere banaiz, zer egingo diot? Beraz, hirugarren bidea baino ez daukat, eta horixe da, hain zuzen, jarraituko nukeena hikatzaileen eremuan eta beharbada harantzago: noka suspertuko nuke, erauzi dioten duintasuna itzuliko nioke, makurrarazi dutena goratuko nuke. Hala, nokaz berjabetuko[106] nintzateke eta erabilera arau inplizituak irauli eta apurtuko nituzke, Legorburuk ausarki egin duen bezala —arau horiek berak eraman dutelako noka galbidera—. Ahalduntzeko tresna? Horixe baietz. Emakumeok ahalduntzekoa bakarrik? Ez halabeharrez.

 

 

 

  [61]  Jose Maria Satrustegui (1977). Utergako ezkon-hitzerako, ikus baita Ibon Sarasola (1990: 103-104) ere.

  [62]  Blas Fagoaga (1961). Ezkon-hitzez, jo Mitxelenaren (1990: 149-154) lanera ere.

  [63]  Ezkondu bezalako aditzen simetrikotasunerako, ikus Kristina Bilbao (2022).

  [64]  Jatorrizkoan (e)sposoçat eta sposaçat. Ezkon-hitz horretan, (e)sposo eta senar bi hitzak agertzen dira gizonarentzat eta hiru, berriz, emakumearentzat, hots, sposa, emazte eta alaroça —ikus Satrustegui (1977: 113-114) eta Sarasola (1990: 104) xehetasunetarako—. Alaroça (alarosa) hitza arabiar jatorrikoa da (al-arūsa “emaztegai, emazte ezkonberri”) eta euskararen lekukotasunetan ezkon-hitz horretakoa du agerraldi bakarra (Txomin Peillen 1980: 42; Sarasola 1990: 104).

  [65]  Xabier Alberdiren (1993: 438) esanetan, adiskidetasun harremanetik ezkongaietara hikatik zukarako tratamendu aldaketa gertatu ohi da, eta ezkongaietan gertatu ezean, ezkondu eta gero izango da ziur aski. Horren salbuespena litzateke Utergako ezkon-hitza.

  [66]  Pierre Machot (2004: 119-120), Javier Etxagibel (2024: 5).

  [67]  Ibid., 15-16.

  [68]  Bizenta Mogel (1991 [1804]). Mari Jose Olaziregik (2003: 205) dio Bizenta Mogelek euskal literatur tradizio androzentrikoan pitzadura bat ireki zue[la]. Jo lan horretara egilearen aldarrikapenerako eta bere lanaren azterbide interesgarri baterako.

  [69]  Etxagibelen hipotesia da hori. Hipotesi horretarako eta, bereziki, mintzagai dugun zuzenketa horren azterbiderako, ikus Etxagibel (2024: 41-42).

  [70]  Uriartek hala egin zuela ageri da Printzeari 1856an bidalitako gutun batean (Juan Ruiz de Larrinaga 1954: 237; Etxagibel 2024: 42).

  [71]  Ingelesez, fan-pleated bodice “haizemaile itxurako izurdun gerruntzea” deritza 1830 eta 1850eko hamarkadetan emakume haurdunek eta erditu berriek erabiltzen zuten gerruntze horri (Alden O’Brien 2010: 395).

  [72]  Salomon epaile zuhurra, Erregeen Lehen Liburua (3:16-28).

  [73]  Jean Pierre Duvoisin (1973 [1859-1865]).

  [74]  Etxagibel (2024: 14).

  [75]  Begoña Echeverria (2016).

  [76]  Ibid., 371.

  [77]  Eufemismoa, diot, “prostituta” (edo esanahi bereko) beste tabu hitz bat saihesteko hitz bat delako lilitxo. Eufemismoez zein hitz horretaz, ikus liburu honetako 3.3. atala ere.

  [78]  Ibid., 371.

  [79]  Lukasen Ebanjelioa (1:39-56).

  [80]  Mitxelena (1988 [1964]: 180).

  [81]  Joanes Leizarraga (1979 [1571]).

  [82]  Iñigo Ruiz Arzalluz (1987: 725 eta 53 eta 54 oin-oharrak).

  [83]  Izatez, Leizarragaren hautua oso bestelakoa da: Bethlehem, Ierusalem, eta Mitxelenak esango lukeen bezala, zerak nortzen dituenean, hala nola, arima, escua, beguia, itsasoa... tokaz baliatzen da eta ez nokaz (Lafon 1999 [1947]: 280-281). Babilonia da hiri izenetan salbuespen bakarra, Mitxelenaren ustez, harritzekoa ez dena kontuan hartuz paillardatzat (prostituta) eta reguinatzat (erregina) hartzen dela (Mitxelena 1988 [1964]: 180). Nolanahi ere den, Lafonek zehazten duenez, Babiloniari toka zuzentzen zaio hiri gisa (ciutate handia) hartzen duenean. Ikus baita Esther Zulaika (1999: 596-597) ere.

  [84]  Salmoen Liburua (137:8 eta 9), hurrenez hurren (Echeverria 2016: 360).

  [85]  Ibid., 72-73.

  [86]  Ibid., 6-9.

  [87]  Onintza Irureta (2019: 3).

  [88]  Onintza Legorburu (2018a).

  [89]  Bereziartua eta Muguruza (2024: 31), Bereziartua eta Muguruzaren (2021a) emaitza esanguratsuenak laburbilduz. Jo azken lan horretara azterketa kuantitatibo xehe baterako. Hitanoaren egungo erabilera ezagutzeko ezinbesteko lanak idatzi dituzte bi egileok eta lerro hauetan aipatuko ditut euretako batzuk. Gaiari buruzko zabalkunderako, ikus egileon hitanoaz.eus webgunea ere (Bereziartua eta Muguruza d.g.). Azpeitiko hitanoaren erabilerarako, ikus baita Soziolinguistika Klusterra (2016) ere.

  [90]  Gaia dela eta, Juan Martin Elexpuruk (2018) ahotsak.eus-etik (Badihardugu Euskara Elkartea. d.g.) ateratako esaldien arteko bat.

  [91]  Resurreccion Maria Azkue (1969a, I liburukia: 47).

  [92]  Juan Mateo Zabala (1848:165). Ikus Alberdi (1986: 162-167), Zabalak hika, zuka eta berorika dela-eta egiten duen gogoetaren berrikusketa baterako.

  [93]  Mutil baten ichtorioa izeneko ipuinean, adibidez, Josepe Amorena saratarrak Maddi Ariztiari kontatua 1923an 80 urterekin (Ariztia 1934: 10). Ikus baita ipuin biltzaile beraren Atxular apezarena ere.

  [94]  Bereziartua eta Muguruza (2021b: 331; 336-337).

  [95]  Ikus beste batzuen artean: Ozaita (2014: 95); Elexpuru (2018); Legorburu (2018a; 2018b: 126-130); Bereziartua eta Muguruza (2021a: 364-365, 370; 2024: 35); eta Muguruza, Bereziartua eta Etxeberria (2020: 135).

  [96]  William Labov (2006 [1966]) eta Peter Trudgill (1972). Echeverriak (2003: 407) ere aipatzen du herri hizkerak langile klasekoen artean duen estima. Egile horrek gizon eta emakumeen lanbide eredu berezituetan ikusten du toka gordetzearen eta noka galtzearen arrazoia.

  [97]  Nik esango nuke Legorburuk dioenean (2018a: 104) badirudi hitanoa
—toka— prestigio hizkuntza [hizkera] dela
, egiazki ezkutuko prestigioaz ari dela. Bestalde, egile berak (2018b: 130-133) aipatzen duen hitanoaren paradigma berria eta zehazki jatortasunak zerikusia izan dezake ezkutuko prestigio honekin.

  [98]  Legorburu (2018a: 73-75; 2018b: 117-118).

  [99]  Xabier Azkue (2000: 51-53); Legorburu (2018a: 78-82; 2018b: 121-122); Bereziartua eta Muguruza (2021a: 371); Muguruza, Bereziartua eta Etxeberria (2020: 134-135).

[100]  Muguruza, Bereziartua eta Etxeberriaren (2020) lanari izena eman diona, hain zuzen.

[101]  Bereziartua eta Muguruza (2021a: 370-371); Muguruza, Bereziartua eta Etxeberria (2020: 134).

[102]  Miren Azkarate (1992: 94); Amelia Barquín (2008: 19-20); Xabier Azkue (2000: 28); Bereziartua eta Muguruza (2024: 37-38).

[103]  Begoña Muruaga (1990); Agurtzane Juanena (1991: 98); Miren Azkarate (1992: 94); Ritxi Lizartza (2015a). Kantu sorta bateko hitanorako, ikus Lizartza (2015b).

[104]  Legorburu (2018a: 104-106; 2018b: 134-136). Noka sustatzeko arrazoiak bestelakoak ere izan daitezke. Itxaro Bordak buruz buru adierazi didanez, emakumeen eta bereziki lesbianen artean nokaz baliatzeak esperientzia bera partekatzen dutenen arteko batasun sentsazioa sortzen du, komunitate sentimendu bat alegia.

[105]  Legorburu (2018a: 99-104; 2018b: 131-134).

[106]  Irainekin egin den bezala. Irainen berjabetzea aztertzeko, jo liburu honetako 3.4. atalera.