Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

3.4.
IRAINEN BERJABETZEA

 

 

      Tabu hitzez ari garela, bereziki interesgarria da, alderdi askotatik, irainen berjabetzea[173] deritzana, hau da, irain bat, hala nola, ingelesezko queer “bitxi, arraro” edo bitch “puta” jasotzen duen talde estigmatizatu bateko lagunek irain bera erabiltzea kontrako esanahiarekin eta positiboki. Robin Jeshionek[174] bi mota bereizten ditu gaiari ñabardurak gaineratuz: batetik harrotasunezko berjabetzea eta bestetik irlako berjabetzea, eta honelaxe definitzen ditu bi motak bere lanean. Alde batetik, harrotasunezko berjabetzean, iraina helburu duen taldeko kideek hitz bera erabiltzen dute harrotasuna adierazteko eta taldearen deitura egoki gisa azaltzen dute jendaurrean. Queer hitza da horren adibide. Beste alde batetik, irlako berjabetzean, iraina helburu duen taldeko kideek hitz bera erabiltzen dute elkarren arteko adiskidetasuna adierazteko eta zapalkuntzatik bakartzeko. Alabaina, kanpo taldeko kideek ezin dute hitz hori baliatu helburu-taldekoen deitura egoki gisa. Irlako berjabetzearen adibide bezala nigger/nigga “beltz” aipatzen du egileak.

      Goazen adibideetara gauzak apur bat argitzeko. Queer hitzarekin hasi gaitezen, hots, harrotasunezko berjabetzearen adibidearekin. Jeshionek dioenez, hitz horren berjabetzea aldarrikatu zen lehenengoz Paul Goodmanek 1969an argitaratu zuen Politics of Being Queer “Queer izatearen politika” izeneko saiakeran (Memoirs of an Ancient Activist “Antzinako ekintzaile baten oroitzapenak” izenburua izan zuen lanak bere lehen argitalpenean). Lanaren hasiera-hasieran Goodmanek dio: Funtsean, nire behar homosexualek beltz eginarazi naute[175]. Eta geroxeago: Beltz egiten nauena da ez dela jakintzat ematen nire kanporako bulkada nire eskubidea dela[176]. Nigger hitza da Goodmanek “beltz” adierazteko darabilena, hitz iraingarria inondik ere geroago ikusiko dugunez, baina bere burua belztzat hartuz eta, zehazki, queer belztzat (queer nigger) —nigger beltzekiko (black nigger) konparazioan—, iraingarria den hitzaz (queer) harrotasunez berjabetuz, identitate label berri bat eraikitzen du Goodmanek, Jeshionen hitzetan.

      90eko hamarkadara itxaron behar izan zen queer hitzaren berjabetzea zabaltzeko, New York hiriko kaleetan gay ekintzaileak We’re here. We’re Queer. Get used to it “Hemen gaude. Queerrak gara. Ohitu zaitez horrekin” aldarrikatzen hasi zirenean, euren burua queertzat hartuz.

      Queer hitza ingelesetik mailegatu dugu euskaraz. Amaia Alvarezek bere glosategian[177] dio queer hitzaren jatorrizko esanahia “arraroa d[ela]”, eta ingelesez gay eta lesbianak iraintzeko termino bat ze[la]. Glosategia argitaraturik dagoen liburu berean, kuiar agertzen da queer hitzaren ordez, Ainhoa Güemesen Kuiar? Bai, arraro samarra, bitxia[178] izeneko lanean, eta oin-oharrean, honelakoxe sarrera ematen zaio hitzari: Queer [kwir], anglizismoa; testuinguruan, iz. homosexuala, besteak beste; izond. arraroa, besteak bezalakoa ez dena, ez konbentzionala; susmagarria, errezelo-eragilea. Bestalde, Kuiar Manifestua izenekoa argitaratu zuen Güemesek berak Gernikako Astran 2014an[179]. Are gehiago, kuir bezala emana ere aurkitu dut hitza. Lisipe bilduman ere, kuir hitza hobetsi da, besteak beste, kuir ekintzaileek erabiltzen duten forma horixe bera delako[180]. Beraz, ingelesezko mailegua egokitu gabe (queer) edo egokiturik (kuiar, kuir) jasotzen da euskaraz, nahiz eta guztien artean lehena den (momentuz) orokortu dena eta gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegian nahiz Elhuyar-en adibidez bildu dena, baita Ereduzko Prosa Gaur eta Ereduzko Prosa Dinamikoa corpusetan ere[181]. Bestalde, Alvarezen glosategiko azalpenak geroago irain horren berjabetzeaz dihardu: Hala ere, 1990eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan sexualki normatiboa ez den guztia izendatzeko hartu zuten termino hori eta esanahi berriz hornitu, modu horretan, lehendik zuen konnotazio negatiboa positibo bihurtuz eta hitz horretaz berjabetuz. Ikusi behar hitzak aurrerantzean zein ibilbide egiten duen euskaraz, baina argi dago ingelesdunak hitzaz (harrotasunez) berjabetu ondoren jaso dugula euskaldunok eta nekez sentitzen dugula ingelesez zuen jatorrizko irainaren inpaktua ezta geroko bilakaeraren oihartzuna ere.

      Beste alde batetik, nigger/nigga “beltz” hitza ematen du Jeshionek irlako berjabetzearen adibide gisa. Hitz honen bilakaera azaltzeko Martin Luther Kingen 1963ko Letter from Birmingham Jail, Birminghameko kartzelatik idatzi zuen gutunaren paragrafo bat dakar Jeshionek: Egunez egun umiliatzen zaituztenean “zuri” eta “koloreko” dioten kartel etengabeekin; zure lehen izena “beltza” [nigger] denean, zure bigarren izena “mutil” (zure adina edozein dela) eta zure abizena “John”... orduan ulertuko duzu zergatik den guretzat horren zaila itxarotea[182]. Izena osten zieten, beraz, eta bere ordez, gainera, bokatibo gisa (hots, mintzakideari zuzentzeko) nigger bezalako irain anker batez baliatzen ziren, izana bera, gizatasuna ere erraietatik erauzteko. Basakeria hura hitzez nekez azal daitekeen arren, isiltasun etsia hausten du Billie Holidayk Strange Fruit “Fruitu arraroa” izeneko kantu baino gehiago lantu hura kantatzen duenean: Hegoaldeko zuhaitzek fruitu arraroa ematen dute / odola hostoetan eta odola sustraietan. / Gorpu beltzak kulunka hegoaldeko haize leunean / fruitu arraroa makaletatik zintzilik[183].

      Eta harrigarria bada ere, nigger bezalako irain izugarri bat helburu-taldeko kideen arteko adiskidetasun keinu boteretsua bihur daiteke, zapalduek elkarri laguntasuna adierazteaz gain, zapaltzailearen gorroto eta basakeriatik bakartzen eta, hortaz, babesten dituena —gogoratu irlako berjabetzeaz ari garela—.

      Jakina, irlako berjabetzeaz ari garenez, beltzek hitza erabil dezaketen eta erabiltzen duten arren, horrek ez du esan nahi irainaren helburu-taldetik aparteko kideek, kasu honetan beltzak ez direnek (zuriek, besteak beste) erabil dezaketenik. Esate baterako, joan den mendeko 90eko hamarkadan eztabaida ia historikoari hasiera eman zitzaion Spike Lee eta Quentin Tarantino amerikar zinema zuzendarien artean, lehenak (beltzak) salatu zuenean nigger/nigga hitzaren gehiegizko erabilera bigarrenaren (zuriaren) Jackie Brown filmean: orotara, 38 aldiz. Garai hartako elkarrizketa batean Leek zioen: Ni ez nago hitzaren kontra (kontra nagoen arren) eta erabiltzen dut, baina ez gehiegi. Eta bada horrela hitz egiten duen jendea. Baina Quentin maiteminduta dago hitz horrekin. Zer bihurtu nahi du: ohorezko gizon beltza?[184]. Eta beste elkarrizketa batean dio: Eta nik uste dut afrikar amerikar gisa eskubide handiagoa dudala hitz hori erabiltzeko[185]. Horrek, jakina, zerikusia du hitzaren berjabetzea irlakoa izatearekin eta ez harrotasunezkoa: beltzek erabil dezakete beltzak ez direnek erabili ezin dutena.

      Beraz, harrotasunezko berjabetzea eta irlako berjabetzea bereiziz, ñabardura garrantzitsu batez bereiz daitezke queer eta nigger/nigga bezalako hitzak, oso kontuan hartzekoa irainaren helburu-taldeko kideen duintzea eta onarpena nahi bada eta ez estigma betikotzea.

      Euskarari dagokionez, nahiz eta neurri txikiagoan, antzeko ibilbidea erakutsi dute hitzetako batzuek. Queer (kuiar/kuir) hitza bera mailegatua den arren, harrotasunez aldarrikatzen da gaur egun, oro har, konnotazio negatiborik gabe eta helburu-taldeko kideen deitura gisa. Beste hitz batzuek izan duten bilakaeraz ohartzeko, lehenik eta behin jakin behar da hitzak helburu-taldeko kideen artean eta eurengandik aparte nola erabiltzen diren. Jo dezagun bollera hitzera adibidez. Itxaro Bordak[186] ipuin oso polit bat du Etimologia ariketa mihise artean izenekoa, zeinetan bi emakume maitalek bollera hitzaz diharduten.

 

      Bollera aditzen duzun bakoitzean bisigu begiak zabaltzen dizkidazu: ez nauzu ulertzen ala?

      Konprenitzen, konprenitzen zaitut, bistan dena, baina badira maite ditudan hitzak, eta maite ez ditudanak. Zuk nire frantseskeriak gaitzesten dituzu, baina zu prest zintekea bollera-ren antzeko gaztelerako barbarismoa ez zaidala gustatzen onartzeko?

      —Bollera hiztegietan dago, badakizu? Denek erabiltzen dute, idazleek, bertsolariek... laidoa zena gaur harrotasun marka da, ahalkearen holtzen harainditik.

 

      Elkarrizketako emakumeetako bat Iparraldekoa da, bollera hitza gustatzen ez zaiona, eta Hegoaldekoa bestea, Majo, frantseskeriak gaitzetsi arren, hitz bera darabilena. Iparraldeko maitaleari hitza ez gustatzearen arrazoiak ez du kasu honetan zerikusirik homofobiarekin, gaztelaniatik bete-betean mailegatutako hitz bat jasan beharrarekin baino (barbarismoa deritza hitzari, gure artean erdarakada deitu izan zaiona alegia). Majok, orduan, argitzen dio hemen mintzagai duguna, hots, laidoa, iraina harrotasunez aldarrikatzen dela gaur egun lotsa bera gaindituz[187]. Bestalde, hitzaren erabilera ez da mugatzen iraina pairatu izan duten helburu-taldeko kideetara, horretatik kanpo ere erabiltzen baita. Beraz, harrotasunezko berjabetzea da bollera hitzarena barbarismoak gorabehera —bide batez, gouine hitza ere erabiltzen du Bordak ipuinean, frantseseko hitz beretik datorrena, bollera hitzaren esanahi berarekin, eta Iparraldeko (euskal) hizkeretan erabiltzen omen dena lagunartean—[188].

      Zailagoa gertatzen da irlako berjabetzea jaso duen irainik aurkitzea euskal hitzen artean. Adibidez, mari-mutil hitza ez dakit harrotasunezko berjabetzea edo irlako berjabetzea jaso duen hitza den. Oso samurra da, adibidez, Ana Jakak hitz horretaz egiten duen hausnarketa, mari-mutila sentitzen ote den galdetzen dion kazetariari erantzunez: Bai, eta sentitzen naiz. Txikitan hala deitzen zidaten irain moduan, baina denborarekin ahalduntzen zara eta hitz horiek zeure egiten dituzu. Orain zerbait polita bezala, bandera bezala eramaten ditut hitz hauek[189]. Beharbada kazetariak galdera egiterakoan hitza bera erabiltzea izan daiteke harrotasunezko berjabetzearen seinale.

      Beste alde batetik, gaztelaniaz irlako berjabetzea duten hitzak aurkitzea ez da euskaraz beste kostatzen. Adibidez, Devenir perra “Urdanga bilakatzea”[190] izeneko liburuan, Itziar Zigak behin eta berriro aldarrikatzen du puta hitza: Beti gustatu izan zait zein soinu duen puta hitzak. [...] Irainaren berjabetze boteretsutik[191]. Eta geroxeago: Interesatzen zait jakitea nondik eta zertarako janzten dugun puta mozorroa emakume feminista askok (lan sexuala diruz ordainduta zein musu-truk egin)[192]. Lan horretan, hitza bera aldarrikatzeaz gain, laidoaren berjabetzearen aipamena ere egiten du idazleak. Bere burua puta eta feministatzat hartzeraino darabil hitza lan horretan, Puta (eta) feminista deritzan atalean: [...] beti definituko dut nire burua feminista gisa. Morbo handia ematen dit zeren nork bere buruari puta deitzeak beste fama txar du horrek. Ez da puta hitza bakarrik, izenburutik bertatik ageri den perra (lit. txakur eme; urdanga) hitza ere jasotzen da testuan zehar adiera berarekin. Alabaina, esango nuke puta hitzaren berjabetzea, oro har, ez dela harrotasunezkoa gaztelaniaz, irlakoa baino, hots, irainaren helburu-taldekoen arteko adiskidetasunezko harremanak eraikitzeko eta zapalkuntzatik bakartu eta babesteko balia badaiteke ere, ez da espero kanpo taldekoek erabiltzea iraina jaso dutenei zuzentzeko: horien ezpainetan hitza laidoa da oraindik. Alde horretatik, gaztelaniazko puta hitzaren berjabetzea ingelesezko nigger/nigga hitzarena bezalakoxea delakoan nago. Euskaraz, beste alde batetik, ez dut uste puta hitzaz ezta berjabetu garenik ere —urdanga hitzaz ere ez—, Bernardo Atxagaren Eguneroko bizitzako idazkari lotsati hark aspaldi aldarrikatu zuen arren (Eta aste berean Ni puta bat naiz oihuztatu zuen ezkontza despedidan Champagne / Olivetti batean bere lehen gutun erromantikoa osatu zuen sekretaria lotsati hark)[193]. Hitzak ez dio irain izateari utzi Egungo Euskararen Hiztegiari begiratuz gero, adibidez, eta sareko bilaketetan ere ez dut aurkitu hitzaren berjabetzea adierazten duen aipamenik. Azkenik, hitz laidogarriarekin batera etortzen dira batzuetan gertakari latzak, hala nola, Baionako liburu-denda batean Puta zikinak liburu argitaratu berriaren aleei[194] eraso egin zietenean[195]. Dudarik gabe, hitzak laidoa izaten jarraitzen du euskaraz.

 

 

 

[173]  Ingelesez (slur) reappropiation edo reclamation deitu izan zaio. Berjabetze eta berjabetu hitzak baliatuko ditut hemen, Amaia Alvarezi (2013) jarraituz.

[174]  Robin Jeshion (2020).

[175]  In essential ways, my homosexual needs have made me a nigger (Goodman 1977 [1969]).

[176]  What makes me a nigger is that it is not taken for granted that my out-going impulse is my right (Ibid.).

[177]  Amaia Alvarez (2013).

[178]  Laburdurak: iz. = izena; izond. = izenondo (adjektibo). Ainhoa Güemes (2013), Josebe Alkortak euskarara itzulia.

[179]  Ainhoa Güemes (2014). Kuiar aldaeraren oso agerraldi bakanak daude.

[180]  Ikus, adibidez, June Fernández (2021) edo Amaia Alvarez eta June Fernández (2021-2022, 2023). Queer/kuir hitzaren inguruan, ikus Alvarez eta Fernández (2023: 65-67) ere bai. Kuir aldaera badoa astiro-astiro zabaltzen, adibidez: Kuir Eztanda, Durangoko lgtbiq+ komunitateak “arau zisheterosexuala arrakalatzeko” sortu duen taldearen deitura da (Ekaitz Herrera 2022); kuir ahalduntze mugimenduaren berri jasotzen da prentsan (Reyes Ilintxeta 2023b); edo Kuir ikuspegia euskal eszena garaikidean izeneko mahai-ingurua egin zen Ehgam Nafarroa elkarteak antolatutako Xoka. Jite disidenteak izeneko jardunaldien barruan (2023ko azaroaren 16an).

[181]  Sarasola, Ibon, Pello Salaburu eta Josu Landa (2001-2007); Sarasola, Ibon, Pello Salaburu eta Josu Landa. (2009-2023). Queer/kuiar/kuir hitzaren ordain gisa proposatu du marioker hitza Amaia Alvarezek (Alvarez eta Fernández 2021-2022). Euskal irainetako mari eta heterozuzen kontzeptuaren alternatiba izan daitekeen oker elkartuta sortu dena (Alvarez eta Fernández 2023: 23). Marioker hitza zabalduko balitz ere, kuir teoria, kuir mugimendua eta abar esaten segituko genukeelakoan nago, ez marioker teoria edo marioker mugimendua —esan gabe doa—.

[182]  When you are humiliated day in and day out by nagging signs reading “white” and “colored”; when your first name becomes “nigger” and your middle name becomes “boy” (however old you are) and your last name becomes John... then you will understand why we find it difficult to wait. (Martin Luther King 1963).

[183]  ... Southern trees bear strange fruit / Blood on the leaves and blood at the root / Black bodies swinging in the Southern breeze / strange fruit hanging from the poplar trees (Billie Holiday 1939 Strange Fruit). Ikus Angela Davis (1999).

[184]  I’m not against the word (though I am) and I use it, but not excessively. And some people speak that way. But Quentin is infatuated with that word. What does he want to be made —an honorary black man? (Army Archerd 1997).

[185]  Also, I think as an African American I have more of a right to use that word. (Kevin Merida 1998).

[186]  Itxaro Borda (2022, 2023: 125-134).

[187]  Norbere identitatearen eta bollera edo zehazki, bollera ez-bitar (euskalduna) izatearen inguruko hausnarketa interesgarria egiten du, adibidez, Garazi/Gatx Eizagirrek (d.g.; Alvarez eta Fernández 2023: 64).

[188]  Bollera hitzerako, ikus Alvarez eta Fernández (2023: 64-65). [Gouin] Normandiar jatorriko hitza da, xvii. mendekoa, ustel erran nahi du, zikin, likits, lizun, 1867az geroztik emazte homosexuala izendatzeko idazten zela segurtatzen dute testu zaharrek... gaskoitik mailegatu goya, gotya luke iturburu, sehi, neskame, neskazahar... den-denak ongi ikusiak ez ziren emakume ezberdinak kualifikatzeko. (Borda, in Alvarez eta Fernández 2023: 133).

[189]  Reyes Ilintxeta (2023a).

[190]  Liburua euskarara itzulita ez dagoen arren, halaxe egiten zaio aipamena Miren Agur Meabek euskaratutako egile beraren Norberaren zuloa izeneko testu laburrean.

[191]  Siempre me ha gustado cómo suena la palabra puta. [...] Desde la poderosa reapropiación del insulto (Itziar Ziga 2009: 15-16).

[192]  [...] siempre me definiré como feminista. Me da mucho morbo porque tiene tan mala fama como llamarse a una misma puta. (Ibid., 30).

[193]  Bernardo Atxaga (1978).

[194]  Juno Mac eta Molly Smith (2022).

[195]  Ikus, adibidez, Katakrak (2023) argitaletxearen salaketa.