Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

1.5.
XOKA MARISOLASTEN

 

 

      Orain arte nokaz eta tokaz hitz egin dut emakumeek eta gizonek erabiltzen dituzten eta ez dituzten tratamenduei buruzko gogoeta eginez. Nokaren gainbehera alde batera, begi-bistakoa da tratamenduen erabileraren joko arauak aldatzen ari direla euskaraz, eremuko adituek azpimarratu duten bezala. Ez da harritzekoa. Harritzekoa litzatekeena da xvi. mendeko Utergatik hona erabilera aldatu ez balitz, eta denbora gero eta abiada biziagoa hartzen ari den honetan, xxi. mendea izan daiteke tratamenduen iraultzarako abagunea. Eta iraultza diot bitartasunaren auzia argitu behar delako. Bitarra da hika, bi generoduna, emakume eta gizonei egozten zaien genero marka banarekin: femeninoa eta maskulinoa. Bitarra ez den pertsona, edo hobeto esanda, ez-bitarra dena, beraz, ataka estu horretatik irtengo bada, bien artean zer hautatu erabaki behar du, ezer hautatu nahi izanez gero bederen. Gatx/Garazi Eizagirre, gogoetalari ez-bitar horietako bat da eta bere esperientziaren gaineko hausnarketa bereziki argigarria gertatu zait hikaren bitartasunaren aurrean pertsona ez-bitarrek nola jokatzen duten eta jokatu nahi duten ulertzeko[107]. Hori argitzeko labirintoko bide berriak urratzea dagokigu orain bazterreko gogoetalarien eskutik.

      Eizagirrek bollera ez-bitar euskalduntzat jotzen du bere burua[108]. Noka hiztuntzat ere bai. Dioenez, inguruan baditu, berak bezala, noka hitz egiten duten bollerak, ez-bitarrak, marikak, edota, oro har, generoaren bitartasuna zalantzan jartzen duten feministak[109]. Hortaz, irudi lezakeenaren kontra, noka hitz egiteak ez du halabeharrez esan nahi bitartasuna sustatzen denik, bestela nekez uler bailiteke, Eizagirreren antzera, militantzia transfeministan engaiamendua duen pertsona batek tratamendu hori baliatzea. Izatez, nokarako mudantza hamasei edo hamazazpi urterekin egin zuen Eizagirrek, aktibismoari lotuz bereziki. Beste alde batetik, gazte horren ustez, zuka ari garenean ere bitartasuna hor dago, ez, jakina, solaskidearen genero marka bitarrik, ez bada hizkuntzaz haragoko genero bitartasuna, saihetsezina dirudiena, edo hizkuntzaren beste alderdi batzuetan adierazten dena, hurrengo kapituluetan ikusiko dugunez. Horregatik, ez du uste bitartasunaren auzia zuka hitz egiteak garbituko lukeenik. Jakina, Eizagirrek berak ere aitortzen du ba[z]ituela lagunak bitartasuna dela eta hika interesatzen ez zitzaiena, eta ondorioz, zuka zihardutenak[110]. Hortaz, pertsona ez-bitarrentzat ere irtenbide bakar bat dagoenik ere ezin esan. Areago, Eizagirrek dio tipa gazte batzuek —adi genero femeninoko marka daraman izen mailegatuari— euren artean hitz egiteko tokara jotzen dutela, besteak beste, noka jaso ez dutelako. Transmisioaren etenaz hitz egin dut lehenago, baina Eizagirrek ñabardura berri bat gaineratzen dio gogoetari dioenean neska gazteek hori egitea tokarekin lotutako maskulinitatea performatzea ere badela eta hori izatez ez d[ela] inondik inora zerbait txarra. Nondik begiratzen zaion: beharbada norberaren adierazpenerako egokia dena berri txarra izan daiteke nokaren berreskurapenean.

      Dena dela, nokaz eta tokaz haragoko bide berriak urra daitezke, Ehgam Nafarroako ekintzaile batzuek, tartean Kepa Yecorak, egin duten bezala, tradiziozko tratamenduok albo batera utzi eta xoka marisolastea erabakiz. Xoka[111], ez toka ez noka ez den hitano ez-bitarra da. Tratamendu sortu berri horretan, nokako -n femeninoaren eta tokako -k maskulinoaren ordez, -x genero ez-bitarreko markaz baliatzen dira (mari)solaskidearekin hika hitz egiteko. Beherago ikus daitezke euskaldunok —generoa edozein dela— horren gogoko ditugun aditz taula horietako bi. Zukako naiz formari dagokio xokako naux, eta abar, 1. taulan ikus daitekeen bezala, eta zukako dut / ditut formei dagozkie dixat eta ditixat, hurrenez hurren —2. Taula—[112].

 

nor

Xoka

ni

naux

hi

haiz

hura

dux

gu

gaitux

haiek

ditux

1. taula. Xoka nor

 

 

Xoka

Nork/Nor

Hura

Haiek

Nik

dixat

ditixat

Hik

dux

ditux

Hark

dix

ditix

Guk

dixagu

ditixagu

Haiek

ditex

ditiztex

2. taula. Xoka nor-nork

 

      Ez dakit hau ote den Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek[113] gogoan zerabilten hitano berri[a], inklusiboagoa eta berdinzaleagoa. Beharbada. Gainerakoan, xoka alde batera, beste zalantza handi bat daukat: ea Katalina Erausok berari zuzentzeko zein tratamendu nahiago ote lukeen. Eta susmoa dut, susmoa baino ez, Erausok orain arte aipatu ez dugun bidetik joko lukeela, hots, ez lukeela ez noka ez toka aukeratuko, ez bada biak.

 

 

 

[107]  Gatx/Garazi Eizagirre (2024). Eskuizkribuak deiturapean jasoko ditut Eizagirrek horren zintzoki eskura eman dizkidan hiru eskuizkribu: lehena, autoetnografia ariketa bat; bigarrena, Argia aldizkariko erreportaje baterako oharrak, eta, hirugarren eta azkena, Zarautzen emandako hitzaldi bateko idatzia.

[108]  Eizagirre (d.g., 2024); Alvarez eta Fernández (2023: 64); Peñagarikano (2024). Bollera hitzerako, ikus liburu honetako 3.4. atala eta 182 oin-oharra.

[109]  Peñagarikano (2024).

[110]  Eizagirre (2024).

[111]  Ehgam Nafarroa elkarteak antolatutako Xoka. Jite disidenteak izeneko jardunaldien barruan aurkeztu zen lehenengoz xoka 2023ko azaroaren 16an. Hitano ez-bitar horri dagokionez, ikus Ilintxeta (2023c: 6-7); Garaialde (2024). Xoka horrek ez du zerikusirik Jose Ignazio Ansorenak (2024) xokazaleei dei eginez aipatzen duen Mirrik baxenabartar batzuekin batera asmatu eta patentatu zuen azpieuskalkiarekin. Xehetasunetan sartu gabe, Mirriren xokaren ezaugarri nagusia ahoskatzeko modu berezia da, z-ren ordez x ahoskatzen baitu. Mirri alproja eta lotsagabearentzat adierazkortasun barregarri samarra bilatzen zutela dio Ansorenak emezu bitartez eman dizkidan argibideetan agertzen duenez.

[112]  Iturria: Ehgam Nafarroa (2023); Garaialde (2024).

[113]  Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel (2019: 52).