Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

3.5.
FRANTZIAKO ANDEREA
ETA AMAGINARREBAREN
HIZKUNTZAK

 

 

      Hizkuntzari esker gozatu beste sufritzen dugun ni bezalako euskaldunoi ilea laztu egiten zaigu euskal balada ahaztezinetako batzuk aditzen ditugunean. Ni neu Frantziako anderea izenekoak —Frantzia kortekoa ere deituak— hunkitzen (eta liluratzen) nau bereziki, Ruper Ordorikaren ahotsean entzuten dudanean mendebaldeko aldaeretako batean[196], edo inoren ahotsik ezean, balada biltzaile eta aztertzaileek han eta hemen jaso dituzten aldaerak irakurtzen ditudanean. Balada horrek amaginarreba gaiztoaren gaia jorratzen du[197]. Honelaxe hasten da[198]:

 

Etorri nintzanean

Prantzie-kortetik,

ama bilatu neban

suitian tristerik

                           (Undurraga, Zeanuri)

 

      Eta ama zer dela-eta triste? Bada, nobedade barriak entzun omen ditu: semeak Frantzia Korteko emaztegaiarekin ezkondu asmo du. Amak halakorik nahi ez (es dot gura prantsesik / ain gutxi errenik [errainik]) eta hara non hiltzeko agindua emango dion semeari. Alferrik esango dio ezetz hasieran, Juanita hilko du-eta gero. Hona bihotzondokoa eragiten diguten biktimaren hitzak heriotzaren atarian:

 

Oi, horren puñalaren

puntien zorrotza!

Ikusiz beste barik

Ilten deust biotza!

                           (Undurraga, Zeanuri)

 

      Hala ere, Juanitak ez du etsiko: bere bizia salbatu nahian, mutilari eskainiko dizkio izaraz jantzitako zazpi zaldiak, perlaz estalitako zortzigarrena, urre kaliza eta abarrak. Alferrik, hiltzailea ez da-eta errukituko[199]. Hil hurren, emaztegai gazteak amaginarreba madarikatuko du[200].

 

Ai, neure amaginarreba,

muskerrez betia,

Sugeak egingo al dautzu

arratserako ohia!

                           (Dima, Bargundia)

 

      Katartikoa da madarikazio hori, Juanitaren askabide oldarkorra amaginarrebaren kondenarekin batera. Goren gradura heltzen da balada, Juanitak, poesia darien hitz etsituen ondotik (ilten deust biotza), madarikazioa ahoskatzen duenean. Ustekabeko indar apurtzailea dute tabu hitzok. Beste alde batetik, beharbada ez gaitu ezustean harrapatzen, bai jakina asaldatzen, baladaren gai nagusiak, alegia, gizonak emaztegaiari edo emazteari heriotza arteko bortizkeria jasanaraztea. Jon Juaristik[201] dio euskal baladetan obsesiboki errepikatzen diren gai bietako bat dela zaldun despotikoek beren emazteei ematen dizkieten tratu txarrak (batzuetan uxorizidioraino —senarrak emaztea hiltzeraino— heltzen direnak). Horrezaz gain, esan beharra dago balada horren aldaeretako batzuetan, emaztea haurdun dagoela. Hortaz, Juanitarekin batera, sabelean daraman haurra ere hiltzen du gizonak[202]. Beste alde batetik, emaztegaia kanpotarra, frantsesa, izatea eta kanpoko ezkontide horren kontrako bortizkeria bera ere hunkigarria da, baina ez ezezaguna guretzat. Jesús Antonio Cidek uste du[203] balada horretan zein antzeko beste batzuetan exogamiaren aukeraz eta aukerarik ezaz hausnartzen dela eta [ni bezalako] entzuleok [...] katartikoki identifikatzen [gar]ela —katarsia berriro— heriotza edo muturreko bortizkeria bidegabea jasaten duen parte ahulenarekin, exogamoarekin, errukiaren bitartez. Oso bestela, ezustekoa da Juanitak, ataka zailean dagoela, bere bizia salbatzeko egiten duen ahalegina mutilari ondasunak —ezkonsaria, itxuraz—[204] eskaintzen dizkionean. Ez, Juanitak ez du amore ematen, ahal duen bitartean behintzat[205], eta madarikazioak berak ere (Ai, neure amaginarreba / muskerrez betia) erakusten du azkenera arte eusten diola.

      Aldeak alde, Frantziako anderea balada eder bezain lazgarriaz gain, amaginarrebarekin eta, oro har, zehar-ahaideekin edo ezkontza-ahaideekin oso kontuz ibili beharra dagoela erakusten digute amaginarrebaren hizkuntzek (mother-in-law languages ingelesez). Hala deritzatenek, pentsa litekeenaren kontra, ez dira berez ez amaginarrebarenak ezta hizkuntzak ere, zehar-ahaideekin zerikusia duten hizkera bereziak baino. Tabu hitzak saihesteko hizketatzat ere har litezke eta horretatik datorkie saiheste hizketa (avoidance speech ingelesez) deitura bera ere.

      Amaginarrebaren hizkuntzak Australian aurki daitezke, esate baterako, pama-nyungatar hizkuntzetatik zenbaitetan, hala nola, irakurleari dagoeneko ezaguna zaion dyirbalez edo warlpirieraz. Australia alde batera, Afrikan topatzen ditugu nagusiki, zehazki Hegoafrikan, zuluera edo xhosera bezalako hizkuntza bantuetan, adibidez, eta Afrikako Adarrean ere bai, Lur Garaietako ekialdeko hizkuntza kushitikoetan hain zuzen, hala nola, Etiopiako kanbaateraz.

      Amaginarrebaren hizkuntza ia guztiek deitura berezi bat jasotzen dute zehar-ahaideekin edo errespetuarekin zerikusia duena. Kanbaateraz, esate baterako, ballishsha hitzaren bitartez adierazten dira emakume ezkonduek zehar-ahaideei erakusten dieten errespetuzko jokabidearen askotariko alderdiak[206]. Alderdi horietako batzuk hizketarekin lotuak daude eta batez ere zehar-ahaide horien izenak eta izenon hasierako lehen silaba duten bestelako hitzak ezin esatearekin; ballishsharen beste alderdi batzuk, berriz, saiheste fisikoari dagozkio, hala nola, emazteek zehar-ahaideei eta batez ere aitaginarrebari begietara ez(in) begiratzearekin bizitza osoan zehar[207]. Alderdi linguistikoei dagokienez, kanbaateraz, emakumeen hizkeraren berezitasunak lexikoak baino ez dira, alegia, eta ez diote eragiten ez gramatikari ezta oro har fonologiari ere, eta horrelaxe izaten da orokorrean amaginarrebaren hizkuntzetan, ñabardurak ñabardura.

      Askotarikoak dira zehar-ahaideen izenaren lehen silaba duten hitzak saihesteko estrategiak kanbaateraz —oso laburbildurik emango ditudanak jarraian—[208]. Saiheste estrategia nagusietako bat da ballishsha hiztegiaz baliatzea, hau da, hizkuntzan erabiltzen diren hitz arrunten ordezko kopia semantikoak edo hitz bikiak erabiltzea. Hiztegi hori txiki samarra da Yvonne Treisek dioenez —kanbaateraz orotara halako berrogeita zortzi hitz aurkitu ditu— eta emakume ezkonduek baino ez dute erabiltzen. Hiztegi berezia baliatzeaz gain, estrategia orokorretako bat perifrasia deritzana da, hau da, hitz bakarrean esan daitekeena itzulinguruka adieraztea. Adibidez, jo dezagun “aitaren arreba” adierazi nahi dela, orduan hitz egiten duena esaten da edo “ama” adierazi nahi bada, erditzen dena esaten da. Eta badago azken baliabide gisa erabil daitekeen estrategia bitxi bat, hots, tabu hitza soomm- ‘esanezin, ahoskaezin’ adierazten duen hitzaz ordezkatzea. Adibidez, Gammeebo bada saihestu beharreko zehar-ahaidearen izena, orduan antzekoa den tabu hitza hautatzen dute gammá ‘adats’ eta soomm gaineratuz, soommá esaten dute.

      Bestalde, kanbaateraz halakorik ez dagoen arren, beste hizkuntza batzuetan, esaterako, sidaameraz, Etiopiako hizkuntza hau ere, silaba edo fonema ordezkapena ere egiten da. Zehazki, emakume batek bere aitaginarrebaren izenaren lehen silaba bera duen hitz bat ahoskatu behar badu, orduan, hasierako fonema ordezkatzen du s batez. Esate baterako, dikko “merkatu” esan behar badu, sikko esaten du[209].

      Ikusten denez, abilezia linguistiko berezia behar da tabu hitzak amaginarrebaren hizkuntzaren estrategiez saihesteko. Eta honaino helduta, baten batek pentsatuko du ea zer gertatzen ote den emakume batek tabu hitzak esaten baditu, ballishsha erabili beharrean. Yvonne Treisek dio kanbaateraz mintzo diren hiztunen sinesmenaren arabera, ballishsha erabiltzen ez duten emakumeen seme-alabek lurra jaten dutela euren txizarekin nahasita, euren kakarekin jolasten dutela edo ez direla behar bezala hazten ezta garatzen ere —hamaika ikusteko jaioak gara—. Zigor zehatz eta mundutarragoei dagokienez, bestalde, ez dirudi datu-emaileen artean adostasunik dagoenik. Batzuek diote etxe batzuetan behintzat zigorra ezartzen zaiola emazteari eta berarekin batera baita senarrari ere. Zigor horietako bat da zezen bat hiltzea eta zehar-ahaideei ematea, nahiz eta horrek ez duen esan nahi zezen bat izan behar denik halabeharrez, ahari bat ere izan daiteke, eztia edo edari alkoholdunak. Beste batzuek, berriz, diote ez dagoela berez zigorrik, arauak ez betetzeak emaztearen zehar-ahaideen haserrea eta ahaideen lotsa eragiten duen arren.

      Harrigarria gerta daiteke beharbada Mendebaldeko kulturan hazia eta hezia dagoenarentzat halako hizkerak izan badirela jakitea tabu hitzak ezin ahoskatzeagatik, eta hizkera horiek ez erabiltzeak nolabaiteko zigorra ekar dezakeela. Alabaina, badira oraindik ere, hizkuntzak, kulturak eta identitateak bat egiten duten herriak, eta kultura transmisioa hizkuntzarik gabe —amaginarrebaren hizkuntzarik gabe besteak beste— ulertzen ez dutenak, edo hizkuntza (eta kultura) galduz gero, identitatea bera ere galduko luketela sentitzen dutenak. Nolanahi ere den, ikertzaile batzuek ohartarazi digutenez, amaginarrebaren hizkuntzari eta oro har tradizio linguistikoari atxikitzeak zigor lazgarriagoa ekar diezaioke emakume bati zezen bat hil eta zehar-ahaideei oparitu behar izatea baino, ondoren ikusiko dugun bezala, izuaren gordelekuetan barrena[210] goazela.

      Lehenago ere aipatu dut amaginarrebaren hizkuntzek askotariko deiturak jasotzen dituztela. Sesothoeraz[211] eta beste hizkuntza bantu batzuetan hlonipha deritzate, zulueraz “errespetatu” adierazten duen hitzaz baliatuz[212]. Puleng Thethelak[213] hlonipha eta, oro har, sexu diskurtsoak aztertu ditu sesothoeraren hizkeretako batean, zehazki, hego sothoeraz. Ohartarazi beharra dago, baina, ikertzaile horrek hlonipha hitza erabiltzen duenean, ez dela ari zehatz-mehatz orain arte amaginarrebaren hizkuntza deitu izan dudanaz, ezpada emakumeek orokorrean erabiltzen dituzten diskurtso aukerez (adibidez, hitzez eta baliabide erretorikoez). Thethelak bortxaketa edo sexu erasoak jasan dituzten emakumeen polizia galdeketak aztertu ditu eta, erakutsi duenez, lege eremu horretan, generoa eta genero identitatea azaltzen dira diskurtso linguistikoan, eta harreman patriarkal hegemoniko nagusiak mantendu egiten dira hlonipharen bitartez.

      Egileak aztergai dituen galdeketetako bat 18 urteko neskato bati egiten dio (gizonezko) polizia batek, neskatoaren esanetan, haren lagunik onenaren nebak bortxatu egin duelako. Galdeketaren bitartez argitu behar da ea bortxaketarik egon ote den edo onetsitako sexu harremanak baino ez. Ondoren irakur daitezke poliziak neska gazteari egindako galdeketaren pasarteetako batzuk.

 

      Polizia: Esadazu zer gertatu zen atea itxi zuenean. Neskatoa: Ohera bultzatu ninduen eta gero izarak emateko esan zidan; gero esan zidan nire malkoek ez ziotela batere inporta eta bakarrik nahi zuela, um, um (entzunezina), esan zidan ez ukatzeko pastela; aizto batez sastakatuko ninduela mehatxatu zuen. Polizia: Esaten ari zara gizonak hitz horiek erabili zituela? Zugandik zer nahi zuela esan zuen zehazki? Izarak! Ez dut uste horiek izango zirenik bere hitz zehatzak. [...] Bat etorriko litzateke halako hitzak esan zituela entzungo balu? Neskatoa: Ez, jauna, berak ukatuko luke halakorik esan zuela. Egiazki, ez zuen hori esan... izatez, berak hitz egin zuen modua... nola eman nitzake bere hitz zehatzak? Bera... Polizia (neskatoaren hitza etenaz): [...] esadazu zer esan zuen bere hitz zehatzak emanez. Neskatoa: Berak esan zuen... (isilune luzea), ez, zaila da niretzat berak esandako hitzak esatea oso baldarrak direlako eta errepikatzeaz lotsatzen naizelako. Orri bat ematen badidazu, idatziko ditut. Edo bestela, nire amak azal al lezake gertatutakoa? Berari dena azaltzen diot-eta. Polizia: Begira, neskatxa, zu zara auzi-jartzailea eta ez zure ama, edo bera bertan zegoen zuok biok sexu harremanak izaten ari zineten bitartean? Bortxaketa salaketa oso gauza serioa da eta ez txantxa bat. Esan itzazu gizonak esan zituen hitz zehatzak[214].

 

      Thethelak dioenez, poliziak eta neskatoak oso diferente jokatzen dute linguistikoki bortxaketaren aurrean. Neskatoak hlonipha erabiltzen du poliziarekin eta “izarak eman” edo “pastela” bezalako eufemismoak baliatzen ditu sexuaz hitz egiteko. Poliziak bere aldetik ez du eragozpenik hizkera gordinaz hitz egiteko eta kota tabu hitza ere erabiltzen du sexuaren aipamena egiteko. Are gehiago, -na atzizkia gaineratzen dio tabu hitzari (kota-na) sexu harremanak batak besteari egindakoak zirela adieraziz —mutilak neskari eta alderantziz— eta, hortaz, neskak onetsiak halabeharrez (ha lona le ntse le kotana “zuok biok sexu harremanak izaten ari zineten bitartean”). Gazteak saihestu egiten du sexuaren inguruko hitzez hitzezkoa eta hori da, hain zuzen, gizonezko poliziak eskatzen diona. Poliziak, gainera, jakinik ere neskatoak hlonipha erabiltzen duela eta horrek zer esan nahi duen harentzat linguistikoki zein kulturalki (neskatoak izarez hitz egiten duenean, poliziak badaki sexuaz ari dela), esan ezin duena esatera behartzen du eta ez dio hori saihesteko bestelako biderik eskaintzen, tabu hitzak idatziz adibidez, neskak erregutzen dion bezala.

      Ezin ukatuzko gatazka bat sortzen da hemen: lege sistemak neskatoari eskatzen dion hizkuntza zehaztasunak haren genero identitate kulturala, tartean hlonipha, suntsitzen du, eta horrekin batera haren izatea bera. Gainera, eta hori are arriskutsuagoa da neskarentzat, hloniphan jasotzen diren hitzek zerikusia dute ohiko sexu harremanekin (onetsitako sexuarekin esan nahi da), eta ondorioz, hizkera horretan hitz egiteak ahuldu egiten du bortxaketaren izaera kriminala[215]. Ustezko bortxaketa batez hitz egiten ari gara hemen: neskatoak erakusten ez badu sexua bere gogoz kontrakoa eta, hortaz, onetsi gabea zela, kale egingo du salaketak eta zigorrik gabe alde egingo du bortxatzaileak.

      Thethelak bere azterketatik ondorioztatzen duenez, basotho emakumeek bortxaketa kasuak ez irabazteko eragozpenik handienetako batek hizkuntzarekin du zerikusia. Hlonipharen hitzak baliatuz ezin dute behar bezalako argitasun eta zehaztasunez adierazi sexua ez dela onetsitakoa izan eta bortxaketa gertatu dela. Ondorioz, paradoxa izugarri bat dute emakumeok: alde batetik hlonipha baliatu behar dute euren kulturari eta identitateari atxikitzeko eta, hortaz, direna izaten segitzeko, eta, beste alde batetik, hizkera hori baliatuz, bortxaketa lazgarri baten kontaketa behar lukeenak gertaeraren latza lausotu eta ilundu egiten du, salaketa baliogabetzeraino. Bortxatzaileak ez du zigor bat bera ere jasotzen bere delituagatik eta biktimak bi aldiz ordaintzen du ez dagokion zigorra: bortxaketa bera lehenik eta horren ondotik babesgabe utzi eta doilorki traizionatu duen lege sistemarena, zeina bortxatzailearen konplize ezinbestekoa bihurtzen den. Horri dagokionez —irakurleak pentsatuko du beharbada— nobedade gutxi. Alabaina, berritasuna inon bada, sistema patriarkal hegemonikoa estrategia diskurtsibo berezituetan oinarritzen delako ideian dago: emakumeak darabilen estrategia —hlonipha— sistemaren mendeko bihurtzen du eta gizonek, bortxatzaileak zein poliziak, darabiltena menderatzaile.

      Erraza litzateke guretzat esatea konponbidea hlonipha ez erabiltzean datzala. Horrek mendeko egiten bazaitu, emakume, horretatik aska zaitez. Alabaina, lehen esan dudan bezala, hizkuntza, kultura eta identitatea bat datozenean, hlonipha zokoratzeak norberaren identitatea galtzea ekar dezake eta nork utzi nahi dio ba norbera izateari? Ez da bortxaketa salaketa jarri zuen neska gaztea bere hizkera aldatu behar duena, genero identitatea errespetatzen ez duen lege sistema bidegabe eta asimetrikoa da aldatu behar dena.

 

 

 

[196]  Hiru Truku (Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinez) (1994). Zeanuriko Undurragako aldaera da diskoan kantatzen dena (Prantzie-kortekoa, Manuel Lekuona 1933: 71-74; 1984) —ikus Antonio Zavala (1998: 206-208) ere bai—.

[197]  Joseba A. Lakarra, Koldo Biguri eta Blanca Urgell (1984: 105). Egileok diotenez, gai hori euskal tradizioan ez ezik, gaztelar erromantzeetan zein frantziar tradizioan ere ageri da, nahiz eta azken horretatik hurbilago dagoen lehenetik baino. Jo lan horretara xehetasunetarako. Euskal baladak europar baladekiko konparaziorako, ikus baita Jesús Antonio Cid (2000: 26-32) ere.

[198]  Cidek (2000: 17-22) balada beraren bi eredu bereizten ditu, bata mendebaldekoa (Bizkaikoa eta Gipuzkoako mendebaldekoa) eta bestea Nafarroakoa. Etorri nintzanien Frantzie kortetik hasiera du mendebaldekoak eta Baztan eta Larraungoak, berriz, Agur, agur, ama neuria. Ikus lan hori eredu bien konparazio baterako. Ikus baita lan beraren 14. oin-oharra ere, balada hau aztergai izan duten beste aipamen batzuetarako. Azkenik, balada honen askotariko aldaerak jaso eta iruzkintzen ditu Jabier Kalzakortak (2018: 497-560) bere tesi mardulean.

[199]  Cid (2000: 18-19).

[200]  Ez Undurragako aldaeran, baina bai mendebaldeko beste batzuetan (Ibid., 20). Munitibarrekoan, esate baterako, madarikazioak badu berritasunik, Kalzakortaren esanetan (2018: 535), muskerra ohean ez, ez bada ahoan sartzeko desira adierazten delako: Agur, Bizkaiko seme, / amagiñarreba / auen musker andi bet / sartuko ialkana. Egile honek gaineratzen duenez, amaginarrebari lotsagabeki hika hitz egiten dioiakana hitanozko forman al aditzaren erdian txertatu ote den susmoa agertzen du—.

[201]  Dos tipos de temas se repiten obsesivamente: [...] y los malos tratos (que llegan en ocasiones al uxoricidio) infligidos por hidalgüelos despóticos a sus esposas (Juaristi 1989: 12). Juaristik gaineratzen du gai horietatik aldentzen diren baladak geroagokoak direla, zehazki, xviii eta xix. mendeetakoak.

[202]  Neregatik espada ere / barnekuagatik. / —Ik barrenian zer dun onbor zar bat baizik? —Onbor zar balin badut egonek emana tuk, / onbor zar balin badut egonek emana tuk (Baztango Gartzainen jasoa). Barruan daraman haurra enbor zahartzat hartzen du senarrak eta Frantziako andereak indarrez erantzuten dio, enbor zaharra baldin badu, hori senarrak eman diola. Ikus Kalzakorta (2018: 499-500), enbor hitzaren inguruko xehetasun interesgarrietarako.

[203]  Halaxe dio Cidek (2000: 32): Creo indudable que en estas baladas se reflexiona sobre la posibilidad o la imposibilidad de la exogamia, y que los oyentes o transmisores se identifican “catárticamente”, mediante la compasión, con la parte más débil, la exógama, que sufre muerte o violencia extrema e injusta.

[204]  Ezkonsaria izan daitekeela dio Cidek (2000: 19).

[205]  Horri dagokionez, Jon Kortazarrek (1982: 104) indar arrazionalarekin lotzen du Juanita, amaginarrebaren indar irrazionalarekin tirabiran.

[206]  Yvonne Treis (2005: 294).

[207]  Ibid., 313.

[208]  Ibid., 302-308.

[209]  Anbessa Teferra (1987: 52-53).

[210]  Joseba Sarrionandiaren (1981) aspaldiko poema liburuaren izenburuaren zati bat lapurtuz.

[211]  Sesothoera da basotho izeneko herritarrek Lesothon eta Hegoafrikan hitz egiten duten hizkuntza bantu bat.

[212]  Hlonipha amaginarrebaren hizkuntzei oro har ematen zaizkien definizioei lotzen zaie. Hitz horren definiziorako, ikus, besteak beste, Rosalie Finlayson (2009).

[213]  Puleng Thethela (2002).

[214]  Ibid., 183.

[215]  Ibid., 183-184.