Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3.
HITZ ZANTARRAK
NOREN AHOTAN?
Hizkuntzalaritzan aspaldiko lanetatik datorkigu emakumeek eta gizonek birao eta madarikazioen aurrean ezberdin jokatzen dutelako ustea. Iritzi horretakoa da, adibidez, Otto Jespersen[162], zeinak duela mende bat jada zioen: Ez dago zalantzarik, hala ere, herrialde guztietako emakumeak lotsatu egiten direla aipatu behar dituztenean giza gorputzaren atal batzuk eta funtzio natural batzuk, deitura zuzen eta zakarrak baliatuz, zeinak gizonek, batez ere gazteek, euren artean ari direnean nahiago dituzten. Eta geroago: Uste dut birao egitea ohikoa den herrialde eta inguruetan askozaz ere sarriago aurkitzen dela gizonen artean emakumeen artean baino[163]. Jespersenek seguruenik ez zuen inoiz Arranondo zapaldu, hori ere bai.
Beste alde batetik, Robin Lakoffek dio emakumeak hizketan kortesagoak eta adeitsuagoak direla gizonak baino, eurengandik moraltasuna eta jendetasuna espero delako, hots, ez argotik ez biraorik ez hitz zantarrik emakumeen ahotan[164]. Eta gaineratzen du ezen emakumeek, gizonek ez bezala, finezia erakusten dutela hizketan: emakumeek ez dute erabiltzen esamolde zantarrik edo lizunik; emakumeak eufemismoetan adituak dira[165].
Eufemismo hitza lehen kapituluan izan dut aipagai Salomonen istorioko lilitxoak aztertu ditudanean. Eufemismoak tabu hitzen kontrako antidotoak dira: debekua tarteko, tabu hitzak printzipioz saihestea eta, hortaz, ez erabiltzea espero denez, orduan eufemismoez ordezkatzen ditu hiztunak. Adibidez, tabu hitzez ari garela, prostituta edo puta hitz mailegatuen ordez, emagaldu ere erabili izan da euskaraz. Hitz hori dela eta, tabu hitza bera ere, Iñigo Aranbarrik aspaldiko prentsa artikulu batean[166] gogoeta egiten zuen esanez: non galdu da emakume hori ez bada Eliza Ama Santu Katoliko Apostoliko eta Erromakoaren begietara, eta esanahi moral, ideologiko batez beti ere? Tabu hitzak tabu erlijioso eta ideologikoa bera adierazten du, ikusten denez; hitza eragozten duen tabua hitzez kanpokoa da beraz. Hiru tabu hitz horien ordez (prostituta, puta eta emagaldu), euskaraz dagoeneko aipatu ditudan lilitxoak ez ezik, mari-bideetako bezalako eufemismoak baliatu izan dira eta baliatzen dira oraindik ere, hala nola, Kirikiñoren ondoko adibidean jasotzen dena: Ez apacheak bakarrik, Maria-bideetako guztiak be uxatu ditue handik[167]. Maria-bideetako eufemismoak prostituta tabu hitza ordezkatzen du adibide horretan. Ez da adibideko eufemismo bakarra; apachea bera ere proxeneta tabu hitzaren ordezko eufemismotzat hartu beharra dago. Mari-bideetako gaur egungo prosan ere aurki daiteke; aldiz, apatxe hitza ez dirudi eufemismo gisa zabaldu denik, bakana dirudi agerraldiak. Beste alde batetik, lepazuri edo maripurtzil ere badaude han eta hemen jasoak[168]. Guztiak eufemismoak direla esango nuke. Lepazuri izatez isats luzeko ugaztun baten izena da, Martes foina izen teknikoa duena, eta lilitxo, hots, lili, lore hitzaren sinonimoa -txo/-tto txikigarri edo diminutiboa daramala —Salomonen aurrera joandako emakume erditu berriez gogoratzen?—. Aproposak dirudite batak zein besteak arbuioa sortzen duten tabu hitzak ordezkatzeko.
Gatozen, baina, harira. Tramana eta Brixen elkarrizketa gaziak eta Despentesen testua irakurrita, ez dirudi Lakoffek emakumeen jardun linguistikoaz dioena betetzen denik —hots, hitz zantar edo lizunik ez eta horren ordez eufemismoak emakumeen hizkeran—. Beharbada ñabardura bat gaineratu beharko zion baieztapenari, hots, beheko klase sozialekoak ez diren emakumeez ari zela, zeren Tramana eta Brix bezalako arrain saltzaileekin eta, oro har, beheko klase sozialeko emakumeekin, broma gutxi eta eufemismo gutxiago. Beste alde batetik, denbora ere ez da gakoa, hau da, ezin dugu pentsatu garai batean erabiltzen ez zena gerora erabiltzen hasi zela, Agirreren testua Lakoffena baino lehenagokoa da-eta. Dena dela, denboraren iragateak tabu hitzen gaineko pertzepzioa aldarazten du, kasu batzuetan tabu hitz zaharren garai bateko inpaktu handia ia desagertzeraino ahulduz. Esate baterako, geldi egon zaitez, Jainkoarren! erregutzen dugunean, ez dut uste inork pentsatuko duenik jainkoaren izena alferrik erabiltzen ari garenik eta, ondorioz, Hamar Aginduetako bigarrena —bigarrena al zen?— (tabu bat alegia) urratzen. Tabu hitz zaharrak ez gaitu hunkitzen garai batean beste norbait, Agirre beharbada, hunki zezakeen bezala, besteak beste, erlijiozko tabu hori, garai batean —eta ez oso aspaldi— existitzen zena, jada existitzen ez delako —edo ez behintzat jende gehienarentzat—. Izatez, Jainkoarren harridurazko perpaus batean iharturik dagoen forma bat besterik ez da gaur egun, interjekzio bat alegia. Bide batez, Tramanak eta Brixek ez dute erlijiozko tabu bat bera ere erabiltzen: Agirrek kendu zizkien gatz garauetakoak dira horiek, edo, metaforak alde batera eta zuzen eta artez esanda, zentsuratu zituenetakoak, dudarik ez daukat. Bestalde, gure bi arrain saltzaile faboritoen ahotan entzuten ditugun tabu hitzek ez dute gure barrena asaldatzen Despentesen hitzek beste: inori zorritsu, txarri edo zikin deitzeak tira, badu bere zera baita gaur egungo euskaldunontzat ere, baina hitzok ez gaituzte aztoratzen, urdanga edo alu tabu hitzek aztora gaitzaketen beste. Horretan, nik esango nuke sexua dela gakoa: oraindik ere tabu handi bat da, ez beharbada Agirreren garaian bezain handia, baina handia oraindik ere: Tramana eta Brixen hizketaldian, popandi hitza da sexuarekin zerikusia duen tabu hitz bakarra; Despentesenean gehien-gehienak. Hortaz, gizartearen bilakabidea antzeman daiteke hitzen eta zehazki tabu hitzen bilakaerarekin batera: gizartea aldatuz doan heinean, (tabu) hitzak ere aldatu egiten dira.
Orobat, tabu hitza gorde daitekeen arren, erabilera bera alda daiteke, hau da, nork erabiltzen ote duen, non, noiz eta norekin. Lakoffek eta lehenago Jespersenek euren garaiko (ustezko) hizkerez ziharduten, ez gerora etorriko zenaz. Nolanahi ere den, Lakoffena bezalako baieztapenak zalantzatan jarri dituzte ondoko egile askok baita haren garaiko hizkerari dagokionez ere. Kontua ez dirudi denik gizonek hitz zantarrak —edo Frai Bartolome markinarrak esango lukeen legez, berba dongak— sarriago erabiltzea emakumeek baino, ez bada Tony McEneryk[169], beste batzuen artean, adierazi duen bezala, zein testuingurutan erabiltzen diren eta zein entzuleren aurrean, alderdi horietara begira, maiztasuna aldatzen baita sexua edozein dela. Jennifer Coatesek[170], adibidez, dio gizonek zein emakumeek sarriago madarikatzen dutela sexu berekoen taldeetan; talde mistoetan, aldiz, beherakada ikaragarria jasaten duela biraoen erabilerak batez ere gizonezkoen artean. Eta horrek esan nahi du —Lakoffek lehenago adierazitakoaren kontra—, emakumeek zein gizonek erabiltzen dituztela tabu hitzak munduaren alde honetan behintzat.
Hori bai, ñabardura batez bereizi beharra dago emakumeen eta gizonen jokabidea tabu hitzei dagokienez: McEneryren esanetan, gizonezkoek erabiltzen dituzten tabu hitzak iraingarriagoak, gogorragoak dira emakumeek erabiltzen dituztenak baino[171] eta iraingarritasun eskala baten arabera sailkatzen ditu ingelesezkoak[172]. Euskaraz, nik dakidala, inork ez ditu tabu hitzak halako ezeren arabera sailkatu, baina nire iraingarritasun eskala partikularrean (Agirreren eskala bera ez dena, esan gabe doa), oso arinen artean jarriko nituzke nik: kaka, kokolo, jesus, memela, pottotta, pitilin, txarri, urde eta zikin; arinen artean, berriz: andra maria, babo, ergel, ipurtandi, popa, popandi, saskil eta zorritsu; erdibidekoek sortzen dizkidate niri zalantzarik handienak: alu, arraio, buztan, madarikatu, pikutara joan, potrohandi, sarketa, ugerdo adibidez? Eta, harrigarria lirudikeen arren, gogorretik oso gogorrerakoak lirateke niretzat, bederen, ugarienak —harrigarria diot “biraorik ez badugu”—. Gogorren artean sailkatuko nituzke beharbada: astapotro, larrutan egin, potroak, potrojorran, potrotaraino egon/eduki, txortan egin... eta oso gogorren artean, berriz: popatik hartzera joan, urdanga, alu zikin, motxinbero, sasikume, putakume... Ikusi behar (euskal) iraingarritasun eskala batean, gizonezkoek erabiltzen ote dituzten gogor edo oso gogorren arteko gehienak eta emakumeek alderantziz. Bien bitartean, inongo zalantzarik gabe esan dezakedana da emakumeek ere madarikatzen dutela, Tramana eta Brixetik hasi eta Despenteseraino. Neuk ere bai, zer esango dizuet? Besterik da non, norekin eta nola.
[162] There is no doubt, however, that women in all countries are shy of mentioning certain parts of the human body and certain natural functions by the direct and often rude denominations which men, and especially young men, prefer when among themselves. (Otto Jespersen 1922: 245).
[163] [...] I think that in those countries and in those circles in which swearing is common it is found much more extensively among men than among women (Jespersen 1922: 246-247).
[164] No slang, no swear words, no off-color remarks (Robin Lakoff 1975: 52).
[165] Women don’t use off-color or indelicate expressions; women are the experts at euphemism (Ibid., 55).
[166] Iñigo Aranbarri (2006).
[167] Xabier Altzibar, In Lourdes Otaegi (koord.) (2008) lanean. Ikus baita ere Orotariko Euskal Hiztegia eta Egungo Euskararen Hiztegia.
[168] Zaila da jakitea zenbateraino erabiltzen ote diren halakoak gaur egun. Lepazuri adibidez, Orotariko Euskal Hiztegian jasota dago adiera honetan (lepatxuritara juango uen), Aranbarriren (2006) testuan ere aurkitu dugu eta Jijaua Hiztegian, baina ez, aldiz, Egungo Euskararen Hiztegian. Lilitxo eta maripurtzil, azkenik, Orotarikoan, Labayru Hiztegian edo Jijaua Hiztegian jasota daude. Orotarikoak lilitxo hitzaz jasotzen dituen agerraldi guztiak Duvoisinenak dira —ikus 1.4 atala— .
[169] Tony McEnery (2005: 29-30). Ikus baita ere Jennifer Coates (2013 [2004]: 13-15; 97).
[170] Coates (2013 [2004]: 97-98).
[171] Ikus baita ere Timothy Jay (1996).
[172] McEneryk (2005: 30) iraingarritasun eskala hori egiteko, bi iturri nagusi baliatu zituen, batetik, Andrea Milwood-Hargraveren (2000) lana eta bestetik, British Board of Film Classification “Filmak Sailkatzeko Britainiar Kontseilua” delakoaren eskala.