Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
2.2.
EMAKUMEAK ETA GIZONAK
ELKARRIZKETAN:
EZ HORREN BERDINAK
Hizkuntzari begiratzeko askotariko ikuspuntuak daude. Hizkuntzaren egiturari begiratu dakioke, generoaz ari ginela begiratu diogun bezala. Alabaina, hizkuntza ez da egitura soila; hizkuntza erabili egiten da eta, hortaz, pertsonen arteko elkarrekintzan ere azter daiteke, hala nola, elkarrizketetan.
Elkarrizketan ari garela, bertan engaiatzen diren bi pertsona behar dira gutxienez. Batek abiarazten du gaia, besteak jarraitzen dio eta halaxe, txandaz txanda heldu gaitezke elkarrizketa izatera. Pamela M. Fishmanek[120] aspaldi ekin zion emakumeek eta gizonek elkarrizketetan duten jokabidea aztertzeari. Datuak erdiesteko, hiru bikote heterosexualen elkarrizketa intimoak grabatu zituen berrogeita hamabi orduz —grabagailuak bikoteen etxeetan jarri zituzten—. Parte hartzaile guztiak zuriak ziren, hogeita bost eta hogeita hamabost urte bitartekoak eta lanbidea zutenak. Emakumeek feministatzat jotzen zuten euren burua eta gizonezkoek emakumeen mugimenduarekin sinpatia erakusten zuten.
Fishmanek grabazio haietatik ateratako emaitzen arabera, sexu berezitasunak daude hizketan. Dioenez, elkarrizketak problematikoagoak dira emakumeentzat, gogor lan egin behar dutelako gerta daitezen; gizonentzat, aldiz, hizketa ez da horren problematikoa, noiz eta nola gertatuko den kontrolatzen dutelako. Hala dela baieztatzeko zenbait erakusgarri linguistikotan oinarritu zen Fishman. Lehenik eta behin, emakumeen eta gizonen jardun linguistikoa konparatuz gero, emakumeek askozaz ere galdera gehiago egiten dituzte gizonek baino, zehazki, bi aldi eta erdiz gehiago. Egileak dioenez, emakumeok gizonek baino galdera gehiago egiteak zerikusia du galderek elkarrekintzan duten ahalmen handiarekin. Izan ere, galdera bat egiteak beti dakar mintzakidearen ondoko erantzuna —erantzunik ematen ez duena nabarmen geldituko bailitzateke—. Galdera bat eginez gero, badakigu elkarrizketak gutxienez bi atal izango dituela: galdera eta erantzuna. Hortaz, gutxieneko elkarrekintza dakar galdera batek, erantzuna bera ziurtatzen duen heinean. Fishmanek dio datutegiko emaitzak aztertu eta gero konturatu zela berari ere, iruzkinen bat egin nahi duenean, nahi gabe galdera ateratzen zaiola; saiatu saiatzen dela galdera saihesten, baina nekez ateratzen zaiola bere ordez adierazpen bat. Horren arrazoia izan daiteke, bere ustez, galdera eginez gero ziurtatzen duela erantzuna jasoko duela, batzuetan adierazpen hutsa eginez, ez duelako mintzakidearen aldetik inolako erantzunik jasotzen eta elkarrekintzak, ondorioz, huts egiten duelako.
Bigarrenez, badakizu zer? (ingelesez, d’ya know what?) gisako galderak aipatzen ditu Fishmanek. Galdera mota bat denez, lehen azaldu dudan bezala, erantzuna eskatzen du, baina erantzuna, aldi berean, galdera ere bada, zeren inork badakizu zer?, badakizu gauza bat? galdetuz gero, mintzakideak zer? erantzutea espero dugu, galdera biltzen duen erantzun bat alegia. Fishmanek nagusien hizketaldian aztertzen dituen gisa honetako galderak umeen hizkeran aurkitu eta aztertu ditu Harvey Sacksek lehenago[121]. Sacksen esanetan, hiru bat urteko ume batzuek elkarrizketa bati hasiera emateko ia modu unibertsal bat dute, alegia, halako galderak egitea (you know what, Daddy/Mommy? “badakizu zer, aita/ama?”). Galdera horien bitartez, umeek ez dute bakarrik ziurtatzen beren galderak erantzunean izango duela segida, horrezaz gain, nagusien aurrean hitz egiteko eskubidea ere badutela ziurta dezakete. Emakumeen eta gizonen arteko elkarrizketara itzuliz, halako galderek erantzun nahia erakusteaz gain, elkarrizketan parte hartzen duten mintzakideen arteko eskubide bereziak azaltzen dituzte. Galdera egiten duenak hitz egin dezakeela ziurtatu nahian egiten du, mintzakidearen baimena jasoaz. Gisa honetako galderak bi aldiz sarriago erabili zituzten emakumeek gizonek baino Fishmanen datutegian.
Hirugarrenez, atentzioa emateko hasierak daude. Fishmanek dio hau interesgarria da bezalako eta antzeko esaldiak mintzakidearen atentzioa emateko hasierak direla, eta halakoen bitartez hiztunak erakusten duela ez dagoela seguru mintzakideak garrantzi bera emango ote dion hizketagaiari. Izatez, halako hasierez hiztunak adierazten duena da kasu egiozu esan behar dudanari; ez nago seguru hala egingo ote duzun. Emakumeek bi aldiz gehiago erabili zituzten atentzioa emateko hasierak gizonek baino.
Laugarrenez, gutxieneko erantzunak daude. Halakoak dira norberak txanda hartzen duenean, esaten dituen bai eta umm bezalako erantzun txikiak. Fishmanek dioenez emakume zein gizonek ematen dituzte gutxieneko erantzunak, baina ez modu berean. Gizonezkoen kasuan, interes falta erakusten dute; txandaren betegarriak baino ez dira, ez emakumeak esandakoarekin segitzera animatzen dutenak. Emakumeen kasuan, berriz, gutxieneko erantzunek kontrakoa erakusten dute: laguntza edo sostengu lana da. Emakumeek ez dute itxaroten gizonaren txanda amaitu arte halako erantzunak emateko: gizonak hizketan ari direla tartekatzen dituzte, euren atentzioa, interesa eta partaidetza erakutsiz horrela.
Bosgarren eta azkenik, adierazpenak egiteari begiratzen dio Fishmanek. Norbaitek zerbait adierazten duenean, ez dago elkarrekintzaren arrakasta ziurtatuko duen ezer. Hala eta guztiz ere, hiztunak asumitzen du adierazpenak arrakasta edukiko duela eta elkarrizketan dena behar bezala doala, beraz. Fishmanen datutegian gizonek emakumeek baino bi aldiz adierazpen gehiago egin zituzten, eta ia beti erdietsi zuten emakumeen erantzuna; ezin daiteke hori bera esan, baina, emakumeek jasotako erantzunez.
Laburbilduz, datuok erakusten dute emakumeek eta gizonek ez dutela lan bera egiten elkarrizketan ari direla; engaiamendu handiagoa dutela emakumeek gizonek baino, hori oharkabean pasa daitekeen arren.
[120] Pamela M. Fishman (1983).
[121] Harvey Sacks (1972: 342-344).