Ariadnaren haria
Ariadnaren haria
Beatriz Fernández
marrazkiak: Jon Otxoantezana
2025, saiakera
144 orrialde
978-84-19570-38-3
editorea: Jule Goikoetxea
Beatriz Fernández
1964, Portugalete
 
 

 

Hitzaurrea

 

 

      Hizkuntza labirinto bat da. Ez da labirinto klasiko bat, bide bakarra duena, eta sarreratik bertatik irteten uzten dizuna; hizkuntzaren labirintoak askotariko bideak ditu, bidezidor estuak, gelaxkak, igarobide ezkutuak eta patio hertsi samarrak. Nahas-mahasa da labirintoa, euskaraz inoiz deitu zaion bezala, eta bide bati ekiten zaion bakoitzean, irteerara eramango ote zaituen ezin jakin.

      Hizkuntzaren labirintoan sartzea, gainera, arriskutsua da. Galdera itxuraz xumeek hartaratzen zaituzte, sexuari eta generoari buruzkoek oraingo honetan, baina behin nahas-masaren atarian zaudela, jakin-minak barrura bultzatzen zaitu indarrez eta atzera begiratzeko imintziorik ere egin gabe, aurrera zoaz, misterioa argitzeko ase ezinezko grinarekin. Konturatu gabe, erlojuak bigundu egiten dira, Salvador Dalirenak bezala, eta ez dago jada ez gau argirik ez egun ilunik, ez otordurik ez atsedenik; labirintoaren bidexka sarean harrapatuta, halabeharrari jarraitzen diozu bide itsu eta karraju gordeetan zehar. Barru-barrura zoaz, barruaren barruraino, burua argitu nahian, balizko erantzunaren bila, han nonbait pasabide bihurriren batean aurkituko duzulako itxaropen itsuarekin. Minotauroa zain dago baina, eta bere arnasa aditu uste duzu haize-bolada batekin batera. Beldurra beste lilura sortzen dizu gizonezkoa den gorputz sendoko eta sorbalda zabaleko munstroak, batez ere zure pauso ikaratia sentituaz batera bat-batean jiratzean nabaritzen zaizkion gihar zehatzetan sustraitzen den zezen buru tenteak. Eta izu kosmikoa eragiten dizu basatza koloreko bere begiratu presoak, zugan pausatzen denean.

      Dena dela, ihesbiderik ere bada. Ariadnak haria jarriko dizu eskura labirintora sartu aurretik. Lihozkoa da, hari sendo, apurtezina, eta gorri kolorekoa, ikusgarria. Hari mutur bat labirintoaren atera lotu, eta harila jira-bueltaka lurretik askatuz doan neurrian, beste hari muturrari eustea baino ez duzu. Beldurrik gabe aurrera egin dezakezu, beraz, hari gorriak erakutsiko dizu-eta atzerako bidea, labirintotik onik irten zaitezen.

      Lihozko hiru hari gorri ditu liburu honek, kapitulu bana ardazten dutenak. Lehen kapituluan, Katalina Erauso eta genero (gramatikalaren) gatazka izenekoan, genero gramatikala duten hizkuntzetan, hala nola erromanikoetan antzeman eta salatu izan den genero arrakala aztertuko dut. Hizkuntza horietan, gaztelaniaz esate baterako, maskulinoa genero ezmarkatua denez eta, hortaz, erreferentea gizona edo emakumea den ez dakigunean baliatzen denez, emakumea ikusezin bihurtzen du nolabait genero maskulinoaren itzalak. Hori saihesteko zenbait konponbide proposatu eta baliatu izan dira, kapituluan zehar eztabaidatuko dudanez. Horrezaz gain, euskarak izenak sailkatzeko genero gramatikalik ez badu ere, genero aztarnak dituen hizkuntza dela ikusiko dugu. Horien artean adierazpiderik garbiena —eta tipologikoki bitxiena— hitanoa da, hots, emakumeekin eta gizonekin baliatzen den lagunarteko tratamendua, noka eta toka, hurrenez hurren. Kapituluan zehar, nokaren historian zeharreko bidaia bat egingo dugu xvi. mendetik xxi. mendeko gainbeheraraino, zenbait emakumeren (eta gizonen) eskutik. Azkenik, noka eta toka tratamendu bitarraren aurrean euskaldun ez-bitarrek zein hautu egiten duten ere mintzagai izango dugu.

      Bigarren hari gorriak Etxeko aingerua hil izeneko kapitulura eramango gaitu. Bertan emakumeek eta gizonek elkarrizketan dihardutela nola jokatzen duten aztertuko dugu. Ikusiko dugunez, batzuek eta besteek hizkuntza bera partekatzeak ez dakar, ondorioz, elkarrizketan jokabide linguistiko bera izatea. Izatez jokabide asimetriko samarra dute zenbait alderdiri dagokienez. Beste alde batetik, hizketan ari garela, ahots bakarrarekin hitz egin dezakegu, ohi dugun bezala, edo bestela ahots bitasunaz balia gaitezke hizketaldira beste ahots bat ekarriz. Esate baterako, irakasleok gure ikasleen ahotsa entzunarazten dugu esaten dugunean: bai, badakit gai hau ez dela ulertzen erraza... Ez da berez guk gaiari irizten dioguna —gure ahotsa—, ikasleek (ustez) irizten diotena baino —besteen ahotsa—. Bada, ahots bitasunean genero arrakala nabarmena antzeman daitekeela erakutsiko dut, emakumeak orokorrean horretaz jabetzen ez diren arren. Bestelako gaiak jorratuko ditugu bigarren kapitulu honetan zehar, hala nola, ea, esan izan den bezala, emakumeak berba-lapiko batzuk diren edo, oso bestela, gizonezkoak ote diren soinu espazioa bete eta menderatzen dutenak, eta menderatuz gero, nola.

      Tabu hitzak, alegia, zatarkeriak, irainak, madarikazioak arakatuko ditut Izena, izana, ezina Berri Txarraken kantuaren[1] deitura bera duen hirugarren kapituluan. Behin eta berriz inausi digute hitza / debekuaren artaziekin dio talde mitikoaren kantak, eta horixe da, hain zuzen, tabu hitzekin gertatu ohi dena, debekuak inausten dizkigula. Zeren ez dira beste edozein hitz bezalakoak, eguneroko bizitzaren joan-etorrien erritualean engaiaturik gaudela edo, oso bestela, patxada ederrean azkenean geldi edo bihozmin existentzialean abaildurik, belarri batetik sartu eta bestetik irteten zaizkigun hitzetakoak, hitz arruntak, hitz ahazgarriak. Ez, garunean astindu elektrikoa sentiarazten digute eta bihotza kuzkurtzen; hunkitzen gaituzte, aztoratzen gaituzte, lotsatu ere bai, eta gainerako hitzen antzera, zenbait soinu bata bestearekin kateatuz sortzen badira ere, gure kontra bete-betean talka egiten dute, soinuarekin batera gure hunkidura oihartzunduz.

      Ariadnaren hari gorri horri tiraka, labirintoko korridoreetan zehar goazela, emakumeek ere madarikatzen ote duten aztertuko dugu —gizonek ez bezala, madarikatzen ez dutela esan izan delako—. Eta hala bada, zeintzuek madarikatzen duten. Mendebaldeko klase sozial ertaineko emakume zuriek? Beheko klase sozialekoek? Edo eufemismoetara jotzen duten arakatuko dugu, hau da, tabu hitzen ordain onargarri eta kaltegabeak nahiago ote dituzten, inoren belarririk ez mintzeko. Orobat, labirintoaren geletako batean irainen berjabetzeaz gogoeta egingo dugu, alegia, talde baztertu eta umiliatu batzuetako hiztunek jaso izan duten irainaren esanahia irauli eta berenganatzea. Aurrerago, mendebaldekoontzat beharbada harrigarriak eta ulertzen zailak diren tabu hitzez ere mintzatuko gara eta hitzok saihesteko Australiako edo Afrikako herri batzuetan baliatzen dituzten amaginarrebaren hizkuntzez.

      Hasierako izkribua liburu bihurtu arte, nahas-mahasetik atera naute etxekoek, lagun hurkoek eta unibertsitateko adiskideek. Nire erretolika luzeak isilik eta pazientziaz aditu arren, eztabaidetan gogotsu engaiatu zaizkit Miquel Vilella, Jon Otxoantezana —letrak irudi bihurtu dituena— eta Iraitz Gallego. Lehen izkribua irakurri zuten Bego Galdeanok eta Iratxe Labajok. Itziar Lakak testu haren barruko artilea jo eta harrotu zuen koltxoia bailitzan, eta labirintoan zeharko bide berriak esploratzera bultzatu ninduen. Bigarren izkribu osoa irakurri eta iruzkindu zuten ondoren Itxaro Bordak eta Ane Berrok, eta hitanoari buruzko atala Beñat Muguruzak eta Garbiñe Bereziartuak.

      Beste alde batetik, badira izkribua sortu, osatu, zuzendu eta berridazterakoan, nire galderei eta eskeei berehala eta musu-truk erantzun dieten lagunak, hala nola, Jose Ignazio Ansorena, Iñaki Astoreka, Zelai Nikolas, Juan Angel eta Lur Otxoantezana, Jara Tubet eta Kepa Yecora. Gainerakoan, aspaldi argitaratutako lan aurkiezinak, prentsa artikulu zahar eskaneatu berriak, hitzaldi eta lan argitaragabeak, denetariko argibideak, gogoetak eta jakintza bera partekatu dute nirekin unibertsitateko beste adiskide askok: Itziar Aduriz, Xabier Alberdi, Miren Arantzeta, Miren Azkarate, Kristina Bilbao, Leire Diaz de Gereñu, Gatx/Garazi Eizagirre, Cecilia Fernández, Jabier Kalzakorta, Jon Kortazar, Onintza Legorburu, Julen Manterola, Ane Odria, Mari Jose Olaziregi, Aner Peritz, Iñigo Ruiz Arzalluz eta Blanca Urgell.

      Azkenik, Jule Goikoetxea editorea izan dut bidelagun hasieran egitasmo bat besterik ez zenari Lisipe bilduman aterpe eman zionetik honainoko bidean.

      Eurengatik guztiengatik ez balitz, Ariadnak ez leukake haririk. Eskerrik asko bihotzez.

      Esan gabe doa guztiei zordun natzaien arren, ni baino ez naizela liburuaren erantzule.

      Lan honek Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du IT1439-22 ikerketa proiektuari esker eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateko Ministerioarena PID-2023-147383NB-I00 ikerketa proiektuaren bitartez.

 

 

 

    [1]  Berri Txarrak (2003).