Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
2.1.
HIL EZ BANU, HILKO NINDUKEEN
1931n Virginia Woolfek Professions for Women “Emakumeentzako ogibideak” izeneko hitzaldia eman zuen Emakumeen Zerbitzu Ligaren aurrean, gerora saiakera gisa argitaratu zena. Bertan Woolfek bere ogibideaz hitz egiten zuen, literaturaz alegia, eta ez dirudi, bere hitzak adituz behintzat, zailegia denik idaztea. Oztopo gutxi aurkitu omen zuen bidean, hori dio. Imajina ezazue neskato bat gela batean idazluma bat eskuan duela. Egin behar duen gauza bakarra da idazluma ezkerretik eskumara mugitzea —goizeko hamarretatik ordu batera—[114]. Idatzitako orrialde apurrak kartazal batean sartu, zigilua jarri eta postaz bidaliz egin zen kazetari Woolf, eta editorearen gutunarekin batera lehenengoz jaso zituen libera bat eta hamasei txelinekin, ogia eta gurina erosi edo errenta ordaindu beharrean, katu pertsiar bat erosi zuen. Horixe bada idazlearen ogibidea, ez dirudi, ez, zailegia denik[115]. Alabaina, erronkarik ez zen falta zeregin hartan, mamu batekin borrokatu beharko zuela konturatu baitzen berehala idazlea. Mamua emakume bat zen eta, Woolf idazten ari zela, beraren eta paperaren artean tartekatzen zitzaion. Mamua ezagutzen hasi zenean, etxeko aingerua deitu zion, poema ezagun bateko heroi (edo humantesa) bat gogoan[116]. Honelaxe deskribatzen du Woolfek etxeko aingerua:
Ikaragarri ulerkorra zen. Izugarri atsegina. Guztiz eskuzabala zen. Familia bizitzaren arte zailetan nabarmentzen zen. Bere burua sakrifikatzen zuen egunero. Oilasko bat bazegoen, hanka hartzen zuen; haize korronterik bazegoen, bertan esertzen zen —laburbilduz, bera egina zegoen inoiz berezko gogorik eta nahirik ez izateko, horren ordez nahiago zuen besteon gogo eta nahiekin sinpatizatzea—[117].
Eta etxeko aingeruak Woolfen belarrira xuxurlatzen zion: atsegina izan; samurra izan; lausengatu; engainatu; erabil itzazu zure sexuaren arte eta amarru guztiak; ez utzi inori igartzen berezko gogoa duzula; edozeren gainetik, garbia izan zaitez[118]. Azkenerako, etxeko aingerua hil egin behar izan zuen idazleak. Hil ez banu, hilko nindukeen, dio.
Ia mende bat igaro da Virginia Woolfek hitzaldi hura eman zuenetik. Hara non idazlea izateko eragozpen handirik izan ez zuen emakume berak etxeko aingerua hil behar izan zuen idazten segituko bazuen. Gehiegi izango da beharbada pentsatzea etxean oraindik ere aingeru bat dugula (Mendebaldeko) emakumeok, idazle direnek zein ez direnek, baina begiratu aingeruaren deskribapenari eta aditu idazleari xuxurlatzen ziona. Emakumeetatik zeinek ez du oraindik ere noiz edo noiz etxeko aingeruaren ahotsik aditu? Nor ez da ibili ahots hori isildu nahi eta ezinean? Eta, hala ere, emakumeetatik zenbatek heldu diote eztarritik etxeko aingeruari eta azkenean akabatu, Woolfek egin zuen bezala?
Nago asko direla, asko garela etxeko aingeruaren ahotsa oraindik ere isildu behar dugun emakumeok eta, zeresanik ez, aingerua hil. Eta txarrena da idazleak haren existentziaz ohartarazi gintuenetik ia ehun urte igaro diren arren, konturatu ere ez garela egiten mamu horrek oraindik ere belarrira xuxurlatzen digula emakumeoi idazten zein hitz egiten dugunean[119].
[114] You have only got to figure to yourselves a girl in a bedroom with a pen in her hand. She had only to move that pen from left to right —from ten o’clock to one (Virginia Woolf 2011: 359).
[115] Baina irakur bedi Joanna Russen (1983) liburu aparta jakiteko zein diren emakumeen idatziak gutxietsi eta isilarazteko erabili izan diren metodoak, hala nola, debekua, egiletasunaren ukazioa (ez zuen berak idatzi), egiletasunaren kutsatzea (idatzi zuen, baina ez zuen idatzi behar; ez da artea), edukiaren estandar bitarra (begira zertaz idatzi zuen: logelaz, sukaldeaz, familiaz...) eta bakartzea (hori baino ez zuen idatzi), beste batzuen artean.
[116] Poemak izenburu hori du hain zuzen: The Angel in the House “Etxeko aingerua” eta Coventry Patmorek idatzi zuen xix. mendearen erdialdean bere emaztearengan inspiratuz. Victoriar garaiko klase ertaineko emakume baten irudi ideializatua da poeman ageri dena.
[117] She was intensely sympathetic. She was inmensely charming. She was utterly unselfish. She excelled in the difficult arts of family life. She sacrificed herself daily. If there was chicken, she took the leg; if there was a draught she sat in it —in short she was so constituted that she never had a mind or a wish of her own, but preferred to sympathize always with the minds and wishes of others (Woolf 2011: 361).
[118] Be sympathetic; be tender; flatter; deceive; use all the arts and wiles of our sex. Never let anybody guess that you have a mind of your own. Above all, be pure (Ibid.).
[119] Aingeruaren bilakaera historikoaren azterketa zorrotz baterako, ikus Lina Meruane (2018: 61-83).